Amaren itzal luzea, ahizpen arteko harresi

'Koadernoa zuri' nobela argitaratu du Arantxa Iturbe kazetariak. Hogei urtez elkarren berri izan ez duten bi ahizpa ditu protagonista, amaren heriotzaren ostean elkartu direnak

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
«Amapeko haurtzaroa» izan duten bi ahizpa dira protagonistak, Begoña eta Arrate. Ama hil eta hilabete gutxira, topo egin dute, «erabat ezustean», amaren etxe hutsean. Hogei urte dira Begoñak, ahizpa zaharrenak, alde egin zuenetik: ez dute elkarren berririk ordutik. Testuinguru «oso hotzean», baina hitz egiten hasiko dira. Hori da Arantxa Iturbek Elkar argitaletxearekin argitaratu duen Koadernoa zuri nobelaren abiapuntua.

Ama kontrolatzaile baten agindupean heziak dira Begoña eta Arrate, eta biek jarrera desberdinak hartu zituzten: «Bata, otzan-otzan, etxean geratu zen amaren alboan, eta munduak beraz espero zuena egin zuen; bestea, aldiz, askoz ere oldarkorragoa izaki, ez zen ausartu amari aurre egiten, baina otzan izan nahi ez zuenez, ihes egin zuen». Hogei urteko isiltasun harresi baten alde banatan daude bi ahizpak. «Gazteenak ez du ahizpa besarkatzeko gogorik ere sentitzen, erabat hotz gelditzen da, besteak beste, susmo arraroak hasten zaizkiolako buruan: zergatik azaldu den ahizpa hori hainbeste urteren ondoren, berririk batere eman gabe, justu ama hil eta hain hilabete gutxira...».

Koadernoa zuri, izatez, ez zen nobela izateko jaio, Iturbek azaldu duenez. Hika Teatroak udazkenean estreinatutako antzezlanaren izen bera du Iturberen eleberriak, ez kasualitatez: Agurtzane Intxaurraga zuzendariarekin batera idatzi zuen oholtzarako testua, eta, gero, hortik abiatuta eman zion nobela forma. Badira batzuk Intxaurragak eta Iturbek elkarrekin osatutako antzezlanak; oraingoan, ordea, ariketa berria izan dela azpimarratu du Iturbek: «Erabat atzekoz aurrerako pausoa da, zeren liburutik oholtzarakoa elkarrekin egin izan dugu, orain baino lehen; lehenbizikoz, eszenatik liburura egindako urratsa da hau». Azaldu duenez, denbora jauzi dezente ditu kontakizunak, eta pare bat atal berri sortu ditu libururako propio, nahasmenik ez sortzeko.

'B'-z betetako lana

«Zalantza asko» izan ditu Iturbek antzezlana nobelaratzeko orduan: «Buruan burrunba gehien pizten zidan galdera zen: 'Ze nezesidade?'». Idazketa bukatu eta lehenengo irakurrialdiaren ostean erabaki zuen argitaratzea: «Emaitza ikusita, 'bai' esan nuen: 'ze nezesidade' ez dakit, baina aurrera, paperera».

Ariketa berria izateaz gain, «berezia eta oso bizigarria» izan dela azaldu du, eta, liburuaren aurkezpenerako testua prestatzen ari zela, iruditu zitzaiola b-z betetako testua zela hura: «Testu bat oso betea, bere laburrean; barne indar askokoa bere xumean; barregarria ere bai, une bakanetan; behin baino gehiagotan basatia». Aktoreen mugimenduetarako iradokizunak ezabatu eta pertsonaiak mugimenduan jartzea, eta aktoreentzako oharrak kendu eta pertsonaien sentimendu bihurtzea izan da Iturberen zeregina.

Antzezlana egokitzeko ariketa bera ere b-z hasten diren hiru hitzekin definitu du Iturbek. Batetik, «birziklatze esperimentu bat» izan da: «Oholtza gainean, hitzok entzungo dira ordu eta laurdenean, eta behin esanda amaitzen dute euren eginbeharra; liburuan berrerabilita, badut itxaropena hitz horiei bizitza luzatuko zaiela». Bestetik, «biluzte ariketa bat» ere izan da: «Hitz hauen gainean eraikitako guzti-guztia deseraiki egin dut, lan hori hartu dut, hitzak biluzik utziz». Hitz biluzi horiekin mundu desberdin bat eraikiko du aurrez Hika Teatroaren antzezlana ikusi ez duenak, haren esanetan. Azkenik, lan borobila dela dio: «Ez naiz emaitzaz ari: borobila izan da zirkularra den neurrian, hasiera eta amaiera duen neurrian».

Aspaldi literatur lanik argitaratu gabea da Iturbe, eta esperientzia ona izan dela nabarmendu du: «Asko balio izan dit inoiz galdu ez dudan hitzekiko pasioa berresteko; balio izan dit hitz biluziak nork bere munduak irudikatzeko duen balioa berresteko, eta balio izan dit hitz hutsak barrenak astintzeko duen ahalmena berresteko ere».

Euskarazko Bernarda Alba ote den galdetuta, ezetz esan du Iturbek; ez zaiola hala iruditzen, baina Intxaurraga ez dela uste berekoa: «Behin baino gehiagotan esaten zuen Bernarda Alba zela, baina euskaraz; askotan eztabaidatu izan dugu, niri ez zaidalako iruditzen hala denik. Ama bat da, alabei bizitzen uzten ez diena: horraino bai, baina hortik aurrera...». Iturbek Arrateren eta Begoñaren ama ikusten du «haien hobebeharrez hainbeste min egindako ama horietako baten» gisan. Alabak «zintzoak, onak eta probetxuzkoak» izan daitezen, «bizitzen ez uzteko adinako ahalegina» egiten duena. Eta ideia ez da, izatez, fikzioa: «Bi emakume hauen istorioa, ez zehazki horrela, baina ezagutzen dugun istorio bat da: ama klase hori ezagututako ama klase bat da, segur aski aurreko belaunaldietakoek gehiago ezagutu zituztenak».

Nobela laburra da, 80 inguru orrialdekoa. Elkarrizketa ugari ditu, baita zenbait eskutitz ere, tartekatuta, koaderno batean eskuz idatzita baleude bezala. Alaba zaharrenak idatzitakoak dira, ihes egin zuenak: «Une batean jabetuko da, gainera, amari idazten ari dela». Izenburuak zentzu bikoitza du: amari idatzitako eskutitzena, eta zuri dagoen koadernoarena: «Norberak erabaki behar du koadernoa nola bete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.