Donostiako 74. Zinemaldia

Albert Serraren film batekin hasiko da Made in Spain saila, eta Paco Rabalen inguruko batekin bukatuko

Donostiako Zinemaldiko sail horretan 24 film proiektatuko dituzte. Horien artean zenbait estreinaldi daude, bai eta lehen lan batzuk ere.

Paco Rabal. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Paco Rabal. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko abuztuaren 5a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunotan luzatuz doa irailaren 18tik 26ra Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izango diren filmen zerrenda. Made in Spain sailekoen berri eman dute gaur; Espainian ekoitzitako lanak biltzen dituzte bertan, eta aurten 24k osatuko dute. Denetarik topa daiteke bertan: estreinaldiak, lehen film luzea ondu duten zuzendarien lanak, bai eta jada beste jaialdi batzuetan aurkeztu dituzten filmak ere. Horien guztien artean daude saila irekiko eta itxiko duten lanak: Albert Serraren Seize moments de ma vie ez-fikziozko film luzea —Locarnoko zinema jaialdian aurkeztuko du datozen egunetan, lehiaz kanpo—, eta Vanesa Benitezen 200 vidas, Paco Rabal. Jaialdiak ohar bidez helarazi ditu film bakoitzaren inguruko nondik norakoak.

Serraren lanak Ingrid Caven aktore eta abeslari alemaniarraren bizitza du ardatz, eta haren bizitzako zenbait une agertzen dira bertan. Benitezen 200 vidas, Paco Rabal filma, berriz, Rabalen omenez egindako lan bat da. Super8 formatuan grabatutako materialarekin eta haren ahotsa duten kaseteekin osatu du zinemagileak pelikula. «Haren bidaietan, filmaketetan eta jaialdietan zeharreko ibilbide bat eskaintzen digu Benitezek», zehaztu dute jaialdiaren antolatzaileek oharrean.

Euskal Herriko zuzendari baten lana ere topa daiteke 24 filmen artean. Juan Zabala tolosarrak El otro Chiquito filma ondu du, Javier Moralesekin batera. Chiquito de la Calzadari egin diote omenaldia; Diego San Jose irundar gidoilari eta sortzailearen jatorrizko ideia batean oinarrituta dago.

Lehen lanak eta beste

Zenbait zinemagilek euren lehen lana aurkeztuko dute sailean, izan film laburrak, izan luzeak. Horien artean dago, esaterako, Carla Cañellasen eta Eugenio Tardonen Kotodama, el camino del espejo; jaialdian estreinatuko dute, gainera. Kaligrafia japoniarraren bitartez, Donejakue bidearen eta Shikoku Henro bidearen artean kotomada —euskaraz, hitzen espiritua— bilatzen duen emakume bat da protagonista.

Beste batzuek, berriz, euren lehen film luzea sortu dute. Aina Clotetek, esaterako, Viva ondu du: bularreko minbizia gainditu berri duen emakume baten istorioa kontatu du bertan. Laura Garcia Alonsok, bestalde, Corredora aurkeztuko du, agerraldi psikotiko bat izan ondoren goi mailako lehiaketatik aldendu beharko duen eliteko korrikalari baten istorioa.

Horiez gain, beste film batzuk ere proiektatuko dituzte sailean, besteak beste, Altas capacidades (Victor Garcia Leon), Amarga Navidad (Pedro Almodovar), Asi chegou a noite (Angel Santos Touza), Balandrau, vent salvatge (Fernando Trullols), Die Gäste (Cristina Diz eta Stefan Butzmuhlen), El abrazo de los peces (Chema Rodriguez), eta Este cuerpo mío (Afioco Gnecco eta Carolina Yuste).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA