Amazigh Kateb, Gnawa Diffusion taldearen abeslari izandakoaren proiektu pertsonala ikusi ahal izango da martxoaren 23an Miarritzen. Bi Harriz LauXori jaialdian emango du aljeriarrak bere kontzertua, Poison Rouge taldeko musikariez inguraturik.
Gnawa Diffusionekin, erakutsi du gizarteko multzo zapalduenaren boza dela; ez zuria, ez beltza ez den Aljeria baten afrikartasuna eta kulturen nahasketa aldarrikatu du harrotasunez. Amazigh Kateb beste euskarri batekin dator Miarritzera, egitasmo pertsonalago batekin. Rock, hip-hop, reggae eta Ekialdeko musiken artean mugituko da, erabateko askatasunez. Elektroi aske bat dela esan daiteke, izan ere; kontzertua bere amorru arrazoituaren isla da. Amodio, iraultza, irri, dantza, izerdi eta erresistentziaren aldeko manifestua egingo du Katebek.
Amazigh Kateben gaua Mursegoren gaua izango da, halaber, Atabal aretoan (21:00). Maite Arroitajauregi eibartarrak bere gaitasuna erakutsi du aspaldi honetan; Moldy Peachesen kantu baten berrirakurketa pertsonal batekin, esaterako. Muga gutxi ikusten zaizkion popa egiten du saguzarrak. Biolontxeloa eta ezohiko beste hainbat musika tresna erabiliz, bere nortasuna eta irudimena ari da garatzen, bide berrien bila betiere. Perkusioa, organoa eta Loop Station pedala ikus daitezke Arroitajauregiren kontzertuetan. Bidehuts zigilupean argitaratu du bigarren lana: Bi (2). Donki Kongu kantua izan daiteke lan horren paradigma. Amazigh Kateb eta Mursego nahasketa interesgarria da zinez fusioen gauerako Miarritzen.
'Gartxot'-ekin hasiko da
Lapurdiko jaialdia Le Royal aretoan hasiko da aurten, Gartxot filmarekin, asteartean. Biharamunean, Bertrand Dezoteuxen hitzaldi bat izango da. Askotariko diziplinetako emanaldiak izango dira larunbata bitarte; adibidez, Bertsolari dokumentala ikusi ahal izango da ostegunean, betiere Le Royalen, eta Maialen Lujanbiok eta Xabier Erkiziak Txori mugalariak eramango dute Miarritzera, asteazkenean, 20:30ean. Dantzak ere ordezkari bikainak izango ditu: Ertza konpainiak Act of God taularatuko du, eta Elirale taldeak, Gorpitz pieza.
Amazigh Kateb, amodioa eta iraultza Bi Harriz Lau Xori jaialdian
Musika, dantza eta zinema diziplinetako ekitaldiak izango dira Miarritzen, etzi hasi eta larunbata arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu