Amantaletan gordetakoak

1936ko gerra eta gerra ostea bizi izandako emakumeen testigantzak oinarri hartuta, 'Amantalen ahotsa' ikuskizuna sortu duteAhotsik izan ez zutenei emateko, kantuak, bertsoak eta antzerkia uztartuko dituzte

Ehun emakume inguru elkartuko ditu obrak: haietako berrogeiren testigantzak izango dira oinarria, eta beste hirurogeik bertsoz, kantuz eta antzerkiz jantziko dituzte haien hitzak. JON URBE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ahopean hitz egiteko garaiak ziren, are gehiago emakumeentzat.Irabazleen begietatik idatzi zen ondoren historia, gizonen ikuspegitik, galtzaileen eta emakumeen begirada baztertuta. 1936ko gerra eta gerraostea bizi izan zuten dozenaka emakumek hitza hartu, eta euren testigantza eman dute orain. Horiek ezagutarazteko, hitzei molde artistikoa eman die emakume talde batek. Gerra hasi zela aurten 75 urte bete direla aitzakiatzat hartuta, Amantalen ahotsa ikuskizuna prestatu du Amantala kultur elkarteak, kultur arloko dozenaka emakumeren parte hartzearekin. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian taularatuko dute lana, emanaldi bakarrean, urriaren 7an.

Ikuskizuna prestatzeko sortu zuten Amantala kultur elkartea. Duela urte eta erdi sortu zitzaien ideia, «amets bat ia-ia», Idoia Etxeberria elkarteko kidearen hitzetan. Ahotsak.com egitasmorako bildutako hamaika testigantzen artetik, 40 inguru aukeratu zituzten: Pakita Anabitarte Guruzeaga, Xerafina Iriarte Arostegi, Paxkuala Kortadi Ormaetxea, Miren Zuazabeitia Herrasti, Rufina Irazu Amondarain, Juana Lasa Jauregi, Pantxi Matxain Etxaniz, Maria Dorronsoro Dorronsoro... eta beste hamaika, gipuzkoarrak denak, Donostialdekoak gehienak. Gerrari lotutako pasadizoak ez ezik, orduko bizimodua nolakoa zen ere azaldu dute guztiek: giroa, eskolako esperientziak, erlijioaren pisua, harremanak... Orduan isildutako oroitzapenak, sentimenduak eta bizipenak, azken batean. Haien hitzak izango dira ikuskizunaren «bizkarrezurra», Etxeberriaren esanetan.

«Gorputza», berriz, bertsoek, kantuek, musikak, dantzak eta antzerkiak emango diote ikuskizunari. Itziar Ituño aktoreak egingo ditu kontalari lanak, Sorkunde Idigoras pianoan lagun duela. Mirari Irurzun biolin jotzailea eta Arantxa zein Eli Ansa txalapartariak ere ariko dira musikarien artean. Kantuan, berriz, Amaia Zubiria, Arianne Unamuno, Zaloa Urain eta Ain_1 elkartuko dira, eta bertsotan Maialen Lujanbio ariko da. Oinkari taldearen eskutik etorriko dira dantzak Viktoria Eugenia antzokira, eta antzezle lanetan, Ainere Tolosa, Sara Cozar, Maite Bastos eta Naiara Arnedo aktoreak ariko dira. «Emakume asko jarri ditugu amantalak jantzita».

Pieza horiekin guztiekin puzzlea osatzeko, Agurtzane Intxaurragari deitu zioten elkarteko kideek. «Kafetxo bat hartuz azaldu zidan Idoiak zein zen asmoa, eta bihotzetik, tripetatik hitz egiten zidala ikusi nuen. Hogei minutu egongo ginen, berehala esan nion baietz». Aurreko antzezlanean,Ilargiaren bi aldeak obran, gerraren gaia haurren begietatik jorratu zuen Intxaurragak, eta proiektuaren berri jakitean bere amamaz oroitu zen. «Amantala jarrita gogoratzen dut, lanean, barrez, negarrez... sentimendu horiek denak erakutsi nahi ditugu». Diziplina ezberdinak elkartu eta «tradizioa eta garaikidetasuna uztartuz», lanari ikuspegi artistiko bat ematea izan da bere ardura zuzendari artistiko gisa. «Trama, umorea eta poesia izango ditu». Pieza guztiak batuko dituen objektua izango da amantala, «emakume horiek izan zuten indarraren metafora gisa, haiei esker baikaude gu hemen». Haiek hunkitzea eta, aldi berean, poztea nahi luke horregatik, ikuskizuna «opari bat» balitz bezala hartzea.

Hainbeste pertsona bilduko dituen ikuskizuna izanik, «egun bakarreko hordagoa» dela jakitun da Intxaurraga. «Baina senak esaten dit ongi aterako dela».

Herri ekimenetik sortua

Amaia Zubiria kantariak, Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak eta Nerea Txapartegi Donostiako Kultura zinegotziak lagunduta aurkeztu dute ikuskizuna. Guztiek jantzi nahi izan dute amantala. Emakume eta donostiar gisa, halako proiektu bat aurkeztearekin bereziki pozik agertu da Txapartegi. «Liburuetan hitzik izan ez duten pertsona horiei hitza ematea da asmoa». Gerran faxistek 385 donostiar fusilatu zituztela eta herritarren erdiak hiritik alde egin behar izan zutela ekarri du gogora hautetsiak. «Orduan gertatu zena zintzo gogoraraztea da erronka, egia jakin dadin eta Justizia egin dadin».

Proiektuaren atzean «lan handia eta jende asko» dagoela nabarmendu du Etxeberriak, herri ekimenetik sortutako ikuskizun bat dela. Sarrerak gaurtik egongo dira salgai, bai Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, bai Interneten, 12 euroren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.