Laster amaituko den Helen Frankenthaleren erakusketa ikustera joan nintzenean, Guggenheim museoan, sorpresa bat hartu nuen. Sartu bezain laster, aurrez aurre Frankenthaleren estilo ezaguneko lan bat ikusi nuen, alegia, kolore mantxa oso diluituak hondo argi baten gainean zabalduta. Ondoan, Pollocken hasierako estiloaren antza zuen bat: askoz ere materia kargatuagoa, kolore intentsuagoak eta lerro ilunez zehaztutako dinamikak. «Hara!», pentsatu nuen, Frankenthaler Pollocken jarraitzailea izan ote zen bere lehen urteetan, bide propioa topatu arte? Baina kartelera hurbiltzean ulertu nuen zergatik zuen margolanak Pollock baten itxura: Pollockena zelako.
Egia da Frankenthalerek Pollocken lana gogoko zuela, baina baita Cezannena ere, eta Hoffmannena, eta hauek ez zeuden erakusketan. Artista guztiek miresten dituzte beste artista batzuk, eta denek jaso dituzte besteen eraginak. Baina ez da ohikoa banakako erakusketa batean beste artista bati sarreran bertan garrantzia ematea; horrek ulertarazten du, nolabait, Frankenthaleren lana ezin dela Pollocken ekarpena gabe ulertu. Bigarrenak jarri zituela lehenak erabili zituen oinarriak. Eta ez da kasualitatea Frankenthaler emakumea izatea eta Pollock gizona.
Uxue Alberdik Kontrako eztarritik liburuan kontatzen du bertsolaritzan aritzen hasi ziren emakume askok aita ponteko bat izan zutela, gizon baten legitimazioa baitzen zirkuituetan sartzeko modu bakarra. Artearen historian horrela izan da modu zuzenean (Frankenthaleri Clement Greenberg kritikariak erakusketak eta harremanak lortu zizkion) eta baita zeharkakoan ere: emakume artista ez hain ezagunen historia idatzi edo erakusketak egiten direnean, arreta handiagoa eskaintzen zaie gizon ezagun batek haiei buruz zerbait ona esan badu.
Ane Lekuonarekin Maria Paz Jimenezen erakusketa komisariatu nuenean, egoera horretan ikusi genituen geure buruak. Jimenezek Oteizarekin harreman estua izan zuen, eta bagenituen Oteizak bere lanari buruz esandako hitz politak. Baina, horiei garrantzia emanez gero, Jimenez Oteizak onetsitako artista gisa irakurriko zen, eta guk kanon horietatik aldentzeko aukera eskaini nahi genion, bere kabuz distira egin zezan. Horregatik, euren arteko eskutitz bat besterik ez genuen sartu dokumentazio gunean, dokumentu anitzen artean, eta, noski, beste inoren artelanik ez.
Harritu ninduen, beraz, askoz ezagunagoa den Frankenthaleren erakusketan erabaki hau topatzea. Baziren beste artista batzuen lanak erakusketaren atal bereizi batean, Frankenthalerekin zuten harremana aitzakia, baina hasierako Pollocken horrek utzi zidan zaporerik txarrena. Jarriko zuten Picassoren lan bat Braqueren erakusketa baten sarreran, edo Daliren bat Magritteren batean? Ez dut uste.