Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

Antzezlana

2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zerutik zeharkatu nuen Europa erdia Alemaniako hiriburura heltzeko. Aitzakia ederra nuen, PJ Harvey zuzenean ikusteko aukera, The Hope Six Demolition Project lan berriaren aurkezpenean. Kosovoko, Afganistango eta AEBetako gatazkez aritu da oraingoan Dorsetekoa, eta, horretarako, tokiko bertako protagonisten ahotik jaso ditu testigantzak. Berlingo Zitadellen kantatu zizkigun, hiriburuaren ipar-mendebaldean dagoen Errenazimentuko estruktura militarrean. Ez dakit diskoko gaiengatik aukeratuko zuen leku hura, baina musikariak agertu zirenean ezin hobeto egokitzen zen parajea: kaxaren errepikaren atzetik lerro zurrunean sartu ziren hamar lagun formazio militarrean, kolore iluneko jantzi dotoreak soinean zituztela. Gero, patxadaz, nork bere lekua hartu zuen, eta publikoari begira geldi paratu.

Hortik aurrerakoak ere antzerki kutsu nabaria izan zuen. Musikariek, gidoiari jarraituz, etengabe txandakatzen zituzten tokiak, eta aldatzen eginkizunak, ahotsekin, instrumentuekin edo egote hutsarekin bakarrik, han geundenoi istorio horiek denak kontatzeko. Musika desberdina gure belarrientzat: haizezko instrumentu pila bat, teklatuak, bonboak eta ahotsak etengabe lanean, ederki funtzionatzen zuen, eta ez zen Harveyren sasoi rockzaleagoen falta sumatu.

Ziur aski, den-dena kontrolpean zutelako joan zen horren erraz dena: argi zuten momentu bakoitzean non egon, zer jo eta nola mugitu zurruntasunik transmititu gabe, hotz bilakatu gabe. Seriotasunez aritu ziren, lanean erabat kontzentratuta. Horrek guztiak gauzak ondo egiteko gogoa piztu zidan, ganoraz, txukun lan egitekoa. Gainera, ikusi berri nuenak gogorarazi zidan musika kontzertuek antzerkitik asko dutela, eta ahaztu egiten zaigula goian gaudenean rol bat jokatzen ari garela. Eskerrak zenbait artistak barrua mugitzen diguten, eta gauzak ganoraz egitea posible dela ikusarazi. Motibazioa topera dudala, banoa gidoia errepasatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.