Enkore Bilboko Rekalde auzoko musika taldeak lehen disko luzea kaleratu du. Faktore Komunak (Baga Biga) du izenburua, eta aurretik egindako bi EPen arteko lotura jasotzen du, Xabi Hoo abeslari eta gitarristak dioenez. «Izen hau jarri diogu ikusi dugulako gure lehenengo disko luzeak aurreko bi urteetako lana biltzen duela».EP bat Multiplo komunetako txikiena deitzen zen; Zatikatzaile komunetako handiena, bestea. Bihar aurkeztuko dute diskoa zuzenean, Bilborocken.
Ibilbide laburra du taldeak.2009an sortu zen. Hala ere, ametsa betetzeko aski izan dute hiru urte. «Beti eduki dugu disko luze bat ateratzeko ametsa eta lortutako emaitzarekin pozik gaude», azaldu du Hook. Horretarako, ezinbesteko pausotzat jo du Gazteak urtero antolatzen duen maketa lehiaketa irabazi izana. «2010eko Gaztea lehiaketan gailendu ginen arte, ez geunden disko luze bat ateratzeko psikologikokiprestatuak. Diru aldetik ere ez».
Faktore Komunak diskoan hardcore melodikoa nabari dela argitu du Hook. Gaztetan gehienbat hardcore taldeak entzuten zituztenez, iturri horietatik edan dutela ikusten da. Era berean, metal, punk, rock, indie, dance eta pop doinuak antzeman daitezke diskoan. «Lokalean sartu, eta konposatzen hasten gara. Ez dugu aldez aurretik pentsatua izaten abestiakpop, rock edo beste estilo bat izan behar duen.Irteten den estiloa irteten da, aurretik finkatua izan gabe».
Grabazio lanak udazkenean egin zituzten Bilboko Beardstudios-en. Estudio txiki batera joan nahi zuten. «Lana gure erara grabatu nahi genuen, eta guretzako ezaguna zen estudio batean». Grabatutako kantu horiek nahastu eta masterizatzeko ardura Borja Muro eta Javi Peña lagunek eduki zuten. Baina adiskide gehiago ere izan dituzte ondoan. «Oholtzara lau pertsona igotzen gara. Gure atzean jende asko dago, ordea. Hasi argazkilari eta soinu teknikariekin bukatu arte».
Hiru kantutan «luxuzko» kolaboratzaileak izan dituzte: Zea Mays taldeko Aiora Renteriak Muxurik muxu abestian kantatu du; Aitor Uriartek (Latzen, Sen eta Une) Hiru akordetan kantuan; eta Laia taldeko Juanmik Itsasoaren bestaldean-en. Aurreneko diskoa plazaratu ostean, lan egiteko gogo bizia antzematen zaie taldekide gazteei. «Guretzat erreferentzia izan dira Kauta eta Zea Mays taldeak , eta horien babesa eta oniritzia jasotzeak lan gehiago egiteko indarra ematen digu».
Ametsa betea dute
Enkore Bilboko taldeak 'Faktore komunak' diskoa argitaratu du, hardcore melodikoz jositako lan luzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu