Alan Griffin. Musikaria, Aintzina taldeko burua

«Euskal Herrian musika funtzionalagoa da, musika bakoitzak bere lekua dauka»

Aintzina taldeko buru gisa, 'Kosinatik kanberala' bigarren diskoa kaleratu berri du Irlandan jaiotako musikariak; euskal doinu eta kantu tradizionalen ikerketan dihardu buru-belarri azken boladan.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Astigarraga
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Egunero jotzen du alboka, flauta edo whistle-a Alan Griffinek (Ennis, Irlanda, 1952); «ez denak batera, baizik eta ziklikoki». Zenbat haize instrumentu jo ditzakeen galdetuta, haren erantzuna: «Ez daukat ideiarik ere, baina ziur aski bakar bat ere ez ondo». Aintzinak, hark gidatzen duen taldeak, bigarren diskoa kaleratu berri du: Kosinatik kanberala (Aztarna).Beste bizpahiru diskotarako materiala ere badute. Baina une honetan ordu gehienak euskal kantu tradizionalen ikerketari eskaintzen dizkio. «Hemendik denbora batera, bildutako informazioa atera nahi nuke. Ez dakit zein formatutan, liburu baterako material gehiegi daukat-eta, baina atari digital bat izan liteke». Alboka eta Aintzina taldeetako sorburu izateaz gain, hainbat kolaborazio egin ditu azken hogeitaka urteetan; Astigarragan (Gipuzkoa) bizi da irlandarra, eta euskal musika tradizionala inor gutxik bezala ezagutzen du. Etxeko sukaldean hartu gaitu.

Zenbateko eragina dute croissant, pasta eta tez osaturiko gosariek Aintzinaren sorkuntzan?

Eragin handia. Hori da gure lan egiteko modua. Laurok elkarrekin gosaltzen dugu, eta ordu erdi-edo geroxeago hasten gara musika egiten.

Erritual moduko bat, hortaz.

Bai, erritual bat. Horregatik diskoen izenburuak ere. Suitian zen lehenarena, kantu baten hitzetatik aterata, eta sukaldeari egiten dio aipamena. Bigarren honek, berriz, Kosinatik kanberala. Sukaldea eta gela aitatzen ditu, eta neurri batean guk lan non egiten dugun oroitzeko ere balio dute.

Bi urteren buruan atera duzue bigarren lana. Espiritua berbera al da orain ere? Hau da, kantutegi tradizionala arakatu eta inoiz argitaratu gabeko kantuak biltzea?

Bai, egitasmoaren funtsa da abesti narratibo herrikoiak plazaratzea eta musikari dagokionez behintzat argitaratu gabeak izan daitezela. Horrek ez du esan nahi doinu horiek grabaturik ez daudenik, baina komertzialki argitaratu gabeak dira. Hitz gehienak ere argitaratu gabeak dira. Horrez gain, pare bat pieza instrumental daude, eta kontzertuetan ere jotzen ditugu, arnasa pixka bat emateko entzuleari, gainerakoak arreta handia eskatzen duten kantuak baitira.

Zerk lotzen zaitu hain irmoki euskal folk tradizional purura?

Tira, guk ez dugu egiten folk tradizional purua ere. Kantu hauek bere testuinguru eta garai naturalean a capella kantatzen ziren. Guk kantu horiek herrikoitu egiten ditugu musika konponketen bitartez. Ez dugu folk purua egiten, baina bada folk akustikoa. Musika tresnak akustikoak dira. Biolina garai batean loratu zen Euskal Herrian, nahiz eta gero berriro galdu zen, eta badakigu zeharkako flauta ere erabiltzen zela. Eta zerk lotu nauen hemengo musika tradiziozkora? Bakoitzak bere zoroa bizi du. Ez dut uste hori baino erantzun osoagorik dudanik.

Baina zer poz ematen dizkizu? Eta zer etsipen eragiten?

Beti da poz handi bat asko esaten dizun kantu bat topatzea eta kantu horri musika janzteko aukera izatea eta zuzenean jo ahal izatea. Etsipena izan liteke apur bat ezagunagoak ez izatea... baina ez da etsipen handi bat ere [barreak]. Ez daukat etsipenik.

Tradizionalaren esentziatik urruntzeko prest zeundeke masa zabalago batengana iritsi ahal izateko?

Uste dut neurri batean hori egiten ari garela. Badakit egiten duguna musika minoritarioa dela, baina minoritarioagoa litzateke modu are puruagoan egitea, hau da, instrumentazioa ahaztea eta dena a capella abestea. Hori litzateke puruena, baina nolabait proposamena atsegingarriago egiten dugu, herrikoitu egiten dugu. Harago joateko, barrutik atera behar zaizu. Gure artean hitz egin dugu honetaz. Esaterako, bai Zigor Sagarnak, bai Arkaitz Minerrek baita Juanjo Otxandorenak ere lan egin izan dute musika elektrikoarekin. Zergatik ez jo gure kanturen bat bertsio elektrikoan? Ez dut nik ezetzik esango... Are, interesgarria ere izan liteke, baina barrutik atera beharko litzateke, eta ez jarrera mertzenario edo ziniko batetik.

Literaturagatik etorri zinen, duela 27 urte. Ondoren, maitasunagatik geratu, eta gero ezagutu zenuen euskal musika. Zerk gatibatu zaitu?

Irlandan bizi nintzenean euskal musika apenas iristen zen. Tira, musika gehienak ez ziren iristen. Horretan itxiak gara. Musika kultura handia daukagu gure gauzetan. Horrek egiten du beste kultura batekiko oso irekiak ez izatea. Hala ere, iristen zitzaizkidan zenbait gauza. Jesus Guridiren Diez melodías vascas, Benito Lertxundiren Altabizkar eta Oskorri nahiz Los Incansablesen bana ere bai. Bereziki Oskorrirenak txunditu egin ninduen, eta Lertxundirena ere gustatu zitzaidan. Hona etortzean musika asko entzuten nuen gure pisuan. Diskoak jartzen nituen etengabe, eta zur eta lur utzi ninduen Amaia Zubiriaren ahotsak. Haizea taldean ibilia zen orduantxe, eta Arrosa xuriaren azpian kantuak gatibatu ninduen. Akaso, kantu hura da orduz geroztik egindako guztiaren ernamuina edo hazia. Horrela, pixkanaka joan nintzen sartzen euskal baladen edo erromantzeen munduan.

Euskal Herriko herri musika ez al da Irlandakoa baino tradizio laburragokoa?Alderik ba al dago musikaren eta jendearen arteko harremanean Irlandan eta gurean?

Irlandan musikari gehiago dago. Euskal Herrian musika funtzionalagoa da. Musika bakoitzak bere leku eta garaia dauka. Txistuak bere esparrua dauka, eta trikitiak berea... Irlandan hori ez da gertatzen, edozer gauza jo zenezake edozein unetan. Musika ez dago loturik zeremonietara edo data batzuetara. Horrek askatasun handia ematen du; elkartzen zara, eta jo egiten duzu. Hemen hori ez da gertatzen horren sarri. Baina hemen musikak badu pisu sinboliko bat agian Irlandan ez duena. Eta hori ere bada aberastasun bat, eta indar bat agian Irlandan ez dagoena.

Euskal musika tradizionalaren erabilera folklorikoegia ez al da egiten maiz, edo bestela, ez da egin haren komertzializazioa esparru arinagoetara ekarriz, adibidez trikiti popera?

Bai, bi gauza horiek egin dira, baina musikan gauza guztietarako lekua egon behar du, eta aldaera guztiek izan behar dute lekua. Normalean, pare bat artistak-edo arrakasta izaten dute, eta horri esker zabaltzen dira joerak. Folklorismoa diozunean, zer esan nahi duzu, adibidez aurreskuen kasua?

Bai, edo trikitia egun jakin batzuetan soilik jarri edo programatzea.

Bai, baina hori da musika horren funtzioa. Hori niretzat ez da folklorikoa. Nik hori aberastasun moduan ikusten dut. Guk, hala ere, beste gauza bat egiten dugu Aintzinan. Guk dugun arazo nagusietakoa da ez gaudela loturik jarduera kultural jakin batera. Kantuak tradizionalak dira, ongi, baina akaso ez dago esparru garbi bat horietarako gaur egun. Lehen, jendeak sukaldean kantatzen zituen kantu hauek. Orain, ez da abesten horrenbeste. Beraz, iruditzen zaigu interesgarria izan litekeela kantu hauek plazaratzea eta entzun daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.