Kabaretetako piano eta ke nahasketak sortutako giro berezi hori dario Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobia guneko agertokiari, eta nazien gorakadan, Alemaniako ikuskizun satirikoetan entzun ohi ziren txisteak botatzen dabiltza bertan Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Getari Etxegarai eta Adrian Garcia de los Ojos aktoreak. «Nor da zure aita?», galdetzen diote umeari. «Fuhrerra», erantzuten du. «Nor da zure ama?». Umeak: «Alemania handia». Berriz ere galdera: «Eta zer izan nahi duzu handitan?». «Umezurtza». Baina pixkanaka ilunduz doa umorea, eta beltzenik beltzenera heltzen da eszena amaierarako. «Aizu, zer moduz zure ama kontzentrazio esparruan?». Eta erantzuna: «Urteak biziraun ditugu eskasiari esker. Hasieran urkatu nahi zuten, baina soka kalitate txarrekoa zen. Gero gaseatu nahi izan zuten, baina gasa adulteratuta zegoen, eta azkenean, bai, lortu zuten, akatu egin zuten». «Fusilatu egin zuten?». «Ez, keba, errazionamendu kartilla bat eman zioten».
Horrorearen bihotzean ere umorea egiten jarraitu zuten Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink umoregile alemaniarren figura berreskuratu du Tartean konpainiak Simplicissimus kabaret ikuskizunarekin. Berlingo gau giroko emanaldietako izarrak izan ziren gerrarteko sasoian, baina estu zelatatu zituzten beti, eta kontzentrazio esparruetan amaitu zuten Gerronek eta Grunbaumek. Han ere ikuskizun umoretsuak egiten zituzten preso ziren kideentzat, eta, tarteka, baita, behartuta, borreroentzat ere. Fink izan zen hiruretan gerra sasoia bizirik gainditu zuen bakarra, eta haren ahotsak gidatzen du antzezlana. Telleriak idatzi du testua, eta hark jokatzen du Finken rola, baina, dioenez, asmo dokumentalistaz harago joan nahi izan du. «Eurek guretzat esan nahi dutena da garrantzitsua antzezlanean». Azaroaren 26 eta 27an estreinatuko dute lana Bilboko Arriaga antzokian, eta azaroaren 16an Azpeitiko Antzerki Topaketetan (Gipuzkoa) egingo dute aurre-estreinaldia..
«Umorea eta horrorea batera ematen ditu kabaretak, eta une batzuetan publikoak sentituko du une horretan ez lukeela barre egin beharko, baina igual barre egiten egongo da. Hori probokatu nahi dugu». Umoreari buruz hausnarketa egiteko ere baliatu du aukera Telleriak, eta, esan duenez, aho biko ezpata izan daiteke . «Batzuetan aldaketaren aldekoa da, baina beste batzuetan guztiz kontrakoa suertatzen da. Horretaz guztiaz hitz egiteko sortu dugu Simplicissimus, eta, batez ere, jendea dibertitzeko»..
Barrea eta negarra
Umorearen tonu guztiak baliatu ditu horretarako Telleriak: umorerik arinenarekin hasi, eta umorerik beltzenera. Hiru pertsonaia historiko horien bizipenak ditu oinarri kontakizunak, eta kabaretaren tresnak baliatu ditu. «Arku dramatiko ezin zabalagoa du emanaldiak», esan du. «Hasten gara komizitatean, eta, jendea poltsikoan sartuta daukagunean, hasten gara ostia batzuk ematen, eta bagoaz apurka-apurka».
Gidoiaren «goxotasuna» nabarmendu du Etxegarai aktore eta abeslariak, halere. Gerronen larruan jartzen da bera. «Ez dugu antzezlana oraindik jendearekin testeatu, baina oso txukun kontatuta dago, eta, nahiz eta badituen momentu oso gordinak, ez dut uste jendeak gaizki pasatuko duenik. Ongi, bai, hori seguru».
Kabaret bat izanik, protagonismo berezia du musikak, eta hamabi abesti daude ikuskizunean. Telleriak idatzi ditu kanta guztien letrak, eta Garcia de Los Ojos musikari eta aktoreak konposatu ditu doinuak. Piano jotzaile aritzen da emanaldian, eta, dioenez, umore bezainbeste tragedia du ikuskizunak. «Gidoia irakurri nuenean, ohean, gogoratzen dut oso dibertigarri hasi zela dena, eta negarrez bukatu nuela».
Ematen du hainbesterako umoregileen benetako historiak.
Esparruetan film bat errodatzeko enkargua egin zioten naziek Gerroni, adibidez, eta izenburuak bakarrik ematen du eskariaren krudeltasun mailaren berri: Fhurerrak hiri bat oparitu die juduei. Errodatu zituen errodatu beharreko planoak, presoen eta guardien arteko futbol partida dokumentatu zuen, eta pelikula bukatu zuenean, zuzenean Auschwitzera bidali zituzten bera eta filmean parte hartu zuten beste guztiak. Eta hantxe hil zuten.
Umorearen diktadurapean
Grunbaumek 1940ko Gabon Gauean egin zuen bere azken antzezpena, Dachauko esparruko erietxean. Larri zegoen ordurako, tuberkulosiak jota, baina dibertsio amiñi bat eskaini nahi zien kideei, azken aldiz, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen gero. Zaindariek geldiarazi, eta ez zuen lortu. Bi astera hil zen.
Baina jarraitzen du kabaretaren entseguak Harrobia lokalean. Ganboak lehenik: «Ikusleak askatasuna izango du bere etxean, zortea badu; hemen umorearen diktadurapean dago!». Etxegaraik gero: «Beraz, dibertitu... ala hil!». Piano notak berriz, Garcia de los Ojosen eskutik. Eta gero dator eszena ixten duen Telleriaren azalpena, Ganboaren eta Etxegarairen ohar banarekin. «Ados, friboloak gara, buruarinak, inozoak eta ganoragabekoak, baina ez gaude alienaturik –apur bat bakarrik–, eta kontzientzia sozial irmoa daukagu –gutxi gora behera– eta sinesten dugu umorea tresna bikaina dela...». Zalantzati luzatu du esaldiaren amaiera aktoreak, moteldu da musikaren abiada, eta isiltasun erabatekoa sortu da aretoan. Orduan egin diote, guztiek batera eta aho batez, galdera Telleriari. «Zertarako?». Hartzen du arnasa Telleriak erantzuna emateko, eta, «moztu!», eteten du eszena Jokin Oregi zuzendariak. Eta galdera airean utziz, badoaz beste eszena batera.
Gaztelerazko bertsioa ere egingo dute, eta 2020ko martxoan estreinatuko dute lana.