Altzoko Handiari eskaini zaizkion lan guztien aldean, zer izan lezake berezia Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek ondutako diskoak? Zer izan dezake Mister Eleizegi-k, horren aurretik egin dituzten filmek, operek, afixek edota artikulu ugariek jaso ez dutenik? Planteamendua bera izan liteke; Migel Joakin Eleizegi altzotarrari neurria hartzeko modua. Eta izan daiteke ikuspegia ere: «Bere izendapen popularra [Altzoko Handia] gastatuta dagoenez, Mister Eleizegi izendatu behar genuela erabaki genuen. Ingelesez ez dakigunok badakigu Mister hitzak misterioa esan nahi duela, eta horrek indartu egiten du Altzoko artistaren kalitatea».
Ondu duten diskoaren azaleko elementuak seinalatuz, errazago zaie barruko mamia azaltzea. Altzoko Handiari buruz bere garaian argitara emandako pare bat ilustrazio ere eskura izan dituzte horretarako. Esate baterako, Parisko Vaudeville antzokiko afixa batean azaldutakoa,1845ean. Bertan, lotuta, otzan eta burumakur ageri da Altzoko Handia. Zirkuko piztia bat dirudi. Edo esklabo bat. Lepotik daraman katea militar jantzita dagoen gizon nano batek gobernatzen du, eta horrek areagotu egiten du sentsazioa; Le General Pouce du izen artistikoa (Arkakuso Jenerala). Freak show-aren gailurra dirudiena biribiltzeko, stupidité irakur liteke irudiaren azpian. Altzokoaren neurri alimalekoak, beraz, badu bere pareko nolakotasunik: ergelkeria.
«'Mister Eleizegi' izendatu behar genuela erabaki genuen. Ingelesez ez dakigunok badakigu 'Mister' hitzak 'misterioa' esan nahi duela, eta horrek indartu egiten du Altzoko artistaren kalitatea»
KOLDO IZAGIRRE Idazlea
Izagirre: «Frantziako gisa guztietako prentsa izan zen gure Mister Eleizegi mundura katapultatu zuena. Alabantza, burla edo gezur, ospetsua egin zuten Ipintzako semea». Paper horietako batek baino gehiagok, bestalde, gomendioa egin omen zion armadan sar zedin: «Atabalari nagusia bihurtuko omen zuten berehala». Eta zer egin ote zuen Ipintzako semeak? Bada, «danborra jotzen ikasi». Hain zuzen, tresna hori eskuetan duela ageri da diskoaren azalean, uretan. «Londresen dago, zehazki Tamesisen oinutsik eta zango hutsik, arrainak harritzeko moduan. Arrain horiek [berdelak] Lekeition azalduko dira gero, Astoak arrantzan izeneko piezan».
Atzeko azalean, berriz, uzkurtuta ageri da Eleizegi, eta aberez inguratuta. Tapia: «Otsabio mendiaren gailurrean dago, leher eginda. Eleizegi batzuetan otso eta besteetan zerri izana zen gaztetan. Mutil arrunta zelako. Asto ere bai. Zakurra ere bai. Eta katua zer esanik ez». Kontu horiek Arrunta piezan kontatu dituzte. «Lehen pieza da, eta horrek asko laguntzen du gainerako guztia ondo ulertzeko», gehitu du Izagirrek.
«Eleizegi batzuetan otso eta besteetan zerri izana zen gaztetan. Mutil arrunta zelako. Asto ere bai. Zakurra ere bai. Eta katua zer esanik ez»
JOSEBA TAPIA Musikaria
«Baina ez ahaztu zintzilik ageri den hori, puntaren puntan dagoen hori», jarraitu du Tapiak; «Mister Eleizegiri otu zitzaion Windsor Creak Park-era joan behar zuela. Iritsi zen, eta muino batean etzan zen merezitako siesta egiteko». Izagirrek eman dio segida istorioari: «Zurrungaka hasi zenean, txori bat hasi zen kantari. Hori uste zuen Mister Eleizegik. Inguruan ez zegoen txoririk, ordea. Zein ote kantari hori? Sagarra, bai. Sagar berezi bat». Horregatik eman diote Lady Sagar izena beste abesti bati.
Lady Sagar
Eta kantuan ez ezik hizketan ere badaki sagar horrek. «Har nazazu, har nazazu, otoi!», eskatzen dio Mister Eleizegiri; eta hura altxatu, eta Lady Sagarrengana, zuzen. «Istorio zoragarri baten hasmenta izan zitekeen, baina ezin dizuet dena kontatu. Sagardoaren kabinete etikoak ez digu uzten», esan du idazleak, horri buruz galdetuta. Horren ordez, sagarrak literaturan eta musikan izan duen garrantzia hartu du hizpide: «Xabier Amurizak Agur sagar beltzeran titulatu zuen bere liburu bat. Gero Anje Duhaldek kantatu zuen. Ruper Ordorikak Sagarrondo bati sehaska kanta egin zuen...». Salbatore Mitxelenak ere poema bat eskaini omen zion sagarrari; «poema penagarri bat», Tapiaren eta Izagirreren ustez. «Orain Mister Eleizegi daukagu poema penagarriak uxatu eta sagarraren alde egiteko». C'est fini piezan ere aipatzen da Lady Sagar.
Sagarrak bezala, mendiak ere protagonismo handia du diskoan; zehazki, Otsabio mendiak. Oraingo honetan ere idatzi klasikoetara jo dute bi egileek, mendia inspirazio iturri garrantzitsua izan dela azaltzeko. «Literatura askotako gaia da mendia. Gurearena ere bai. Zer esanik ez kantuetan», nabarmendu du Tapiak. «Hara nun diran/ mendi maiteak» bota du trikitilariak, eta Izagirrek Lizardi poetaren aitorpena ere ekarri du gogora: «Maite ditut gailurrak argiak ez beste/ Ai, hegaztia banintz gainik gain nenbilke». Gaztetan, ikatz bila edo egurra biltzera joan behar izaten zuen Eleizegik Otsabiora, eta erbestean sarri akordatzen omen zen hartaz. Otsabio kantuak dioenez, halaxe esaten omen zioten Parisen emanaldiak bete zituenean: «C'est fini mesie Eleizegi/ c'est fini votre comedi/ Altzon Otsabio mendi».
Komeriak, eta ez txikiak, herriko apaizarekin izan zituen Eleizegik. Izagirre: «Santutasunaren ordezkaria denez, Eleizegi inoiz ezagutu duen bekataririk handiena iruditzen zaio apaizari. Aitzakia ederra da sermoi beldurgarriak egiteko. Asko disfrutatzen du Eleizegiren aurkako sermoiak botatzen dituenean». Hain zuzen, abesti bat eskaini diote kontu horri: Altzoko sermoia.
Europako motzak eta Tamesis piezetan, berriz, belaginak hartu dituzte hizpide. Izagirre: «Belaginak Tamesis inguruan azaltzen dira, lanaren zauriak sendatzeko. Bihotzeko zauriak ere bai. Maite ditu Mister Eleizegik. Eta belaginek estimatzen diote. Oi, ai, egia, apaizaren inbidia!».
Inguru haietan ikasi omen zuen Altzoko Handiak zer den industria. «Langileen lagun egin zen, batez ere irlandarrena», kontatu du Izagirrek Tamesis abestiaz ari dela; «eta han ikusi zuen trena. Hiru ordu egin zituen hari begira txunditurik».
Zalantzarik gabe, Tapiak eta Izagirrek Altzokoaren aldartea aztertzeko egin duten saioak egiten du berezi Mister Eleizegi: «Erran gabe doa urrun gaudela ikerketa zientifikoetatik, baina gertu ibili gara sentimenduetatik. Alegia, nortasun intimo posible batetik hurrean».