1960ko hamarkadakoa da lehen irudia. Miami. Frontoi bat ikusten da, 5.000 bat ikusle harmailetan, eta kantxan, garai hartako munduko jokalari onenetariko batzuk. Benetako izarrak. Bizi doaz apustuak, eta milioi bat dolar irabazten ditu enpresak. Milioi bat dolar, gau bakoitzeko. 2015ekoa da bigarren irudia, Miamikoa hau ere. Frontoi bera ageri da, eta garai hartako zesta jokalari onenak daude kantxan. Harmailetan inor ere ez. Eta, hain zuzen ere, lehen iruditik bigarrenera gertatutakoak kontatzen ditu Jai-Alai blues dokumentalak: zesta-puntaren sorrera, zeruetarainoko igoera, eta ondorengo erorialdia. Lau urte eman dituzte Berde produkzioko kideek lana ontzen, eta Gorka Bilbao izan da zuzendaria (Gernika, Bizkaia, 1974). AEBetako Elko herriko azken euskal artzainen lekukotza biltzen zuen Amerikanuak dokumentala zuzendu zuen orain sei urte, eta zesta-puntaren gainbehera kontatu du orain. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko zinema aretoetan estreinatuko dute lana ostiralean.
Tituluak aurreratzen du, baina benetan da zesta-puntari buruzko blues bat dokumentala.
Amerikako frontoi batera joaten bazara, berehala sentitzen duzu blues hori, nostalgia hori. Kuban eta Mexikon bere igartzen duzu berehala. Proiektua hasi baino lehen bere izen hori zuen.
Gangsterrekin argazkiak, aktoreekin festak, iruzurrak, diru zuriketak... Inpresio bat: AEBetako literaturan boxeolariak direna, horixe ote ziren zesta-punta jokalariak gurean.
Denbora batean jai-alaia Miamin edo Kuban zezen plazaren antzeko zerbait zen: oso gauza esklusiboa. Dirudun jendea joaten zen, eta abilidade sozialak zituen pilotariak famatuen festetan amaitzen zuen. Toreroen moduko zerbait ziren; jendeak argazkiak nahi zituen haiekaz... Guillermo Elordui edo Angelito Ugarte jokalariak, esaterako, oso goiko jendeagaz konpondu ziren. Halakoa zen mundu hori 60ko hamarkadara arte.
Hain zuzen ere Ugarterena da esaldia: «Berriz jaioko banintz, pilotari izan nahi nuke. Baina lehengoen modukoa, ez oraingoen modukoa».
Hor dago aldaketa. Jai-alaiaren booma heldu zenean, frontoi pila ireki zituzten AEBetan, eta kirolari mordoa kontratatzen zituzten, eta pilotaria enplegatu moduko bat bilakatu zen. Ugarteren garaian, esklusiboagoa zen haien bizimodua. 70eko eta 80eko hamarkadakoek bizimodu ona izan zuten, baina beste era batekoa. Pila bat zeuden, eta kutsu proletarioagoa hartu zuten. Klase aldaketa bat dago hor.
Juan Ramon Rementeria Remen pilotariak horixe dio: «Apustu zaldi edo txakurrak bezala tratatzen gintuzten».
Mexikon eta Kuban mantendu zen jai-alaiaren esentzia. Partiduak hor zeuden, eta pilotariak sustatu egiten zituzten. AEBetan ez, kiniela izeneko apustu eta joko sistemagaz frontoira afaltzera joaten zen jendea, jokoa ikustera eta apustu egitera, eta ez jokalari hau edo hura ikustera. Amerikarrek ez dute egin kirolarien sustapenik, ez eskolarik, ez ezer, ezta sasoi onenetan bere. Ez dute kirola zaindu.
Aipatu duzun pilotarien klase aldaketa horretan greba bat hasten dute jokalariek.
Hor hasi zen erorialdia. Dokumentalean 20 minutu dauzka horrek, eta hor kontatzen da dena, zergatik dagoen dagoen moduan orain jai-alaia. Erakusten da kirola zaintzen ez baduzu apustuak dena izorratzen duela.
Enpresariek ere onartzen dute hori filmean.
Ikusten dute hori haiek bere, bai.
Luze jo zuen grebak.
Hiru urte. AEBetako grebarik luzeena izan zen. Enpresariek ez zuten imajinatzen hiru urte emango zituztenik piketeetan.
Eta greba amaitzerako aldatu egin zen dena. Frontoi huts-hutsetan dabiltza orain AEBetako zesta-punta jokalariak, baina Gernikan jokatutako partida jendetsu baten irudiekin bukatu nahi izan duzue zuek filma.
Ikusten dugu inon berpiztekotan hemen berpiztu daitekeela kirola. AEBetan argi dago ezetz. Hemen jendea joaten da frontoira, eta uda ona izan da. Enpresak eta hedabideak batera badoaz, altxa liteke erraz. Niretzako hori izan da kontrasterik ikusgarriena. Euskal Herrian ez da erraz Iñaki Osa Goikoetxea edo Imanol Lopez ikustea, bakarrik udan datozelako eta enpresa gutxi dagoenez, ez da lehiaketa askorik egoten. Eta eurak ikustea gaitz da hemen. Baina Miamira zoaz, eta han dituzu egunero. Hori da nibela kantxan, eta publikorik gabe ari dira.
Zinema areto komertzialetan eskainiko duzue orain dokumentala. Salbuespena dira oraindik halakoak.
Oso pozik gaude horregaz.
Egin duzuen dokumentala bi mundu horien artean dago, halere. Oin bat telebistan, baina beste oina zineman.
Nik bere horrela ikusten dut. Dokumentalak gustatzen zaizkit pila bat, eta zineman ikusi ahal izateak badu bere balioa. Donostiako Zinemaldian aurkeztu genuen lehenik Jai-alai blues, eta guretzako oso ona izan da hor sartzea. Dokumental hau ez da Amerikanuak bezain egile-dokumentala, eta Zinemaldiak onartu izanak asko poztu gintuen.
Desagertzen ari zen euskal artzainen mundua kontatzen zuen Amerikanuak dokumentalak, eta oraingoan desagertuz doan jai-alaiaren mundua erretratatu duzue. Nostalgia da zuen konstantea?
Beti eduki dugu zaletasun hori, eta oso interesgarria ikusten dut Amerika eta Euskadiren arteko erlazio hori. Oso bitxia da zeinen ongi egokitzen diren euskaldunak Amerikan. Eta soinu banda egin duen Audience taldearen lanean bere ikusten da hori oso argi. Euskaldunak dira, baina musika amerikarra egiten, eta erlazioa oso naturala da.
Gorka Bilbao. Dokumentalgilea
«Amerikako frontoietan berehala sentitzen da bluesa»
Zesta-puntaren eta pilotarien AEBetako zerutik infernurako erorialdia kontatzen du Gorka Bilbaok zuzendutako 'Jai-Alai blues' dokumentalak. Ostiralean estreinatuko dute zinemetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu