Anaitasunako finalerako txartel bana eskuetan

Hiru finalaurrekoetako emaitzak zehaztuta, argitu da nortzuk ariko diren kantuan Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Azken hamazazpi urteotan lehendabizikoz, bi emakume sailkatu dira: Saioa Alkaiza eta Sarai Robles.

2023-11-04, Altsasu. Nafarroako Bertsolari Txapelketa
Sarai Robles Vitas, azaroaren 4an Altsasun eginiko finalaurrekoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko azaroaren 20a
12:00
Entzun

Azaroaren 4an, Altsasun. Azaroaren 11n, Agoitzen. Azaroaren 19an, Lesakan. Egin dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako hiru finalaurrekoak, eta, orain bai, zehaztu da finalisten zerrenda. Zakuratutako puntuen araberako ordenan, bertsolari hauek sailkatu dira: Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Abenduaren 2an lehiatuko dira, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Hain justu, atzo iluntzean zehaztu zen behin betiko zortzikotea, Lesakako pilotalekuan jokatutako saioan. Beñat Astiz, Eki Mateorena, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo eta Mikel Lasarte aritu ziren kantuan, eta horietatik hiru dira finalean. Joanes Illarregik irabazi zuen atzoko saioa, eta, beraz, zuzenean sailkatu da hurrengo faserako. Eneko Lazkozek eta Josu Sanjurjok, berriz, eskuratutako puntuei esker egin dute aurrera; 521,5 eta 492,5, hurrenez hurren.

Batik bat bertsolari hauek izan dira finalerako sailkatuko ote ziren itxaropenez eta dudan: Saats Karasatorre, Sarai Robles eta Eneko Fernandez. Altsasuko finalaurrekoan aritu ziren hirurak, eta aski hurbil ziren sailkapenean –470,5, 468,5 eta 465–, baina Sanjurjok hirurak gainditu izanak kanpoan utzi zuen, ezinbestean, Fernandez. Hain zuzen ere, kanporatua izanik, lehia bazter uztea egiazko bihurtu zaio Fernandezi. Izan ere, lesakarrak Altsasun adierazi zuen agur esanen ziela txapelketei, aurtengoa zuela azkena. Ordea, atzokoa zehaztu artean bazen aukerarik Anaitasunakoa izateko azken-azkena.

BERRIAk honela eman du Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen berri, Iñigo Satrustegiren begietatik. Hurrenez hurren, Altsasuko, Agoizko eta Lesakako saioen kronikak.

ARTIKULU ERLAZIONATUAK

Finalisten zerrendan hainbat datu dira nabarmentzeko modukoak. Besteak beste, Karasatorre eta Robles estreinakoz izanen dira finalean, eta, azken hamazazpi urteotan lehenbiziko aldiz, bi andre ariko dira kantuan: 2021eko txapeldun Alkaiza eta Robles. 2006an gertatu zen azkenekoz halakorik, Estitxu Arozena eta Erika Lagoma finalista izan ziren hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.