EUSKADIKO ORKESTRA
Sergei Prokofievek 1917ko Errusiar Iraultzaren ondoren Errusian bertan izan zuen erbestealdi luzean konposatu zuen bere Pianorako 3. kontzertua. Urte batzuk lehenago hasia zen lan honetarako hainbat zirriborro egiten, baina 1921ean osatu zuen, Bretainian eman zuen udan. Garai malkartsuagatik agian, badirudi kontzertu hau une oro zirtakatzen ari dela, bakarlariaren eta orkestraren arteko oreka berezia eskatzen duena, une lirikoagoak galdu gabe erritmo bortitzak nabarmenduz. Sumatu zen, zentzu horretan, Nesterowiczen gidaritza fin eta landua, keinua beti doia eta argia. Eta horrez gain, noski, lehen mailako pianistaren jarduna, klarinetearen hasierako esaldi samurra eteten duen lehen sarrera energikotik bere dinamika oparoak, malgutasun harrigarria eta sotiltasuna agerian utzi zituena. Esango nuke ez dagoela ezer Giltburgek erdietsi ezin dezakeenik: izan bigarren mugimenduko giro ukiezinaren eskalak zein amaieran orkestraren eta pianoaren artean dagoen tentsioa, izaera askotarikoak gardenki azaltzeko gai da.
Bigarren zatian, pianoaren luzimenduaren ostean, orkestrak bere erakustaldia egin zuen. Txaikovskiren 5. sinfonia, izan ere, konfiantza-krisi batean murgilduta idatzi zuen arren, 1888ko maiatza eta abuztua bitartean, melodia gogoangarriak marraztu eta orkestrazio distiratsuak eraikitzeko zuen ahalmenaren eredu bikaina da. Eta astelehenekoa, primerako interpretazioa, hiru arrazoi nagusi direla medio: bat, Nesterowiczen eskuek lortu zutelako patuaren gaiari unean unean berariazko tokia ematea; bi, banakako parte-hartzeak nabarmentzekoak izan zirelako, tronpak Andante-aren irekieran duena, kasurako; hiru, orkestraren trinkotasun eta batasun sentsazioa gailendu zelako. Obrak ez du ebazten, amaierako apoteosian ere, patua hutsik ala garaile ateratzen den. Guk, behintzat, zerbait irabazi genuen. Izan ere, obrek sekulako exijentzia fisiko eta teknikorik ez balute bezala, Euskadiko Orkestrak kolore biziez, soinu borobilaz eta, oro har, gehiegikeriarik gabeko indarrez betetako gaua oparitu zigun.