Amodio iraultzaileak

Aleksandra Kollontairen 'Erle langileen amodioak' euskaratu du Aroa Uhartek. Besteak beste, andreen autonomia eta harremanak ditu hizpide

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun

Lermontov, Dostoievski, Puxkin, Txekhov, Gogol, Andreiev... Literaturaren historian ospea duten errusiar idazle horiek eta beste hainbat ere euskaraz irakur daitezke gaur egun, Literatura Unibertsala bildumari esker, beste argitaletxe batzuek egindako ekimenen artean. Alegia, Errusiako sistema literarioa eta tradizioa ez dela preseski ezezaguna euskararentzat. Alabaina, orobat esan liteke ez dela guztiz ezaguna ere, literatura oparo hori erdizka baino ez baita ekarri euskarara. Izan ere, orain arte gizonezkoak baino ez dira itzuli errusieratik, Erein eta Igela argitaletxeek EIZIErekin batera publikatzen duten bilduman. Hala azpimarratu du argitaletxe horien ordezkari Lander Majuelok, autoreen zerrenda aletu eta berehala. Orain, gabeziari lehen adabakia ipini diote: Aleksandra Kollontairen Erle langileen amodioak narrazio liburua argitaratu berri dute, Aroa Uhartek errusieratik zuzenean eginiko itzulpena.

«Ez da nolanahikoa» euskal literaturak bereganatu berri duen emakumea, ezta haren istorioak ere, Majuelok aldarrikatu duenez. Izan ere, Erein-en eta Igela-ren ordezkariak nabarmendu du biografia «osoa» izan zuela: «Garrantzitsua izan zen 1917ko iraultzan. Haren bizitzak argi adierazten ditu XX. mendeko gorabehera guztiak». Lehen lerroan bizi izan zituen, gainera, iragan mendeko lehen hamarkadak: munduko lehen emakumezko ministroa izan zen, eta enbaxadore ibili zen 30 urtez. Jomuga eta lorpen izan zituen, besteak beste, abortua legeztatzea eta nekazarien hezkuntza plana, eta, 1920ko hamarkadan haren liburu teoriko zein fikziozkoek arrakasta izan arren, ez-fikzioan eginiko lanagatik izan zen bereziki ezaguna hurrengo hamarkadetan, Aroa Uharte itzultzaileak nabarmendu duenez. Hala ere, era berean egurtu zituzten kritikariek ez-fikzioaren zein fikzioaren esparruan eginiko lanak, sarritan arrazoi moralak tarteko: «Baztertua izan zen politikoki, feminista izateagatik, eta baita literaturaren eremuan ere. Sentimentalismoa eta efektu melodramatikoetarako joera egotzi zioten». Horiek horrela, eta bere obrak izan zuen «zabalpena» gorabehera, Kollontairen literatur lanak ez ziren «aintzat hartuak» izan esparru literarioetan.

Garai hartako testuinguru soziopolitikoak narrazioak blaitzen dituen arren, Kollontaik esparru pribatura zuzentzen du soa bereziki, baita barneko mundura ere, Uhartek dioenez: «Marxismoaren ikuspegi feminista landu zuen, eta literatur lanetan beste alderdi batzuk jorratu zituen: amatasuna, harremanak eta emakumeen autonomia eta sexualitatea, besteak beste». Ondorioz, duela ehun urte ondutako narrazioak izanik ere, hainbat ertz ezagun egingo zaizkio irakurleari: «Gaur egungo ezinegonekin eta kezkekin lotuta dago: pertsonala politikoa dela adierazten du». Protagonistak «iraultza egiteko lanetan murgildutako» emakumeak dira, eta «ilusioa» nabari zaie borroka politikorako, baina lan politikoa etxeko egoerarekin uztartzen dute. Horrenbestez, garai «aldakor» baten erretratua agertzen du Kollontaik, gizarteko hainbat geruzetan gertatzen ari dena, ordea.

Hala ere, narrazioek ez dute mitinaren molderik, Uhartek ñabartu duenez. Kollontaik pertsonaien bitartez transmititzen ditu garai hartako buruhausteak, baina horrek ez du baldintzatzen haien sakontasuna, ez baitira «karikatura itxiak». Epai kategorikoak baino gehiago, duda eragiten die egoerak protagonistei: «Narrazioen bukaeran, Kollontaik zalantzaz beteriko begirada bat botatzen dio aurrera begirakoari, baina baikortasunez zipriztinduta dago».

Konpromiso formala

Argi dago literaturan ere agertu zuela diplomazialari gisa izandako konpromisoa, baina, edukiaz gain, forman ere eragin zuen Kollontairen ideologiak, autore guztietan gertatzen den bezala. Idazleak ulergarritasuna du xede, eta, hortaz, «estilo sinplea» erabiltzen du euskaratu berri diren narrazioetan, «eskematikoa batzuetan». Hori hala izanda, Errusiako literaturak historikoki izandako «gizarte eragile» funtzioari jarraitzen dio autoreak: «Literatura tresna bat zen Kollontairentzat, emakume langileengana eta nekazari alfabetatu berriengana hurbiltzeko». Helburu sozialak erdiesten laguntzeaz gain, molde tradizionalek erabat ardazten dituzte narrazioak, orduko abangoardiek bainoago: «XIX. mendeko tradizio literarioari jarraitzen dio, XX. mendeko futurismoari baino gehiago».

Aditzaren denboraz ere baliatu zen hartzailearengana are gehiago hurbiltzeko, eta horretan ere tradiziora jo zuen, Errusiako literaturan pisu nabarmena izan duen ahozkotasunaren moldea baitago aditzak orainaldian erabiltzearen oinarrian. Ezaugarri horretan bat egiten dute errusiar eta euskal literatur tradizioek, Uhartek azaldu duenez: «Euskal literaturan ere orainaldian kontatzeko tradizioa dago; irakurlea hurbiltzeko balio du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.