Literatura

Amaren iragana deskubritu nahian dabilen emakume baten istorioa du ardatz 'Chicago' nobelak

Aitziber Etxeberriaren liburu berria da 'Chicago'. Aurretik 'Olivetti' kaleratua zuen, eta haren jarraipena da; halere, idazleak azaldu du hura irakurri ez dutenak ez direla galduta sentituko. Emakume zientzialarien figura aldarrikatu nahi du eleberriak.

Aitziber Etxeberria, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Aitziber Etxeberria, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko ekainaren 2a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Farmazia ikasketak egin zituen unibertsitatean Aitziber Etxeberria idazleak. Gogoan du eskoletan gizonezko zientzialarien izenak besterik ez zuela entzuten: «Ematen zuen emakumeak ez zirela existitzen; ez zutela ikasi, ikertu... Baina, apur bat arakatuz gero, hor daude». Eta bota ditu izen batzuk: Rosalind Franklin, Lisa Meitner, Margarita Salas... Horiek horrela, emakume zientzialariei nolabaiteko aitortza-edo egin nahi izan die Etxeberriak Chicago bere liburu berrian. «Emakumeak zientzian zeinen garrantzitsuak izan diren eta zer-nolako zailtasunak izan dituzten azaldu nahi nuen», gaineratu du. Erein argitaletxearekin kaleratu du.

Duela sei urte plazaratutako liburu baten jarraipena da lan berria; Olivetti-rena (Erein, 2020), hain zuzen. Bertan, Ingrid izeneko gazteari aita hil zaio —ama ere, Elisa, hila du—, eta testamentua irakurtzera notarioarenera joandakoan, amak hil aurretik utzitako eskari baten berri izango du: Olivetti makina zaharra berarentzat izatea. Ingrid orduan hasiko da amaren iraganean aztarrika, eta Chicago-n ere lan horretan jarraituko du.

Ingrid eta haren familia Donostian bizi ziren, eta 1975ean haren amak Chicagora bizitzera joateko erabakia hartu zuen. «Itota sentitzen zen. Ama eta emaztea zen, baina aldi berean, zientzialaria ere bazen, eta etorkizun hobe baten bila joan zen». Han garatu zuen bere ibilbide profesionalaren parte bat, zentral nuklear batean. Bi istorio txirikordatzen dira eleberrian; batetik, Elisak 1975ean Chicagon izandako bizitza, eta, bestetik, Ingridek 2009an bere ama zein izan zen jakiteko asmotan Donostian abiatutako ikerketa.

Giro nahasia

Elisa Chicagora iritsitakoan giroa bero-bero dago, eta horren berri izango du irakurleak ere. Batetik, Gerra Hotzaren garaia da, eta AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko lehia teknologiaren eta zientziaren esparrura ere zabaldu da; hori bera bere larruan sumatuko du protagonistak. Bestetik, Vietnamgo gerra amaitu berri da, eta horren aurkako mugimendu sozial handia egon da. Gainera, arrazakeria handiko garaia da, eta herritarrek hori salatzeko makina bat mobilizazio egiten dituzte.

Protagonista ere gauzak aldatzeko asmoz iritsi da hirira; Etxeberria: «Idealista da, mundu berri bat nahi du». Baina, ez du lan erraza izango; lan egiten duen enpresak helburu jakin batzuetarako erabili nahi du energia nuklearra; Elisaren ustez okerra dena. Hori dela eta, talde klandestino batean parte hartuko du, erabilera on bat bultzatze aldera. Talde horrek, ordea, makina bat buruhauste ekarriko dizkio: arriskuak, beldurrak...

«Emakumeak zientzian zeinen garrantzitsuak izan diren eta zer-nolako zailtasunak izan dituzten azaldu nahi nuen»

AITZIBER ETXEBERRIA Idazlea

Bestalde, Elisa hil eta urte batzuetara, Ingrid «minduta» dago. Amaren inguruan ezer gutxi dakiela uste du, eta familiak ez diola argi kontatu zergatik hil zen. Hori dela eta, ama bene-benetan nor zen jakin nahi du. Ikerketa bat abiatuko du Ingridek, bere lagun Dustyrekin batera, Donostian, jaioterrian. «Ingridek bakea bilatu nahi du», gaineratu du idazleak.

Etxeberriak gustuko du historia, eta interesgarria iruditzen zaio 1970eko hamarkada; horregatik erabaki zuen Elisaren istorioa bertan kokatzea. Garai hartan Chicagon gertatutakoak urrun geratu badaitezke ere, oraindik aktualitatea badutela uste du: «Gauza batzuek berdin jarraitzen dute». Zera ere gaineratu du: «Ondo dago jakitea zer gertatu zen, gaizki emandako pausorik berriz ez emateko».

Irakurlerik ez galtzea

Egilearen ustez, bi irakurle mota izango ditu Chicago-k: aurrenekoz eleberrira iritsi direnak —horientzako azalpen labur bat dago liburuaren hasieran, istorioa ulertu dezaten—, eta Olivetti irakurrita jarraipen gisa hartuko dutenak. Hain zuzen, Uxue Razkin Ereineko editorearen arabera, irakurlerik ez galtzea izan da erronka nagusietako bat; eta horregatik erabaki dute testuingurua ematen duen ohar hori jartzea.

Liburuaren azala Ivan Landak egin du, eta Etxeberriak haren lana azpimarratu du: «Liburuaren elementu guztiak jaso ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE