«Ezagutu dudan adierazpen modu basati, itsusi, asaldatu eta gaiztoena da, [...] gezurrezkoa eta artifiziala, kirtenek eta liskartiek konposatua eta kantatua», esan zuen Frank Sinatrak 1950eko urteetan loratzen ari zen rock-and-rollari buruz.
Rock-and-rollak garai hartako nerabeak zoratzen zituen moduan, reggaetonak eta musika urbanoen inguruan sortutako bestelako soinuek mundu osoko gazteak xarmatu dituzte. Eta kutsu latinoko eztanda dantzagarri hori ikusirik, Bad Bunny, Karol G eta J. Balvin musikarien zaleen guraso batzuek —X belaunaldiko kide, beraz— Sinatra suminduaren jarrera bera hartu dute, perreo-a dakarren musika mugimendu transnazionala gutxietsi eta, era berean, belaunaldien arteko talka edo arrakala areagotu. Baina zer dago 50 urte inguru dituzten guraso batzuek reggaetonari dioten gorrotoaren atzean?
Galdera horri erantzuteko, Oriol Rosell kultur kritikari, dibulgatzaile eta Musika Elektronikoaren, Ikus-entzunezko Narratibaren eta Soinuaren Dramaturgiaren Historia eta Estetikako irakasleak (Bartzelona, 1972) Matar al papito. Por qué no te gusta el reguetón (y a tus hijos sí) [Aitatxo hiltzea. Zergatik ez zaizu reggaetona gustatzen (eta zure seme-alabei bai)] idatzi zuen iaz —kutsu freudiar nabarmena duen izenburua, gurasoak interpelatzeko asmoz—. Bada, saiakera hori musikari buruz gaztelaniaz idatzitako liburu onenen zerrendetan kokatu zen iaz, autoreak analisi soziologikoa eta reggaetonaren historia bikain uztartu dituelako, gehienbat. Liburuak xede dibulgatzailea izanagatik ere, aberatsa da erreferentzietan eta aipu bibliografikoetan; besteak beste, Mark Fisher, Simon Reynolds, Grafton Tanner eta Jon Savage pentsalari eta musika kritikarien esanak agertzen dira.
Reggaetonaren eta musika urbanoen gaineko eztabaida musikatik haratago doa; izan ere, heldu askok bere gain hartu ezin izan dituzten aldaketa soziokulturalen isla da. Hala, aldaketa horiek bestelako ikuspegi bat eragin dute gazteengan, eta, ondorioz, gazteek deliberatu dute ezarri zaizkien arauak eraistea eta beren balio propioak eraikitzea, boomer-en belaunaldiaren erreferenteetatik oso urrun. Rosellek liburuaren bigarren zatian aztertzen ditu aldaketa horiek, eta, haren aburuz, Bad Bunny ikur duen estiloaren arrakasta globala prekaritatearen eta indibidualismoaren emaitza da —reggaetona bera migrazioaren eta pobreziaren ondorena da—.
Lirismoaren gainbehera
Autorearen arabera, kapitalismoak azken 30-40 urteetan izandako aldaketen fruitua da musika urbanoen zabalkundea, neoliberalismoaren ezarpen globalak utopismoaren desagerpena ekarri baitu. Horiek horrela, «utopismotik zinismorako jauziak X eta Z belaunaldien arteko muga ikusezin eta zeharkaezina ezarri zuen». Hiperkapitalismo horretan, rockak tradizionalki haizatzen zuen iraultzarako grina erabat lausotu da hiriko soinuen artean: «Ez dago iraultzarik, errendizioa baizik».
Hartara, reggaetonaren eta traparen unibertsoetan ez dago lekurik ez poesiarako eta ez nostalgiarako. «Orain arte, azaleko poesia bat izan da, metaforarena. Eta orain ez da horrelakorik. Garai oso esplizituak bizi ditugu. Sare sozialetan nola hitz egiten dizuten ikusi besterik ez dago. Ez dago filtrorik».
Sasoi esplizitu horien adierazle dira kantu batzuetako hitz sexistak ere. Horrekin batera, ezin da ukatu Afrikako diasporako kulturetan ezinbestekoak izan direla betidanik dantza eta kontaktu fisikoa. «Mendebaldeko zisheteroen artean ez da horrelakorik gertatzen, ligatzeko edo drogatuta gaudenean bakarrik dantzatzen baikara».
Nostalgiari dagokionez, idazle katalanaren aburuz, reggaetona maite duten gazteen gurasoak beste garai batean hazi ziren, zeinetan nagusiki inperio anglo-saxoiaren itzalean bizi izan ziren, eta orain tupust egin dute paradigma berri batekin: kultura latinoaren influentzia. «Haurrentzat latinoa den guztia jada ez da exotikoa, migrazio dentsitate handiko guneetan bizi baitira».
Bestelako gazteria bat onartzeko erresistentzia ere antzematen du Rosellek, eta sarritan industria kulturalak horren alde egiten du, antzinako fenomenoek irautea ahalbidetzen baitu: «Industria kulturalek ez dute nostalgia saltzen: etengabeko presentzia bermatzen dute».
Diskoteka gurpildunak
Baina Matar al papito denboran barrena bidaiatzen duen kontakizun bat ere bada; hain zuzen, Panama, New York eta Puerto Ricoko lurraldeetara doana. Kartografia horri jarraikiz, Rosellek lau geltoki nagusi proposatzen ditu reggaetonaren ibilbide historikoa ulertzeko: reggaea, dancehalla, hip-hopa eta elektroa. «Reggaetona, Juan Flores akademikoaren aburuz, 'lehenengo musika transnazionala da, hitzaren zentzu osoan'. Jamaikako reggaearen eta AEBetako hip-hoparen arteko hibridazio gisara sortu zen, gero Panaman berrinterpretatu zuten, eta, bereziki, Puerto Ricoko auzo popularrenetan. [...] Era berean, trapa periferiako ahots gisara ere azaldu zen, lehenengo AEBetako hegoaldean, eta gero, gazte latinoek berea egin zuten».
Hartara, reggaetonaren historiak lilura sortzen du, jatorri askotarikoa duelako. Zirkulazioan gertatutako zerbait da, eta horrek migrazioarekin lotzen du zuzenean, bai eta pobreziarekin ere. Izaera nomadako musika da, eta, estilo gutxi uztartzen baditu ere, nahasketak infinituak dira. Hala, Rosellek sekulako lana egin du reggaetonaren historia koherente eta sendo bat eratzeko, hip-hopean gertatu den moduan, protagonistek ikuspegi pertsonaletatik abiatuta josten baitute historia.
Kontakizun historiko horretan, hainbat gertaera eta anekdota jaso dira; esaterako: Panamako kanaleko lurraldeak AEBen eskuetan zeudenean, estatubatuarrek ingelesez hitz egiten zuen eskulan merkea behar zuten, eta, ondorioz, hainbat jamaikar langile eraman zituzten. Panamak lurraldearen subiranotasuna lortu zuenean, jamaikar horiek espainiera ikasi zuten, eta ulertzeko zaila zen reggae baldar bat musikatzen hasi ziren.
Herrialde horretako Deabru Gorriak izeneko autobusak ere funtsezkoak izan ziren undergroundetik sortzen ari ziren zinta grabatuak banatzeko. 70eko urteetatik aurrera, ugaritu egin ziren, eta nagusiki AEBetako eskola autobus beilegi zaharrak ziren; gorriz pintaturik eta askotariko apaingarriz jantzirik, musika esklusiboa bilatzen zuten, bezeroak erakartzeko asmoz. Horrela, gidariak disko jartzaile eta preskriptore bilakatzen ziren. Batzuetan, txoferrok kantu pertsonalizatuak ere eskatzen zituzten. «Diskoteka gurpildun gisara funtzionatzen zuten».
Estiloaren garapen luze eta oparo horretan, Bad Bunnyren azken lana, DeBÍ TiRAR MáS FOToS, mugarri bilakatu da: hainbat lekutako musika tradizioak hartu ditu, eta diskurtsoa sortzen jakin du, bere herrialde Puerto Ricoko eragile ekonomiko nabarmena izateraino. Rosellen esanetan, «inoiz ikusi eta lortu ez diren gauzak erdiesten ari da; ez Rolling Stonesek eta ez inork ez du horrelakorik egin. Horrelako fenomenoei ezin zaie ez ikusiarena egin».