Lourdes Oñederrak ama-alaben arteko isiltasunak eta ETAren indarkeria aztertu ditu 'Azken batean' eleberrian

Oñederraren hirugarren eleberria da 'Azken batean', eta emakumeak ditu protagonista. Besteak beste, Elisa eta Elixabete ama-alaben arteko harremanaz, familiako loturez, bakardadeaz eta isiltasunaz dihardu liburuak; ETAk ere badu presentzia istorioan.

Lourdes Oñederra idazlea 'Azken batean' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Lourdes Oñederra idazlea 'Azken batean' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2025eko urriaren 1a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ulertzeko nahiak» darama idaztera Lourdes Oñederra, eta horren fruitua izan da haren azken nobela ere: Azken batean (Erein). Identitateaz, denboraren joanaz eta duintasunaren borrokaz gogoeta egiten du eleberriak. Duela hamabi urte aurkeztu zuen bere aurreko lana, Intemperies (Erein), eta, orain Donostiako udal liburutegian egindako aurkezpenean, aitortu du isilaldi horren ostean ezerosotasun pixka bat sentitu duela. «Idazleok ez genuke gure lana aurkeztu behar. Liburua argitaratzean, nik nire lana amaitu dut. Hitza irakurleek izan beharko lukete». Hala uste badu ere, azken lanak biltzen dituen xehetasun guztiak azaldu ditu irmoki.

Bi emakume dira eleberriko protagonistak: Elisa eta Elixabete ama-alabak. Elisa alarguna da, eta haren bizitza, minak eta memoria azaltzen dira nobelan. Gerraosteko emakumearen rola erakusten du haren pertsonaiak, argitaletxeak liburuari egindako laburpenaren arabera, eta ama figura «klabe» gisa agertzen da, «euskal emakume askoren erresistentzia isila haragituz». Eta ideia hori nabarmendu du Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxeko editoreak ere aurkezpenean. Haren hitzetan, Elisa gerra ondorengo emakume «tipiko» bat baita.

Elixabete da eleberriko beste pertsonaia nagusia. Alaba. Ameriketako Estatu Batuetan bizi da, eta bikotekidea galdu berri du. Maite duten pertsona bat galdu izanak batzen ditu ama-alabak, beraz, eta identitateari, erruari eta distantzia emozionalari buruz hausnartzen dute eleberrian.

Elisaren eta Elixabeteren arteko harremana jorratzen du nobelak, baina badira beste hamaika gai ere. Familiako loturak agertzen dira, baita familiako isiltasunak ere. Isiltasunek protagonismoa dute eleberrian, eta Oñederrak horiek «agerian» utzi dituela azaldu du Mujikak. Eta isiltasun horiei buruz aritu da Oñederra ere: «Ama-alaba horien eskutik egin dut txangoa, haien isiltasunetik. Bi sufrimendu daude. Bi oinaze mota. Bi biolentzia. Horien emaitza da isiltasuna».

Ama-alaben arteko distantzia da beste gaietako bat, edo «hurbiltasun nahasia», Mujikaren hitzetan. Zahartzaroaz eta bakardadeaz ere hitz egiten da eleberrian. Zehaztu dutenez, Elisa bakarrik baitago Donostian, eta Elixabete ere bakarrik baitago Ameriketako Estatu Batuetan.

«Nobelako ama-alaben eskutik egin dut txangoa, haien isiltasunetik. Bi sufrimendu daude. Bi oinaze mota. Bi biolentzia. Horien emaitza da isiltasuna» LOURDES OÑEDERRA Idazlea

Oñederrak idazten duen hirugarren nobela da kaleratu berri duena, eta, gogoratu dutenez, hiruretan dira emakumeak protagonistak. Beretzat hori «leku seguru bat» dela adierazi du idazleak, eta hortik idazten duela azaldu du, «emakumearen ikuspegitik». Mujikaren hitzetan «intimoa» da Oñederraren estiloa, «xehetasunez eta memoria puskaz josia».

ETAren presentzia

Liburuan lantzen dituen gaien artean dago ETA ere; «indarkeria giroa eta haren arrastoa zama pertsonalean». Idazleak adierazi du «ahal duena» idazten duela, eta ez «nahiko lukeena». Oñederra: «Ramon Saizarbitoriak behin esan zuen normala zela euskaraz idatzitako literaturan ETA presenteago egotea haien biktimak baino. Gertuagokoa dugulako, izan dugulako, eta giro horretan geundelako. Ados egon edo ez egon».

Oñederrak onartu duenez, lehendik ere bazuen gaiaz hitz egiteko gogoa, eta, zehaztu duenez, fikziora iristerainoko «indarra» hartu du denborarekin. Eta horren zergatia ere azaldu du. «Bakearen Aldeko Koordinakundea nire bizitzan gurutzatu zenetik, orduko egoera hori pentsatzetik sentitzera igaro nintzen. Nire oso barreneko perspektibaren berrantolaketa bat ekarri zidan BAKek. Gogorra izan zen».

«Herri honen askatasunagatik egindako mina gizarte honetan isilpean gorde nahi genuela dirudi. Uste dut gizarteari egindako kaltea, maila kolektiboan, emakume bati eraso matxistak uzten dion orbanarekin parekatu daitekeela» LOURDES OÑEDERRA Idazlea

Oñederrak Eugenio del Rio ETAko kide ohiari behin entzun zion gogoeta bat izan du oinarri Ixa pertsonaia sortzeko garaian —Elisaren koinatua—: «Behin esan zuen gaizkia izan ote zitekeen ETAren sorreraren osagaietako bat. Pentsatzen dut horrek utzi zidala zerbait esploratzeko gogoa». Eta idazleak zehaztu duenez, pertsonaia «gaizto» bat da Ixa istorioan. «Herri honen askatasunagatik egindako mina gizarte honetan isilpean gorde nahi genuela dirudi. Uste dut gizarteari egindako kaltea, maila kolektiboan, emakume bati eraso matxistak uzten dion orbanarekin parekatu daitekeela». Uste horretan, Oñederrak azaldu du istorioa «ateratzen zitzaion bezala» utzi duela, bere burua «batere zentsuratu gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.