Adimen artifizialari stalker (jazarlea) kontzeptuaz galdetuz gero, honen antzeko definizio bat ematen du: «Jazarlea beste gizabanako bati obsesiboki eta behin eta berriz zelatan, jarraika edo jazartzen aritzen zaion pertsona da, askotan beldurra edo larritasuna eragiten duena. Jokabide horretan, besteak nahi ez duen kontaktua ere sartzen da, hala nola hura online zelatatzea, cyberstalking-a (ziberzelatatzea), deitzea, idaztea edo haren etxean edo lanean agertzea. Hala, garaiotan, sare sozialei lotutako adiera da gehien zabaldu dena; esaterako, 'stalk egiten dit sare guztietan' edo 'obsesionatuta dago: stalk egiten dit'».
Digitalizazioaren inperioak oro inbaditu baino lehen, baina, bi anaia sobietar, Arkadi (Leningrad, 1925 – San Petersburgo 1991) eta Boris Strugatski (Batumi, 1933 - Mosku, 2012) —lehenengoa itzultzailea eta bigarrena astronomoa— terminoaren inguruan aritu ziren 1971n, Komarovo herrian.
Zientzia fikzioaren zale, anaiek genero horretako eleberriak idazten zituzten, eta urtebete lehenago, 1970ean, herriko kale elurtu eta hutsetan paseoan ari zirela, nobela bat bururatu zitzaien.
Estreinako zirriborroak itxura hau zuen: «Tximino bat eta kontserba poto bat. Estralurtarren bisita gertatu zenetik 30 urte igaro direla, haiek utzitako zaborra baino ez da geratzen, zeina miatu eta lapurtu egiten duten, eta ikerketak eta ezbeharrak ere eragiten ditu. Sineskeriak ugaritu egin dira, eta zaborra eskuratu nahi duen erakunde bat dago, boterea lortzeko asmoz; beste erakunde batek zaborra suntsitu nahi du —zerutik eroritako ezagutza alferrikakoa eta kaltegarria da; aurkikuntzek ekar dezaketen gauza bakarra erabilera okerra da—. Bilatzaileek elkar gurtzen dute, magoak balira bezala. Autoritate zientifikoaren gainbehera. Biosistema abandonatuak —kasik gastatuta dauden pilen gisakoak—, oso garai desberdinetako hildako berpiztuak…».
Abiapuntu horretatik jaio zen Piknik na obochine nobela (Piknik estralurtarra), Strugatski anaiek 1971n idatzitakoa. Lehenengo orriak idazten ari zirela, estralurtarren zarama bilatzen ari zirenei trapper izena jarri zieten (tranpa-jartzailea), baina izendapena ez zuten gustuko, eta, ondorioz, Rudyard Kipling idazlearen liburu batera jo zuten bila, The Reckless Bunch izenekora (Talde ausarta), zeina 1899ko Stalky & Co. liburuaren iraultzaren aurreko itzulpena zen. Liburuak ikasle ingelesez osatutako lagun talde baten abentura barrabas eta kaletarrak kontatzen ditu, eta Stalky kuadrilla horren burua zen.
«Alproja gogorra eta krudela izan arren, eskuzabala zen, eta haurren noblezia zuen. Ez zitzaigun burutik pasatu ere egin haren izena Stalky zenik, baizik eta Stoky», idatzi zuen Boris Strugatskik 1997an; izan ere, ingelesezko to stalk-ek errusierazko stok-en antzeko soinua du —ez da errusierazko hitz original bat, stock ingelesaren mailegu bat baizik—. Hori dela eta, errusieraz stoker esan beharko litzateke, eta ez stalker.
Kuriositate terminologikoak gorabehera, estralurtarren piknikean bildutako kontzeptua nabarmen zabaldu zen, batez ere Andrei Tarkovski zinemagileak 1979an estreinatutako Stalker filmari esker, zeina Strugatski anaiek idatzitako zientzia fikziozko landa meriendan oinarritzen den —eleberriaren idazleak arduratu ziren gidoiaz, Tarkovski maisuak filmean arrastoa utzi zuen arren—. «Nonbait, ditxosozko hitza erabat zehatza eta soinuduna atera zitzaigun, bai eta indar handikoa ere», aitortu zuen Boris Strugatskik. Kontzeptuaren eta obraren itzala hain da luzea, ezen bideojokoen saga bat ere badagoen: S.T.A.L.K.E.R.
Eremua
Kontakizuna XX. mendean girotuta dago, zehaztu gabeko une batean. Estralurtarrek lurra bisitatu dute, baina, ustez, gure planetak ez die inolako zirrararik eragin. Ondorioz, ospa egin dute supituan, eta hondakinak baino ez dituzte utzi gurean; hain justu, haien espaziontziak lurreratu diren lekuetan. Parkeak inbaditzen dituzten igandezale arduragabeen gisakoak dira alienak. Lohitutako leku horiei Eremuak deitzen diete, eta bertako lege fisikoak aldatu egin dira bisiten ondorioz. Nobela, zehazki, Harmont hiriko Eremuan gertatzen da: estralurtarren abarrak balio handiko tramankuluak dira, ustez aparteko gaitasunak dituztelako. Hori dela eta, merkatu beltzean oso garesti saltzen dira. Bada, Eremu horretan sartzeko adina ausardia erakutsiko duten bakarrak stalker-ak dira, eta eleberria, hain zuzen ere, Redrick Schuhart bilatzaile profesionalaren inguruan ardaztuko da, haren nondik norakoak kontatuko baititu. Testua lau zatitan egituratzen da, Redricken bizitza osoa behatzeko. Guztira, stalker-aren hamar urteko gertaerak jasotzen ditu, hamarkada bete eraldaketa, haren egunerokoa kontatuz.
50eko hamarkadan boladan zeuden Arthur Conan Doyle, H.G. Wells eta Jules Verne, eta Strugatski anaiak autore haien egitura klasikotik eta asmo didaktikotik abiatu ziren, betiere errusiar tradizioko sinboloak ahaztu gabe
50eko hamarkadan boladan zeuden Arthur Conan Doyle, H.G. Wells eta Jules Verne, eta Strugatski anaiak autore haien egitura klasikotik eta asmo didaktikotik abiatu ziren, Errusiako Zilarrezko Aroko literatur abangoardian murgiltzeko, betiere estilo dotoreago eta soilago bat lortzeko asmoz, errusiar tradizioko sinboloak ahaztu gabe. Uztarketa horren ondorioz, haien estiloan ikuspegi humanista gailendu zen, Piknik estralurtarra eleberrian nola. Eta, hala, hauek dira narrazioaren gai nagusiak: gizakiak bere etorkizunaren gainean erabakitzeko daukan eginkizuna, eta botere ezarriaren kontraesanak eta zentzugabekeriak.
Sistema politikoak direla eta, anaiek beltzak ikusi zituzten sobietar zentsura gainditzeko: zortzi urteko prozesu luzea gainditu behar izan zuten liburua plazaratzeko. Boris Strugatski: «Seguruenik nobelak bere akatsak zituen, baina baita bertute nabarmenak ere […] eta ez zion inolako erasorik egiten nagusi zen erregimenari; aitzitik, nagusi zen burgesiaren aurkako korronte ideologikoan koka zitekeen… Hartara, zer arrazoi misteriotsurengatik —arrazoi mistikoak ote ziren? infernukoak?— kondenatu zuten liburua, alajaina, argitaletxean zortzi urte eta piku pasatzera?».
Egia esan, agintari sobietarrek ere ez zuten erregimenaren kontrako irainik antzeman; bai, ordea, bestelako txikikeria batzuk, erregimen itxuratiaren isla zirenak: eleberriko pertsonaien moralaren kontrako jokabideak, biolentzia fisikoaren inguruko oharrak, hizkuntzari buruzko arrunkeriei lotutako kontuak…
Agintari sobietarrek argibide horiek guztiak azpimarratu zituzten, haien aburuz zientzia fikziozko testuak gazteentzat baitziren. Aurreiritzi horren aurrean, Ursula K. Le Guin idazlearen aipua argigarria da: «Zientzia fikzioak edozein statu quo iraul dezake irudimenaren bidez. Irudimena landu ezin duten burokratek eta politikariek uste dute tximista pistolak eta umeentzako txorakeria barregarriak baino ez direla». Haatik, alienen askariaren harira, idazle estatubatuarrak testuaren ikuspegi humanista nabarmendu zuen: «Akatsa litzateke Stalker utopia sobietarraren porrotari buruzko parabolatzat hartzea: parabola baldin bada, gizateriarena da». Horrenbestez, deigarriak dira nobelako protagonisten elkarrizketak: besteak beste, erlijioari eta zientziari buruzkoak.
Anaia sobietar haiek tresna etiko eta politiko gisara erabili zuten zientzia fikzioa, pentsamendu burgesari eta autoritarismoari desafio egiteko
Hala, diskurtso humanista kritiko baten bidez, gizakiaren hobekuntza eta askatasuna bilatu zuten Strugatski anaiek —Redrick stalker-ak liburuaren amaieran bilatzen duen objektua, Urrezko Bola, nahi horien isla da—, eta, haien liburuak obra txiki bat badirudi ere, lan luzeago edo sakonago baterako abiapuntua ematen baitu sarritan, funtsezkoa da Sobietar Batasunak emandako zientzia fikziozko obra zabala ulertzeko, bere misterioa eta anbiguotasuna tarteko. Le Guinen hitzetan, «[eleberria] irudimentsua da gertaeretan, aberatsa xehetasunetan, eta sofistikatua ikuspuntu etiko eta intelektualaren aldetik». Horiek horrela, anaia sobietar haiek tresna etiko eta politiko gisara erabili zuten zientzia fikzioa, pentsamendu burgesari eta autoritarismoari desafio egiteko, konponbiderik proposatzen ez zuten arren.