Zinema

Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' filmak irekiko du Ikuspuntu jaialdia

Sail Ofizialean 23 film izanen dira aurten; horien arteko hogei arituko dira sariak irabazteko lehian. Beste hirurak, aldiz, lehiaketatik kanpokoak dira; Alegriarena, kasurako. Martxoaren 11tik 16ra eginen dute jaialdiaren hemezortzigarren aldia.

'ZINZINDURRUNKARRATZ'
Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' filma. OSKAR ALEGRIA
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko urtarrilaren 30a
15:30
Entzun

Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko jaialdian izanen du Euskal Herriko estreinaldia Oskar Alegriaren azken lanak: Zinzindurrunkarratz (2023). Orain arte, atzerrian baizik ez da emana lana, inoiz ez jatorrizko bertsioan. Azkenerako, Ikuspunturen aurtengo programazioa aurkeztearekin batera jakinarazi dute euskarazko estreinaldirako data: martxoaren 11n eginen dute. Izan ere, film horrek zabalduko du festibala aurten. Zehazki, Sail Ofizialean bildu dute Alegriarena, beste 22 lanekin batera. Hala eta guztiz ere, ez da sarietarako lehiatuko. Berdin ariko dira beste bi film ere, Sail Ofizialean baina lehiatik kanpo: Pedro G. Romeroren De caballos y guitarras eta Enrique Bellanderen La vida a oscuras.

Izan ere, Sail Ofiziala osatzen duten beste hogei filmen artekoa izanen da lehia: hamabi film luze eta zortzi film labur aukeratu dituzte. Bost sari izanen dira jokoan, hala nola film hoberenaren saria, zuzendari hoberenaren saria, film labur hoberenaren saria, publikoaren sari berezia eta gazteen sari berezia. 2023an, Colectivo Silencioren El polvo ya no nubla nuestros ojos (2022) lanak eskuratu zuen filmik hoberenaren sari nagusia. Antolatzaileen esanetan, 800 lan baino gehiago aurkeztu zituzten sariketan parte hartzeko.

Aurtengo aldian, hamasei herrialdetako filmak dira Sail Ofizialean. Ikuspuntuko zuzendari artistiko Manuel Asinen esanetan, filmetan lantzen diren gaiak nekez jaso daitezke zaku bakarrean, baina badira lan gehien-gehienen hondoan ageri diren zenbait hari: «Lehenbiziko pertsona, familiako memoria eta memoria historikoa, genero identitatea eta dibertsitatea». Hain zuzen ere, gai horiek aletu ahala nabarmendu ditu programazioan bilduak diren zenbait lan. Besteak beste, klima larrialdiarekin lotura dutelako aipatu ditu Dominique Marchaisen La rivière, Pedro G. Romeroren De caballos y guitarras, Tamer Hassanen Homing eta Matthew Wolkowren Procès-verbal. Berriz, «lehenbiziko pertsonaz» eta «begirada propioez» mintzo, titulu hauek ezpainetaratu ditu Asinek: Retrato de Mondongo (Mariano Llinas), Vasudhaiva kutumbakam / The World is Family (Anand Patwardhan), Radiance (Shuhei Hatano), Corazón embalsamado (Julieta Seco) eta Zinzindurrunkarratz.

Aurreneko aldietarako tokia

Oskar Alegria Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistiko izan zen 2013tik 2017ra, eta, besteak beste horregatik, Asin pozarren azaldu da zinemagilearen hirugarren film luzea Iruñean hartuko dutelako. Pelikula horretan, Paolo astoarekin Artazu haren herritik (Nafarroa) Andimendira eginiko ibilaldia kontatzen du Alegriak.41 urtez erabili gabe izandako Super-8 kamera batekin filmatu zuen bidea, eta mutua da parte gehien-gehienean. «Dagoeneko existitzen ez den mundu baten oihartzunak jasotzen ditu Alegriak, maisuki», goraipatu du Asinek. Filma eman ondotik, Alegriak hitzaldi bat emanen du jendaurrean, Eider Rodriguez idazlearekin solasean delarik. 

Edonola ere, Ikuspunturen egungo zuzendariak nabarmendu du hainbat estreinaldiko jaialdia izanen dela aurtengoa. Zehazki, bost lanek estreinaldi absolutua izanen dute Iruñean; adibidez, Maia Topr Neergaard zuzendari danimarkarraren Inde Ved Siden Af / My Next Door Neighbours filmak eta Pedro Pinzolas espainiarraren Remembering Franco-k.

Sail Ofizialari buruzko informazioaz gain, aurtengo aldiaren irudia ere argitaratu dute gaur. Azuzena Vieites Garcia artistak (Hernani, Gipuzkoa, 1967) sortu du. Azkenaldiko joerari eutsita, aurrez egindakoen gainean sortu du pieza artistak. Izan ere, haren artxibo pertsonala osatzen zuen obra bat oinarri harturik egin du orain Ikuspunturako baliatutakoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.