Alegiazko arkitektura

Giovanni Battista Piranesiren 250 grabatu bildu dituzte Bilboko Arte Eder museoanEgiazko zein irudizko arkitektura uztartu, eta alegiazko presondegi bat eta antzinako Erroma irudikatu zituen hainbat lanetan

Piranesik XVIII. mendean sortutako grabatuen erakusketa ireki dute Arte Eder museoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arkitekto baten ikuspegiz jardun zuen bizitza osoan Giovanni Battista Piranesik. Arkitekto baten ezagutzak agertu zituen maisutasun ukaezinez ondu zituen ehunka grabatuetan, Arte Eder museoan aurkeztu duten erakusketan antzematen denez. Giovanni Battista Piranesiren (Mogliano Veneto, 1720 - Erroma, 1778) 250 grabatu bildu dituzte, Oroimen ameslaria goiburupean. Sardiniako Cagliariko Unibertsitatearenak dira, eta otsailaren 10a arte izango dira Bilboko pinakotekan. Orobat, jatorrizko xafla bat dago erakusketan. Kobrezkoa da, eta aurrenekoz dago ikusgai.

Gabriela Locci komisarioaren arabera, «noizbait arkitekto izateko ametsez lan egin zuen Piranesik, arkitekto gisa kasik lan egiteko aukerarik izan ez bazuen ere. Arkitekturak bizi zuen, grabatugilea izanagatik». Arkitekto veneziar gisa sailkatu izan dute maiz. Alabaina, 20 urte zituenean alde egin zuen Italiako hiri horretatik, eta eraikin bakar bat egin zuen han. Nolanahi dela ere, komisarioak uste du arkitekturaren inguruan Piranesik sortu zuen unibertsoa «oso egungoa» dela. «XVIII. mendeko sortzailea da, baina, era berean, oso gaurkoak dira haren lanak eta ekarpenak».

Piranesiren hiru bilduma ekarri dituzte Bilbora: Carceri d'invenzione, Le antichita romane eta Vedute di Roma sonatuak. Iaz aurkitu zituzten lanok, ezustean, Cagliariko Unibertsitateko tiradera batean. «Egoera ezin hobean zeuden», Loccik esan duenez.

Egiazko zein alegiazko eraikinak zirrimarratu zituen Piranesik. Carceri d'invenzione seriean, esaterako, alegiazko presondegi bat sortu zuen. Pasabide luze eta ilunak irudikatu zituen. Eskailera malkartsu eta ezinezkoak. Ziega hotz eta fantastikoak. Inora ez daramaten galeria izugarriak. Lan horiek ez zuten batere arrakastarik izan; ez 1745-1760 urteen artean argitaratu zituenean, bederen. Bestela izan zen Vedute di Roma saileko akuaforteekin. Antzinako Erromako irudiak sortu zituen. Eta berehala bihurtu ziren ospetsu. Hiriaren irudi historiko-artistikoa berregituratzeko baliatu zituzten. Lan horietan, marra luze bezain garbia erabili zuen Piranesik, tenpluak, anfiteatroak, arkuak, basilikak, iturriak, galtzadak, akueduktuak, plazak, jauregiak, zubiak eta bestelakoak arranditsu marrazteko.

Obra andana sortu zuen Piranesik. Paperean guztia. «Lan bikain hark artearen historiako marrazkilari arkitektoniko gailen bihurtu zuen, baita grabatugile handi ere», nabarmendu du Loccik.

Areago laudatu du: «Piranesiren aztarna artistikoa literaturan, Goyaren beraren estanpetan eta Fritz Langen zineman dago. Eta grabatugile moduan, Durero, Rembrandt, Goya eta Picassoren parean dago».

Nazioarteko jaialdia

Loccik jakinarazi du Oroimen ameslaria erakusketa grabatugintzaren inguruan Bilbon egingo duten «asmo handiko egitasmoaren hasiera baino ez» dela.

Grabatu Garaikidearen Nazioarteko Jaialdia antolatu du Cagliariko Casa Falconierik, Bilboko Arte Eder museoaren lankidetzaz, besteak beste. Hala, grabatugintza ardatz dutela, hainbat hitzaldi eta lantegi egingo dituzte Zabalguneko kultur etxean, hilaren 29tik abenduaren 2ra.

Artista, galerista eta arte irakasleak bilduko dituzte. «Egoera ekonomiko zail honetan, lanerako esparru eta molde berriak aztertu nahi ditugu», azaldu du Loccik. Oroimen ameslaria erakusketako komisarioa izateaz gain, Casa Falconieriko ordezkaria ere bada. Grabatu lehiaketa ere antolatu dute, eta jaialdian emango dute irabazlearen berri. Hamasei herritako artistek parte hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.