Artea

Alejandro Garmendia guztiak, Kubo-Kutxa aretoan

'Alejandro Garmendia. Paisaiak, enigma eta malenkonia' erakusketa antologikoak artistak jorratu zituen bide ugariak bildu ditu.

mikel lizarralde
2018ko martxoaren 1a
13:42
Entzun

Joan den urtean hil zen Alejandro Garmendia (Donostia, 1959), 57 urte eskas zituela, eta urtebete igaro denean, haren obra osoa ezagutzeko aukera eman du Kubo-Kutxa aretoak Donostian. Hasi 80ko hamarkadaren erdialdean landu zituen komiki eta marrazkietatik, eta 2000ko urteetan margotu zituen olio handietara iritsi arte. Baina horiekin batera, Garmendiaren ikuspegi ireki eta ikonoklasta erakusten duten bestelako obrak ere ikus daitezke erakusketan: paper gainean egindako collageak, egurrarekin egindako eskulturak, ikus-entzunezko lanak, musika obrak... "Diziplinen artean mugitzeko joera eta jarrera izan zuen beti", adierazi du gaur goizean egindako aurkezpenean Fernando Golvano erakusketako komisarioak. "Mugak zeharkatu nahi zituen, eta ate berriak ireki". Erakusketa bihar arratsaldetik aurrera egongo da irekita maiatzaren 27ra arte.

Nomada izan zen Alejandro Garmendia Sander. Nomada bizitzan eta nomada artean. Batetik bestera mugitu behar izan zuen munduan, hasieran derrigorrez —Frankismoaren azkeneko urteetan erbestean bizi behar izan zuen familiarekin, lehenik Bordelen eta gero Parisen—, eta ondoren bizihanahiaz —Bilbon, Madrilen, New Yorken...—. Eta horrek nomada bihurtu zuen artean ere. Margolaritza eta collagea landu zituen, baina arte grafikoetan, komikian eta bideoan ere aritu zen, eta izan zen musikaria ere. Hain zuzen ere, musika esperimentala egin zuen, baina baita kutsu dadaistako pop lanak ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.