Soslaia

Amets apurtuak bizitakoa

gorka erostarbe leunda
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Kaixo, Daniel Johnstonen mamua naiz». Johnstonek berak esandako esaldi horrekin hasten da Jeff Feuerzeigek 2005ean egindako The Devil and Daniel Johnston dokumentala. Berak bere burua eskuko kamera batekin filmatu ohi zuenekoa da irudi hori, 1985ekoa. Mamuek jandako sortzailea da Johnston, baina baita mamu horiek beraiek elikaturikoa ere. Elkarrizketa emango zigula esan zigun bezperan haren aita eta aingeru guardakoak, Bill Johnstonek. Dei geniezaiola goizeko ordu jakin batean eta ordurako saiatuko zela esna egon zedin. Deitu eta aitarekin mintzo ginela uste izan genuen denbora batez... Baina, ez, Danielek berak erantzun zuen lehen deia. Mamu bat bezala agertua zen. Beharrezkoak iruditu zitzaizkion erantzunak eman, eta nahikoa zela erabakitzean, agurtu eta desagertu zen. Mamu baten gisara. Erantzun laburrak, zuzenak, teorizazio sakonetan murgiltzeko batere asmorik gabeak... Beste askorekiko ere desberdin horretan. Bere buruaz eta eman beharreko irudiaz asko pentsatu duen artista izango balitz nekez esango zukeen bere nahia famatu eta dirudun bihurtzea dela. Dirudun ez da inondik ere. Adineko gurasoen etxearen ondoan bizi da, Austinen (Texas). Inoiz baino hobeto dagoela dio, baina oraindik ere behar du adineko gurasoen laguntza. Behar du munduaren laguntza. Umetatik berezia zela gogorarazten dute gurasoek, institutuan bere buruan konfiantza galdu eta mamuak bor-borka agertu zitzaizkiola. Maniako depresiboa zela eta izaera bipolarra zuela diagnostikatu zioten. I Had Lost My Mind (Nire burua galdu nuen) kantua idatzi zuen 1982an. Ezinezko maitasun istorio bat bizi izan zuen institutuko neska batekin, Laurie Allenekin. Orduz geroztik, kantugai betiereko bihurtu zuen. 80ko amaieran arazo larriak izan zituen drogekin, marihuanak eta LSDak ez zioten onik egiten bere gaixotasunari. Baina beti izan ditu bidelagun musika eta marrazketa. Beti artista izateko desioa (Story of an Artist). Gitarra jotzen aldrebes samarra. Justu-justuan konposatzen du kanturik pianoarekin. Tripetatik ateratzen zaizkio, ordea, kantuak. Gizakiaren alderik on eta txarrenak barru-barrutik bizi izan ditu. Dokumentalean dioten modura, legenda bihurtzeko «gauzarik egokienak» egin ditu, bere amets puskatuak bizi izan ditu (I Live My Broken Dreams), zeru infernuak arakatu ditu. Gazteago hil izan balitz, ziur asko legenda litzateke. Baina zertarako legendarik? Nahiago tripetatik ateratako kantu horiek entzuten jarraitu; zentzudunok esateko ausardiarik ez ditugun horiek bere ume ahotsean entzuten jarraitu, eta noizbait benetako maitasunak topatuko duela pentsatu (True Love Will Find You in The End).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.