Zurrumurruak zabaltzen hasiak ziren duela aste batzuk, Amaia Lixeratzuk hartuko ziola segida Sabine Cazenave Baionako Euskal Museoko zuzendariari. Gaur antolatu duten prentsaurrekoan, biak agertu dira kazetarien aitzinera, eta argitu dira dudak: Lixeratzuk hartu dio lekukoa Cazenaveri. Aspaldiko partez, beraz, euskalduna izanen da euskal kulturaren transmititzeko «funtsezko tresnaren» zuzendaria, berak deskribatu duen bezala.
«Kultura baten eta haren hizkuntzaren garatzeko ondare sendo» baten beharra azpimarratu du Lixeratzuk hitza hartu duelarik. Yves Ugalde museoko lehendakari eta Baionako Herriko Etxeko kultura axuantak aurkeztu du Lixeratzu ofizialki, prentsaurrekoaren hasieran. «Lekukoaren transmititzeko zailtasunez» mintzatu da lehenik, baina Cazenave eta Lixeratzuri so egin die fite, eta hurbildutakoei segurtatu museoko zuzendaritzaren kasuan «biziki ongi» iragaten ari dela prozesu hori.
Izan ere, Lixeratzu duela bi aste iritsi zen museoko bulegoetara, eta, orain arte, jarraibideak hartzen aritu da, Cazenavek lagundurik; zazpi urtez postuan egon ondotik, erretretaren adinera heldu da Cazenave.
«Lurraldearendako biziki tresna inportantea da; funtsezkoa, errango nuke. Zeren eta gure ondarea, herri kultura, historiaren kontserbatzeko eta kontatzeko tresna nagusietariko bat da»
AMAIA LIXERATZU Baionako Euskal Museoaren zuzendaria
Ugaldek azpimarratu du «fite ohartu» dela Lixeratzuk «ekiteko» duen gogoaz. Irriño bat marraztu zaio zuzendari berriari, baina, elkarrizketak egiteko garaian, guti besterik zehaztu nahi izan du Euskal Museoan garatu gogo lituzkeen proiektuez.
Halere, zera adierazi du museoaz duen ikuspegiaz: «Lurraldearendako biziki tresna inportantea da; funtsezkoa, errango nuke. Zeren eta gure ondarea, herri kultura, historiaren kontserbatzeko eta kontatzeko tresna nagusietariko bat da. Duen bilduma aberatsaren bitartez, transmititzen ahal du kultura hori, historia hori gazte belaunaldier eta, oro har, hemengo biztanle guzier. Haren historian ere agertu da tresna inportantea izan dela kultur eta arte garaikidearen garapenerako. Azkenik, kanpotik heldu diren bisitariendako, gure lurraldearen konprenitzeko funtsezko gakoak ematen ditu: molde zientifiko batean, han-hemenka hedatzen diren klixe komertzialetatik haratago».
Lixeratzuk «hizkuntza eta kulturaren zerbitzuko» egin du bere ibilbide profesional guzia. Urteetan zenbait instituziotan ibili da, baina bere lehen lanaren inguruko zehaztapenak eman nahi izan ditu: «Hemen berean, Euskal Museoan, mediazio zerbitzuan hasi nintzen». Hautetsien kontseiluan egon zen gero, hamar urtez Euskararen Erakunde Publikoan, eta kulturaren arlora itzuli zen euskal kulturaren aldeko eta herrien arteko sindikatuan, Euskal Hirigune Elkargoa sortu zen arte. Orduan sindikatua desagertu zen, eta Elkargora sartu zen: zortzi urtez egon zen hizkuntza politiken zuzendaritzan, euskararen eta gaskoiaren sustatzeko lanean. Ikusizko arteen garapenean aritu da azkenik, Elkargoan betiere.
'Fond de bain'
Zuzendari berria aurkezteaz beste, erakusketa bati ongietorri ofiziala ere egin diote goizeko prentsaurrekoan: Fond de bain. Hermann-Paul pintore «paregabeko samarraren» obrari leku egin diote Baionako Euskal Museoko geletarik batean. Holaxe deskribatu du artista haren lanaren aditua den Aurelie Desperieresek, idazten ari zen liburuaren aitzakian atera baitute erakusketa.
Hain zuzen ere, Historia-Geografia irakaslea da Desperieres, XIX. eta XX. mendeetako prentsa karikatura anitz ikertutakoa. Hermann-Paul, erraterako, Parisko karikatura egile famatua zen jadanik Josephine Colin ezagutu zuelarik. Pintura kurtsoak hartzen zituen orduan, Gustave Colin Josephinen aitarekin, eta Charles Colinen lagun bilakatua zen, Gustaven seme eta Josephinen anaia. Orduan, maitemindu ondotik, Getariara (Lapurdi) bizitzera etorri zen emaztearekin: bertan sortu zuen Le Fond de bain kazeta; 21 zenbaki argitaratu zituen 1895etik 1898ra bitartean. Idazkiez gain, xilografiak ere agertu zituen bertan, baita artistak berak sortutako ilustrazioak ere, litografiaren teknikari esker.Â
Hala, irailaren 18tik urte bukaerara bitarte, Hermann-Paulen artea eta Euskal Herrian pasatako urteak biltzen dituen erakusketari leku eginen diote museoan. Colin familiarekin osatzen zuten pintore dinastiaz gehiago ezagutzeko aukera eskainiko da, baita Hermann-Paulek bere aldetik Parisen ukandako karreraz ere; kazetaritza ibilbideaz erakusketari izena eman dion Le Fond de bain kazetaren aleak ikusgai izanen dira.