'AMA' aldizkariaren bigarren zenbakia eman du Artiumek

Beñat Sarasola idazle eta itzultzaileak editatu du 'Plazaratu' izenburua duen argitalpena, eta Catalina Lozano Artium museoko komisarioak moldatu du webgunerako bertsioa

Beñat Sarasola idazlea, Beatriz Herraez Artium museoko zuzendaria eta Catalina Lozano komisarioa, aldizkariaren aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Duela bi urte argitaratu zuen Gasteizko Artium museoak AMA arte aldizkariaren lehenengo zenbakia, Zeru bat, hamaika bide izenekoa, eta berriki eman du Plazaratu, bigarrena. Beatriz Herraez museoko zuzendariak azaldu du Artiumen egiten dituzten programak aurkezteaz harago doala aldizkaria oraingoan: iritzia ematera gonbidatu nahi dute irakurlea. «Artearen inguruan eztabaidatzeko espazio irekia izan nahi du». Museoa inguratzen duen espazioaz hausnartzen du, zehazki, zenbaki berriak, eta, horretarako, hainbat egileren testuak jaso dituzte bertan. Katinka Bock, Vincent Romagny eta Carme Nogueira dira idazle horietako batzuk.

Beñat Sarasola idazle eta itzultzaileak editatu ditu testuak, eta pozik dago «parte hartzaile guztien elkarlanarekin» lortu duten emaitzarekin. «Asko zaindu dira testua eta testuen gainean egin diren orrazketak eta zuzenketak».

Bigarren zenbakiaren izenburua testua bera ulertzeko lagungarria dela esan du Sarasolak, eta azaldu du plazaratu hitzak, hiztegian bezala, adiera bat baino gehiago dituela aldizkarian ere. Alde batetik, lan bat argitaratzeari egiten dio erreferentzia, eta, beraz, egindako lan guztia plazara hurreratzeari. «Bernat Etxepareren esaldiak ere hala dio: 'Jalgi hadi plazara!'. Berak Euskal Herriari egiten zion gehienbat erreferentzia; guk, ordea, arte kritikak plazaratu nahi ditugu».

Espazio fisikoa hartzearekin du harreman zuzena, bestalde, bigarren adierak. «Kasu honetan, Katinka Bockek Artiumen egin zuen Logbook erakusketa hartu dugu inspirazio iturri». Museoko espazioarekin egin zuen Bockek jolas erakusketa horretarako piezak sortu bitartean, eta, gainera, obra horiek kanpotik ikus zitezen moldatu zuen museoaren egitura. «Lehen itsuak ziren idi begiak, kasurako», zehaztu du editoreak. Ez ziren, ordea, Artium museoak bertako aretoetan zabaldu dituen hutsune bakarrak izan; erakusgeletako hormetan ere irekidura batzuk egitea erabaki zuten.

Bocken poesia batek ematen dio, zehazki, Plazaratu aldizkariari hasiera, eta, hortik abiatuta, lau ataletan banatu ditu Sarasolak edukiak: autoreen esku hartze zuzenak; sortu dituzten obren inguruan artistek egindako hausnarketak; aldizkariak sortzaileei egindako elkarrizketak; eta arte kritikariek idatzitako testu teorikoak. Elkarren artean oso desberdinak dira testu guztiak, eta hala da parte hartzaileen izaerari dagokionez ere. «Maialen Lujanbiok, adibidez, plaza publikoak bertsolaritzan duen garrantziaren inguruan idatzi du; betiere, artearen arloarekin lotura eginez». Mikel Onandia eta Rocio Robles, berriz, 1960ko eta 1970eko hamarkadako artistek plaza publikoan izan zuten eraginaz aritu dira beren testuan.

Artean espezializatutako liburu dendetan eta Artium museoarekin harremanak dituzten liburutegi publikoetan egongo da AMA eskuragarri. Dibulgazio sistema zehazteko baldin badute ere, argi dute bi edizio desberdin argitaratutako dituztela: euskaraz eta gaztelaniaz, bata; ingelesez eta gaztelaniaz, bestea.

Online ere bai

Bi urtean behin kaleratuko duten aldizkari fisikoaz gain, AMA-k webgune propioa ere izango du, eta aldiro eguneratuko dituzte bertako edukiak. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez publikatuko dituzte testu gehienak, baina gutxi batzuk jatorriko hizkuntzan partekatuko dituzte soilik. «Bizi berri bat eman nahi diegu museoaren eskuetan dauden eduki batzuei, artxiboan ahazturik geratu ez daitezen», azaldu du Catalina Lozano Artiumeko komisario eta AMA aldizkariaren webguneko arduradunak.

Ursula K. Le Guin zientzia fikziozko idazlearen obran oinarritutako hiru zatitan banaturik egongo dira online aldizkariko edukiak. Ezagutza uzta izeneko atalean, online jaso dituzten edukien aukeraketa bat egingo dute kolaboratzaileek; Hitz kontua atalean, berriz, artearen lengoaiaren inguruan hausnartuko dute artistek; eta Denborarik galdu gabe atalak, azkenik, artearen eremuan instituzioek egiten duten lana baloratuko du. «Artiumen kasuan, adibidez, kanpoko eragileekin ditugun harremanak aztertuko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.