Ez da besterik entzun azken egunotan: Zetak taldeak San Mames bete duela bi egun segidan Mitoaroa III ikuskizunarekin. Hedadura mediatikoa ere ikustekoa izan da, ikuskizuna izan omen den bezain ikusgarria, ikusten denez. Kritikaren bat irakurri dut hor zehar, eta berehalako kontrakritika ere bai: betiko zapuztaileak hor dabiltzala bazterrak nahasten, besteren arrakasta ezin eraman.
Alabaina, kontuan hartzeko fenomenoa iruditzen zait Mitoaroa-rena eta, oro har, kontzertu-ebento masiboetarako azken boladako joera. Joera horrek ikuskizun horiei buruz bezainbeste esaten baitu egungo munduaz, Euskal Herriaz, gu geutaz. Injustua litzateke Zetak taldea joera orokor eta zabaldu horren pagaburutzat hartzea.
Gutxi-asko denok baikaude dinamika ero horietan murgilduta. Mediatikoki piztu eta landutako espektatiba hanpatuen mende, nonahi egon beharraren mandatuei uko egin ezinda, superpotentzia emozional baten partaide izateko desiratzen. Batzuek Oasis taldearen itzulera ezin dutela galdu, beste batzuek Rosaliaren bira, besteek Bad Bunnyren kontzertua.
Zein da berritasuna orduan? Halako esperientzia masibo bat, (ia) lehen aldiz, euskaraz jasotzeko aukera, eta are, euskal identitate batetik ekoitzi eta hedatua. Alde horretatik agerikoa da zeinen buruargia izan den Zetakek Mitoaroa-rekin erdietsi duena. Fase politiko berri honetan, Gatazka-oste edo dena delako honetan, euskal identitatea krisian da, agenda politikoan bigarren edo hirugarren mailara alboratua. Euskararekin loturik ere geroz eta argi gorri gehiago pizten ari dira. Joseba Zulaikak aberriaren inpase deitu dion testuinguru horretan, Zetakek ezin hobeki lortu du abenida bat irekitzea, larritasun eta sentimendu horiek kultur produktu batean artikulatuta. Itzulingururik gabe gainera: euskal mitologia, hizkuntza gutxituaren aldarria, euskal tradizioaren berreskuratzea, euskara espazio masiboetara hedatzea, euskal ikurrak (ikurrina eta Gernikako arbola) berreskuratzea, euskal kulturgile ezagunak baliatzea, eta abar. Euskal zeraren inguruko giro etsitu orokortuaren erdian euskal harrotasuna hauspotzeko gai izan da. Ez alferrik, entusiasmo berberaz mozkorrik ikusi ahal izan ditugu alderdi abertzaleak ere. Iribar eta Kortabarriaren ikurrinaren revilval-aren bideoa jarri dute sare sozialetan, aldi berean, hala EAJk nola EH Bilduk.
'Mitoaroa'-k, ETSk eta enparauek dohain asko izango dituzte 'show business'-aren eta ikuskizunaren eremuan, eta esparru horretan erdietsitako lorpenak ez dira gutxiestekoak izango, baina fenomeno espektakularrak dira artistikoak bainoago
Espainia progrean ere emozio suharrak piztu ditu, besteak beste ikuskizunak euskalduntasunaren balizko partikulartasuna ezin hobeki irudikatzen duelako, molde ikusgarrian eszenifikatua gainera. Hain justu, euskara «sonoritate eder eta enigmatikoa duen hizkuntza» gisa irudikatu du Fernando Neira kazetariak El País egunkarirako Mitoaroa III-ri egin dion kritika grinatsuan.
Produktuak puskaz gainditzen du musikaren jantzi hertsia, bokazio operistikoa du ia, eta horregatik azpimarratzen da, oroz gain, muntaiaren edo ikuskizunaren handia. Alde horretatik, bistakoa da kapitalismoaren fase honetara ezin hobeki egokitutako proposamena dela. Besteren artean bat gehiago? Baiki. Hau euskaraz dela? Baita ere.
Duela egun gutxi 126 artistak Denok gara kultura manifestua argitaratu dute, halako makroebentoetarako ematen diren diru laguntzen gardentasun eta ekitate falta kritikatzen. Haiei erantzunez, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Diputazioak diru-laguntza zuzenak defendatu dituzte proiektu «estrategikoetarako», hots, publiko zabal bat batzeko gai diren proiektuetarako. Baina zergatik lagundu behar zaie egitasmo horiei kultur sailetako aurrekontuetatik? Proiektuotako protagonistek berek aitortzen dutenez, musika eta kultura gainditzen dituzten showak dira. Gaur egungo kultur industrien engranajera bikainki egokitutako egitasmoak izaki, zergatik ez dira laguntza horiek industria sailetatik bideratzen? Askok kultur industriak sutsuki aldarrikatzen dituztelarik, zergatik ez aldarrikapen horrekiko koherente izan?
Zentzurik ez daukana da logika industrial-ekonomiko-masiboa duten egitasmoak logika kultural-artistikoa dutenekin lehiatzen jartzea. Kultur sailek egitasmo artistikoki eta kulturalki arriskatu, berritzaile eta hauskorrak zaindu beharko lituzkete bereziki. Mitoaroa-k, ETSk eta enparauek dohain asko izango dituzte show business-aren eta ikuskizunaren eremuan, eta esparru horretan erdietsitako lorpenak ez dira gutxiestekoak izango, baina fenomeno espektakularrak dira artistikoak bainoago. Fenomeno historikoak era bai, zentzu askotan, baina ez hain justu zentzu musikalean. Bien bitartean, euskal musika sekulako loraldian da, eta maila goreneko talde askok ez dute azpiegiturarik Euskal Herrian bertan areto txiki edo ertainetan zehar biratxo duin bat egiteko ere.
