Leonard Cohenen heriotza

Alanbrea askatu du txoriak

Leonard Cohen kantari eta poeta quebectarra hil da, 82 urterekin. Duela hilabete eskas argitaratu zuen 'You Want It Darker' lana, heriotzarako prest zegoela adierazten zuena. Itzal handia utzi du pop kulturan eta kantagintza anglosaxoian

Leonard Cohen, 2008ko uztailaren 12an, Amsterdamen emandako kontzertuan. MARCEL ANTONISSE.
gorka erostarbe leunda
2016ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Alanbrean paratutako txoriaren bakardadeaz kantatu zuen Bird on the Wire-n. «Txoriak alanbrean, mozkorrak gauez bezala libre izan nahi nuen, alferrik». Alanbrean zintzilik egon den txoria. Hauskor zenbaitetan, hegaldiari ekiteko prest gehienetan, begirada panoramiko poetikoa aldean beti, eta dotorezia soinean. Atzo jakin zen arren, astelehenean askatu zuen alanbrea betirako Leonard Cohen poeta eta kantariak; 82 urterekin hil zen, bere disko epilogoa, You Want It Darker, kaleratu eta hilabete eskasera.

I'm Ready My Lord (Prestatua nago, Jauna). Ahots sarkor, dardarazlez kantatzen du bertso profetikoa diskoari izenburu ematen dion kantuan. Urriaren 21ean kaleratu zuen diskoa. Ondoren, The New Yorker aldizkariari adierazi zion «hiltzeko prest» zegoela. «Oso mingarria ez izatea espero dut. Hori da dena». Esaldiak oihartzun handia izan zuen hedabideetan eta haren jarraitzaileen artean. Hainbestekoa ezen bere hitzak zehaztu behar izan baitzituen zenbait egun geroago: «Exageratzen ari nintzen. Beti izan dut exagerazioarako joera. Betirako bizirik egotea espero dut», esan zuen umorez. Ez, ez zen ari exageratzen, baina egia da betiko bizirik egongo dela bere kantuen ondarearen bidez.

Bird on the Wire kantua, So Long, Marianne bezala, Marianne Ihlen bere gaztetako maitasun eta musak inspiratua izan zen. Duela hilabete batzuk, uztailean, bien azkena gertu zela aurreikusiz gutun bat bidali zion adiskide eta maitale zaharrari. «Bueno Marianne, iritsi da ordua benetan zaharrak garela aitortzeko, eta gure gorputzak desintegratzen ari direla jabetzeko. Oso azkar zure atzetik joango naizela uste dut. Jakin dezazula hain nagoela zugandik gertu, eskua luzatuz gero nirearekin elkartuko duzula».Uztailaren 28an hil zen Marianne Ihlen, Oslon, 81 urte zituela.

Eta, bai, atzetik jarraitu dio Cohenek. «Gure aita lasaitasunean hil da Los Angelesko bere etxean, sentitzen zuena eginda utzi izanaren konbentzimenduarekin», esan zuen atzo Adam Cohen haren semeak albistearen berri ematearekin batera —zehaztapen gehiago ez zuten azaldu—. Azken diskoaren ekoizlea Adam bera izan zen. «Aitaren disko onenetariko bat da». David Bowiek egin bezalatsu, heriotzaren gertutasunaz oso kontziente zela idatzi zituen azken kantuak Cohenek, eta bataren zein bestearen azken lanen mailak ere batzen ditu. Apartak dira, batarena zein bestearena, aditu gehienen ustez.

Duela hilabete Bob Dylan kantugileari Literatur Nobel saria eman ziotenean askoren burutara etorritako ideia izan zen, Cohenek berak Dylanek adina meritu egina zuela saria jasotzeko, bere kantuen poetikotasun agerikoaz gain, dozena inguru liburu laudatu plazaratu baitzituen. Dotore erantzun zuen hor ere, nobel saridun berriaz galdetu ziotenean: «Merezimendu osoz jaso du saria, eta poztekoa da».

Poeta aurren, musikari gero

Leonard Cohen musikari berantiarra izan zen, 33 urte zituela plazaratu baitzuen lehen diskoa, eta Bob Dylanen erreferentzia izatea baliagarri gertatu zitzaion aitortu izan zuenez. Aurrez poesiari emanago bizi izan baitzen 1934ko irailaren 21ean Montrealgo (Quebec) familia judutarrean jaiotako sortzailea. Oso gazterik erakarri zuen poesiak, Federico Garcia Lorcarenak batez ere (15 urte zituela deskubritu zuen bigarren eskuko liburuak saltzen zituzten denda batean, Montrealen). Bere ibilbide osoan eragin izan zion. Take This Waltz kantu ezaguna—1988ko I'm Your Man diskokoa— Garcia Lorcaren Pequeño vals vienés poemaren (Poeta en Nueva York poemariokoa) egokitzapena da.

Lehen poemario eta nobelak 1960ko hamarkadan plazaratu ondoren, eta Greziako Hidra irlan denboraldi bat igaro ostean —Marianne Ihlenekin izan zen han— 1967an atera zuen lehen diskoa: Songs of Leonard Cohen izenburu soil deskriptiboarekin. So Long, Marianne eta Suzanne enblematikoak zekartzan estreinako hark, besteak beste. New Yorkeko folk mugimendu berrian txertatzen jakin zuen, Dylan eta beste zenbaitekin batera. Cohen zen, akaso, rock lengoaiatik gehien urruntzen zena; ahots sarkor sakonez eta estilo poetiko landuz, esperientzia hezur-haragizkoak zein gogoeta existentzial espiritualak uztartuz jende asko liluratu zuen geroztik, betiere erromantikotasun ahaire malenkoniatsu bat bidaide izanik.

Mende erditik gorako ibilia egin zuen gerora, eta kantugile askoren erreferentzia gailenetakoa izan da, nola mundu anglosaxoniarrean, hala gainerakoan ere. Ez da izan diskoak trumilka atera zituen kantugilea —dozenatik pasatxo 50 urteko ibilian—, baina agerpen bakoitzak zerbait zekarren berezitik, eta oroimen popularrean iltzatzeko moduko kanturik; kantuen egilea izan baita batez ere Leonard Cohen. Songs of Love and Hate (1971), Death of Ladies' Man (1977), I'M Your Man (1988) edota The Future (1992) izan ziren alerik nabarmenenak erretiro izpiritual luze batean sartu aurretik. Depresio arazoak zituen eta zen filosofiari heldu zion haiei aurre egiteko.

Azken hamarkadan, ordea, musikara modu aktiboan itzultzea erabaki zuen; behartua sentitu zuen bere burua, Kelly Lynch ordezkariak iruzur egin eta hondamendiaren ertzean utzi zuela ohartu baitzen. Bizitzaren paradoxak: Cohenentzat hondamendia izan zitekeenazorioneko gertaera izan zen haren jarraitzaileentzat, betiko zein berrientzat. Egoera ekonomiko gaitzak zuzenekoetara itzultzera behartu zuen Cohen, eta zuzenekoetara itzultzeko konposizio eta sorkuntza makina berriro martxan jarri behar izan zuen. Old Ideas (2012), Popular Problems (2014) eta You Want It darker (2016) diskoak kaleratu zituen errenkadan bizitzako azken urteetan.

Munduan zeharko bira disko horiek argitaratu aurretik hasi zuen, ordea. Eta hari esker ailegatu zen azkenengo aldiz Euskal herrira. 2009ko irailaren 17an aritu zen Barakaldoko BEC aretoan. Adinean aurrera joanagatik, ahotsean indarra eta sentsualtasuna bizirik zituela adierazi zuten garaiko kronikek, eta bere ibilbideko kanturik maitatuenak abestu zituela ere bai, Hallelujah, Tower of Song, I'M Your Man, Take This Waltz, Ain't No Cure For Love edo Famous Blue Raincoat, kasurako. Jarraitzaileetako asko jakitun zen Cohen ikusi eta entzuteko azkenengo aldia izan zitekeela, eta gogo onez bete zuten aretoa, gisa guztietako publikoa erakarri baitzuen, nahiz eta sarrerak 150 euro ingurukoak izan batez beste.

Ez zen izan Euskal Herrian izandako aurreneko aldia, ez Euskal Herrian eta ez Bizkaian ere. 25 urte lehenago aritu zen Bilboko Casilla kiroldegian, 1985eko otsailaren 15ean. Orduko hartan 5.000 lagun bildu zituen, kontzertu intimistago batean.

Euskaraz kantatuak

Sonatua izan zen 1988ko maiatzaren 20an, eta I'M Your Man diskoaren biran, Donostiako Belodromoan emandako kontzertua ere. Dance Me to the End of Love-ekin hasi zuen kontzertua; Bird on the Wire; Chelsea Hotel #2, Sisters of Mercy, Everybody Knows, The Partisan eta Suzannekantatu zituen amaiera I Can't Forget eta So Long, Marianne-rekin eman aurretik. Benito Lertxundik behin baino gehiagotan aitortu izan du Cohenen zale amorratua dela; erreferentzia argia izan duela nola hitzetan hala kantaeran ere, eta haren abesteko moduak bide berriak ireki zizkiola berari ere. Donostiako kontzertu haren egunean Cohen bera ezagutzeko parada izan zuela azaldu zuen kazeta honek berak egindako elkarrizketan. Ni olentzero naiz kantuan Cohenen izena aipatzen du, eta disko hura oparitzeko asmoz Cohen zegoen hotelera deitu eta geratu omen ziren: «Afari ondoren egongo ginela. Joan ginen, denbora dezente zain egon ondoren. Baina ordu eta erdiz-edo hizketan egon ginen, politikaz eta beste».

Euskal kantugile eta musikarien artean ere utzi du lorratza Cohenek. Mikel Urdangarinek oraintsu eman du kontzertu parea Cohenen bertsioak eginez (ingelesez), Bilboko Campos antzokian eta Donostiako Tabakaleran, Izar & Star musika zikloaren barruan.

Jabier Muguruzak Acordes con Leonard Cohen (2007) zuzeneko disko kolektiboan parte hartu zuen eta bi kantu eman zituen hor; So Long, Marianne euskaraz eta Chelsea Hotel #2 gaztelaniaz. Mugaldekoak taldeak, bestetik, Bird On The Wire kantuaren bertsioa egin zuen 2012ko Begiak Lekuko bertsio diskoan eta euskaraz kantatu zuen Txoria kablean izenburupean. Petti kantari beratarrak The Partisan kantuaren euskarazko moldaketa kantatu izan du zuzenean —Leonard Cohenek berak Emmanuel d'Astier de la Vigerie Frantziako Erresistentziako kideak 1943an idatzitako kantu enblematikoa bere egin zuen eta 1969ko Songs For a Room diskoan sartu zuen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.