Disko honetan aurreko espiritu berari eutsi nahi izan diotela agertu dute Karidadeko Bentako kideek, hots, "titiriteroen espirituari". Finean, lehenengo lanean bezalaxe jai giroa eta hango eta hemengo doinuen nahasketa, mestizajea, dira 'Amore, amore'-ren ardatzak.
Ia urte osoa plazarik plaza egin du Karidadeko Bentak aurreneko diskoa aurkezten eta kontzertuak ematen. Udan, ordea, bigarren hau zirriborratzen hasi ziren: bi hilabetetan osatu ditute kantuak eta 3 egunetan grabatu dituzte Azkarateko Katarain estudioan.
Gainera, lehendabiziko diskoan ez bezala Domentx Uzinek parte hartu du bigarren honen grabaketan (helikoia, biolina eta perkusioa jotzen ditu). Jon Maia (ahotsa), Aran Santamaria (ahotsa, klarinetea), Inazio Tolosa (klarinetea, tronpeta, saxoak), Jon Manzisidor (baxua, lauda, gitarra) eta Imanol Manterola (perkusioak) dira beste taldekideak. Halaber, Maialen Lujanbio eta Xabier Amuriza bertsolarien laguntza izan dute kantu batean, zehazki, Mallorcako (Herrialde Katalanak) inprobisazio doinu batean oinarritutakoan.
'Amore,amore' aurkezteko kontzertu sorta emango du Karidadeko Bentak, honako egun eta tokietan:
Abenduak 2: Gasteizen, EHUn, 19:00etan.
Abenduak 3: Basaurin, Kultur Etxean, 20:00etan.
Abenduak 6: Durangon, Kafe Antzokian, 22.00etan.
Abenduak 16: Donostian, EHUn, eguerdian.
Abenduak 28: Hernanin, Kultur Aretoan.
Abenduak 29: Laudion, Kultur Etxean.
Musika
'Amore, amore', bigarren diskoa plazaratu du Karidadeko Bentak
Urtebete baino ez da igaro Karidadeko Benta taldeak lehenengo diskoa plazaratu zuenetik, eta dagoeneko bigarren lana aurkeztu dute gaur: 'Amore, amore' izenekoa. Aurrekoaren ildokoa da, baina, halaber, doinu molde berriak landu eta sartu dituzte. Oro har, lehendabiziko diskotik aurrerapausoa egin dutela iritzi diote taldeko kideek, bai konposizioan, bai interpretazioan, batik bat, urtebetez plazaz plaza ibiltzeak eman dien esperientziak lagunduta. Abenduaren 2an hasiko dira aurkezpen kontzertuak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu