Amaiurko gaztelu beltza, sinbolo zena harri azpitik altxatuta

Lehen aldiz, erakusketa antolatu du Iruñeko Udalak. Hainbat artistaren obrak eta orain arte ezagutu gabeko arrasto arkeologikoak bilduko ditu

joxerra senar
Iruñea
2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jose Maria Jimeno Juriok «Nafarroako sinbolo» deitu zion Amaiurko gazteluari. Nafarroako erreinua galdu zeneko azken erresistentziaren ikur gisa gogoratu eta kantatu da maiz. Harenerreferentzia nagusia artisten margoetan edo eleetan zegoen, Esteban Urkiaga Lauaxeta-ren Gaztelu beltza olerki ezaguna bezala. Toki fisikorik ez zuen, ordea. Atzo, Joseba Asiron Iruñeko alkateak azpimarratu zuenez, irudimena astindu beharra zegoen, herriaren gainaldean, monolitoaren azpian gaztelu bat altxatu zutela irudikatzeko. 2006an Aranzadi zientzia elkarteak indusketa arkeologikoak hasi zituenetik, irudimenari zientziak hartu dio tokia, eta, apurka-apurka, harri artean gaztelua altxatu da. «Jada oso urruti geratzen zaigu hasieran genuen gaztelu txiki haren irudia», aipatu zuen atzo Aranzadiko Juantxo Agirre Mauleonek.

Urriaren 29tik urtarrilaren bitarte, Amaiur azken gaztelua izenburupean, gazteluari buruzko erakusketa antolatu du Iruñeko Udalak, Aranzadi zientzia elkartearen laguntzarekin. Joseba Asiron Iruñeko alkateak «mugarritzat» jo du, iruditeria kolektiboan garrantzi berezia izan duen gazteluari buruzko lehen erakusketa delako eta, estreinakoz, orain arte ezagutu gabeko arrasto arkeologikoak erakutsiko dituelako.

Batetik, setioaren garaitik 1982raino idazleek gazteluari buruz idatzi dituzten pasarteak jasoko ditu erakusketak: Jose Maria Jimeno Jurio, Lauaxeta, Arturo Kanpion, Serapio Esparza, Julio Altadill... «Konkista garaiko eskutitzetan jada ikusten da barruan zirenen artean bazegoela kontzientzia bat. 'Hau bukatu da, gu gara azkenak, akabo'», azaldu du Agirre-Mauleonek.

Bigarren zatian, gazteluari buruzko artisten begirada jasoko du: «Kondestable jauregiko patioa artearen eta sormenaren gunea izango da. Egungo artisten margoak, ilustrazioak, urmargoak eta grabatuak erakutsiko dira, eta gaztelua hartuko dute inspirazio iturri».

Eta hirugarren aretoak ikuspegi historikoa jasoko du. Hala nolaErdi Aroan Nafarroan gazteluetan egin ohi zen bizimodua azalduko da. Alta, konkistaren garaiak izango du protagonismo berezia, eta indusketetan jasotako arrastoak erakutsiko ditu. «Adibidez, harlanduan eta harri azpian, ezpata oso bat topatu genuen, eta, horrekin batera, artilleria zatiak, zeramika zatiak eta aizkora bat. Normalean, ezpatak aurkitu ohi ditugu hil ospakizunen testuinguruetan, jauntxoak bere ezpatarekin lurperatuta. Hemen, aldiz, aurkitu dugu ezpata gerra testuinguruan», azpimarratu du Agirre-Mauleonek. Erakusketak 50.000 euroko aurrekontua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.