Donostiako 47. Jazzaldia

Amaitzeko, dotorezia

Donostiako Jazzaldiari ezin zitzaion edozein modutan amaiera eman. Beraz, aurten, hiriaren dotoreziarekin bat eginez, Madeleine Peyroux estatubatuarraren kontzertu bikainarekin bukatu da.

Madelein Peyroux, atzo, Kursaalean, eta haren atzean Ted Baker piano jotzailea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Jazzaldia ezin zen hobeto amaitu. Madeleine Peyroux Kursaalean egon zen atzo, bizitza eta musika hezkuntza AEBetan eta Frantzian oinarriturik dituen musikaria, dotoreziaren kontzeptua jazz boskotean azalduz. Apaindura gutxi eskaini zituen, eta Ted Bakerrekin batera, bluesaren eragin handia duen piano eta organo jotzailearekin batera, soinu goxoa eta oso zaindua atera zuen. Shane Theriot aritu zen gitarra jotzen, Barak Mori baxuarekin eta kontrabaxuarekin, eta Darren Beckett bateria jotzen.

Peyrouxek 15 urte zituen Parisen kaleko musikariekin abesten hasi zenean, eta 15 urte bakarrik igaro dira lehen diskoa kaleratu zuenetik. Hala ere, atzo ziurtasun handiz interpretatu zituen bere kanta guztiak, horien artean arrakasta handia duten Careless Love diskoko Dance Me to The End of Love eta Don't Wait Too Long. Haren erosotasuna argi sentitzen zen, eta horren seinale izan zen zapatak ere kendu izana, kontzertuari umore ukitua emanez. Hasieran pianoa hotz sentitu zen, baina perkusio jotzailea eskobilekin kaxa laztantzen hasi zenean, baxuaren kontxea pikatuen testuinguruan eta gitarraren akorde goxoekin, Peyroux bere gitarraren laguntzaz abesten hasi zen, eta jazzaren garai klasikoetara ere eraman gintuen bere musikarekin. Haren musikaren jarraitzaile guztiontzat berritzailea eta atsegina izan zen bateria jotzailearekin ekimenez kantu batzuentzat soinu berriak bilatzea, Frantziako musikaren eragina azalduz. Pianoaren ordez, melodika bat, gitarraren ordez, mandolina, eta perkusio gisa, egurrezko kaxa arrunt bat. Komunikazio bikaina eduki zuten musikarien artean, eta kalitate handiko kontzertu dotorea izan zen, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.