Arantza Santesteban

Ahizpatasuna

2024ko otsailaren 18a
05:05
Entzun

'LA MARCHE DE FEMMES A HENDAYE'

  • Izenburuak. La Marche de Femmes à Hendaye (28 min), Les Mères Espagnoles (59 min). Zuzendariak. Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder (Les Insoumuses). Urtea. 1975.

Duela egun gutxi joan zitzaigun Maite Idirin, eta ordutik jira eta bira dabil nire erreprodukzio-zerrendetan 1979an kaleratu zuen Ahizpatasuna diskoa. Ez dakit jakingo ote zuen zenbateraino estimatu genituen gure hastapenetan —eta ondoren ere bai— atzetik etorri ginen hainbatek haren kantuak. Idirin lerrootara ekartzeko asmoz jauzi bat egingo dut Les Insoumuses bideo-kolektibo feministak 1975ean egin zituen bi lanetara, dolu-gogoak hala bultzatuta: La Marche de Femmes à Hendaye eta Les Mères Espagnoles.

Les Insoumuses kolektiboa Parisen sortu zen, 68ko maiatzaren hondarrean, Nouvelle vague eta zine-komertzialaren artean bideo-grabaketaren estetika eta ahalmena aldarrikatzeko. Hiru emakumek osatzen zuten taldea: Carole Roussopoulos bideogileak, Delphine Seyrig aktoreak eta Ioana Wieder itzultzaileak. Oso presente zituzten urte horietan munduaren luze-zabalean ematen ari ziren gatazka ezberdinak eta haien lanen zati esanguratsu bat konflikto hauetan emakumeek zituzten problematikak jasotzera bideratu zuten. Euskal Herrira 1975eko urrian iritsi ziren, hain zuzen ere, erregimen frankistaren amaierako egunetan. Jakina denez, irailaren 27an, Franco jeneralak Juan Paredes Manot, Txiki; Angel Otaegi, Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena (lehenbiziko biak ETAkoak, azken hirurak FRAPekoak) fusilatzeko agindua eman zuen. Ordurako Frantziako mugimendu feministak harremana zuen mugaren bestaldeko feminista eta ezkertiarrekin eta, garaiko giro antifaxista alde zutela, manifestaldira deitu zuten Hendaian urriaren 5erako. Martxa horren asmoa Hendaia zeharkatu eta Irungo mugaraino abiatzea zen, bertatik erregimen frankistaren gehiegikeriak ozen salatzeko. Roussopoulosek eta Wiederrek Frantziako mugimenduaren barruan sona handia zuen Le quotidien des femmes aldizkariaren bidez izan zuten deialdiaren berri, eta egun batetik bestera, kamera hartu eta protesta hura dokumentatzera abiatu ziren. Alabaina, asmo bikoitzak animatu zituen bidaia egitera, alde batetik, Hendaiako martxa grabatu nahi zuten, bertako emakumeen testigantzak jasotzeko, eta bestetik, kazetari plantan, mugako polizia kontrola saihestu eta Txiki eta Otaegiren amak elkarrizketatu nahi zituzten.

Bidaia horren emaitza dira aipatu bi filmak. Azken urteetan hainbat feministaren peskizei esker jakin genuen existitzen zirela pieza hauek eta duela gutxi Elias Querejeta Zine Eskolak hauen inguruko ikerketa lerroa ireki zuen. Hamarkada batzuk geroago beraz, iritsi dira irudiak jatorrizkoa zuten lekura.

Marche des femmes

La Marche des femmes a Hendaye.

Irudi horietan nabigatzeko arnasa hartu behar da sakon, ez da edonolako trantzea proposatzen dutena. La Marche de Femmes à Hendaye filmak irauten duen ordu erdian emakume andana ikusten dugu martxan: euskaldunak, frantsesak zein beste herrialde batzuetakoak, marxistak, feministak eta antifaxistak, eraildako bost gizon horien pankartak tartean. Horien guztien artean agertzen da Maite Idirin, bereari eutsiz eta kantu ederrean. Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poemaren bertsioa aukeratu zuen okasiorako —emakume masa horren erdigunean abesteko— eta zeinen ederra, aita hitzaren lekuan ama jarri zuen. Etxea, eta Arestiren poeman uler daitekeen etxe-nazio kontzeptua biratu zuen, halako keinuz, zeinetan iradokitzen duen amaren etxea eremu arras politizatua dela eta haren esanahia kale-espazio horretan aldarrikatu behar zela.

Manifestaldiaren ondoren bi bideogileek lortu zuten hegoaldera igarotzea eta Les Mères espagnoles filma grabatu zuten. Bertan eraildako gizon horien ahaide femeninoen lekukotzak biltzen dira, Espainian euskal militanteei eginiko elkarrizketa klandestinoak ere erantsiz. Badago sekuentzia zirraragarri bat zeinetan semea hil ondorengo egunetan Otaegiren ama agertzen den kamera aurrean eta argazki sorta bat eskuan. Azaltzen du zein zen bere semea fotografia horietan: hemen kuadrillakoekin, hemen herriko jaietan, hemen apaizarekin. Sekuentziaren amaieran hilerria agertzen da, bere semearen hilotza erakusten duena.

Bideo pieza hauek ez dira soilik urruneko iragan bati buruz ari, etorkizunari buruzko galderak luzatzen dizkigute: non gordetzen dira gure omisioak, zein kontakizun lehenetsi ditugu, zenbat irudi daude oraindik erreskatatzeko. Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire amaren etxeak iraunen du zutik. Lurra atsegin bekizu, Maite.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.