Pixkanaka-pixkanaka, memoria galarazi eta pentsatzeko gaitasuna kentzen dio alzheimerrak gaixoari. Ondotxo daki hori Marta Matute zuzendari eta gidoilariak: 19 urte zituenetik 28 urte izan arte ama zaindu baitzuen, hura alzheimerrak jota zegoela. Esperientzia hori kontatu du bere lehenengo film luzean: Yo no moriré de amor (Ni ez naiz maitasunak jota hilko), baina filmaren ardatza ez da, ez, gaixotasuna; zaintza baizik.
18 urteko neska bat da protagonista, eta espero gabe iritsiko zaio albistea: amak alzheimerra du. Egin behar duenaren eta egin nahi lukeenaren arteko balantzan, amaren gaixotasunak zeharkatutako errealitate horretan bizitzen ikasi beharko du gazteak. Gainera, erabat aldatuko da aitarekin eta ahizparekin duen harremana ere: «Filmak erakusten du familia horretako kideek nola aldatzen duten elkarri begiratzeko modua», kontatu du zuzendariak. «Hasieran saihetsezina da tentsioa, baina ama gaixotuz geroztik, ni ere enpatia handiagoa izaten hasi nintzen nire senideekin, denek sentitzen baikenuen gauza bera».
Protagonistaren izaerak talka egiten du amarenarekin. Izan ere, errespetua ematen du amaren nortasunak: boteretsua, zorrotza eta perfekzionista da. Alaba, berriz, errebeldea eta independentea. Alaba zaharrenak badu amaren antza, ordea, eta, «zaharrenaren rola» bereganatuta, hasieran bera arduratuko da ama zaintzeaz. Edonola ere, zahar edo gazte, antza izan edo ez, bakoitzak bere asmoak eta nahiak ditu, eta, hain zuzen, nork bere bidea egiteko, zaintza lanak banatu beharko dituzte.
Zaintza ardatz
Nork zainduko du etorkizunean? Nor izango da zaintzaile? Zuzendariak maiz egin ditu galdera horiek bere kolkorako, ez baitu argi, beharko balu, nork zainduko lukeen zahartzean: «Lagunen artean etxe bat erostea ere pentsatu izan dugu, zaharrak garenean elkarrekin bizitzeko». Hala, Matuteren filmak mahai gainean jartzen ditu zaintza lanen auzia, baliabide publikoen afera, baita zaintzaileen rolen gaineko eztabaida ere. Baina zinemagilearen hitzetan, helburu nagusia efektu lasaigarri bat sortzea izan da: «Filma besarkada moduko bat izatea nahi dut, egoera bera bizitzen ari diren edo bizi izan duten guztientzat».
Filmak Espainiako Filmik Onenaren Urrezko Biznaga jaso zuen Malagako Zinemaldian, martxoan. Gainera, Aktore Onenaren Zilarrezko Biznaga jaso zuen Julia Mascort filmeko protagonistak eta Taldeko Aktore Onenaren Zilarrezko Biznaga Tomas del Estalek —aitarena egiten du—. Film luzerik onenaren Feroz saria ere jaso zuen lanak.
'YO NO MORIRé DE AMOR'
Beste estreinaldi batzuk:

'The Settlement'
Alexandriako (Egipto) fabrika batean hasiko da lanean 23 urteko Hossam, aitak bertan istripu bat izan ondoren. 12 urteko anaiak ere lanera joan nahiko du harekin, eta hala egingo du, baina fabrikako langileak ez dira haietaz fidatuko. Aste batzuen buruan, anaien bizitza hankaz gora jarriko duen beste istripu tragiko bat gertatuko da.
'COUTURES'
Parisko Modaren Astean hiru emakume gurutzatu egingo dira: Maxime, minbizia diagnostikatu dioten zinemagile estatubatuarra; Ada, 18 urteko modelo hegosudandarra; eta, Angele, makilatzaile eskarmentuduna, modaren eta zinemaren industriak emakumeen gorputzetan sortzen duten presioari buruz idazten ari dena.
'HANGAR ROJO'
Santiagon girotua, Txilen, 1973ko irailaren 11n, Pinochetek zuzendutako estatu kolpearen egunean. Jorge Silvak agindu bat jasoko du: gazteak trebatzeko Hegazkintza Eskola atxiloketa eta tortura zentro bilakatu beharko du. Pixkanaka, kamioiek presoz beteko dute hangarra. Erabaki egin beharko du: men egin edo desobeditu.