Cira Crespo.

Aresti eta emakumeak

2025eko ekainaren 4a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den igandean jakin-minez esnatu nintzen, bai bainekien gosaria hartzen nuen bitartean BERRIAren kultura gehigarrian Aresti idazleari eskainitako zenbaki berezia irakurtzeko aukera izango nuela. Eta hartu dut gosaria, eta bai gustura irakurri ere. Era berean, deformazio profesionala medio, nire arreta guztia, nola ez, Feminismoan, herren atalak bereganatu du. Arestik emakumearen gaiarekiko zer-nolako lotura izan zuen aipatzen da bertan. Irakurtzen segitu eta konturatu naiz nik badudala, beharbada, gai honi buruz ezezagun samarra den datu bat. Kontakizun hori osatzen jarraitzeko asmoarekin idatzi ditut hurrengo lerroak.

Duela 3 urte Tene Mujika. Udazkenekoargitan liburua argitaratu nuen, Debako Udalari esker. Nire liburuen artean, dudarik gabe, bera da gehien maite dudana, eta dudarik gabe hori ere, bera da gutxien irakurri dena, argitaletxe bat atzetik izan ez duenez zabalkunde zaila izan duelako, ziur asko. Tene Mujika idazle debarraren bizitzako azken urteez idatzitako liburua da, hau da, 1960-1980 aldiko Euskal Herriari begiratzen zaio, asko bizitako emakume abertzale baten tokitik.

Liburua egiteko, murgilaldi luzeak egin behar izan nituen garaiko prentsan. Zeruko Argia astekariaren ale asko irakurriak izango ditut. Eta horrek gure Gabriel Arestirekin nahi eta nahi ez topo egitea esan nahi du. Gatza eta piperra, gure Aresti; dibertigarria eta bitxia. Perrexila, saltsa eta polemika guztietan sartzen zelako. Nire kautarako aritzen nintzen, «ai, ama, Aresti!». Egia esan, bere burua defendatzeko ez zuen asko behar. Eta hori ere egia, garbi dago ez zuela emakumeari buruz ia hitzik egiten.

Horregatik harritu nintzen hainbeste 1975ko Euskaltzaindiaren aktetan hau irakurri nuenean: «Gabriel Arestik proposatu du aurtengoa Emakumeen Nazioarteko Urtetzat izendatu denez, emakume euskaltzale eta idazle adineko zenbait euskaltzain ohorezko izendatzea».Eta hunkitu egin nintzen. Zergatik? Bada, Tene Mujikaren azken urteei buruzko liburua eginez, gordin ikusten zelako euskal emakumeentzat gerra galtzeak zer inplikatu zuen, zer-nolako hondamena izan zen. Idazle eta militante izatetik, ondorengo belaunaldientzat ikusezin edota lotsaizun izatera pasatu zen. Arestiren emakumeokiko errekonozimendua salbuespena da, baita gaurko egunetik begiratuta ere.

Garai hartan, mundu guztia etorkizunari begira zegoela, Gabriel Arestik gerra-aurreko euskal emakume idazlearen figura aldarrikatu izanak garrantzi berezia dauka. Eta aitortu behar dut pena pixka bat sentitzen dudala Gabriel Arestiz eta feminismoaz irakurtzean, ohartzen naizelako omendutako emakumezko hauek ahaztuta jarraitzen dutela. Baina bueno, hori da herri gutxituen asturuaren zatietako bat, ezta? Behin eta berriro galdutako iturburuen bila ibili beharra, desegin genealogiak hariltzen eta aldarrikatzen aritu beharra, etengabe, behin eta berriro.

Gabriel Arestik 1975eko urtarrilaren 27an erabaki zuen Euskaltzaindiaren bilera batean gogoraraztea euskal emakume idazleei aitortza egitea beharrezkoa zela. Handik sei hilabetera hil zen Aresti, eta, agian, hori izan zen bere azken kultur ekintza

Ondo iruditzen bazaizue, 1975 hartan zer gertatu zen kontatuko dizuet gaingiroki. Hara, 1975a Emakumearen Nazio Arteko urtea izendatu zen. Gaia eta auzia egunkarietan agertu zen. Adibidez, garai hartako Zeruko Argia-ko zuzendariak, Miren Jone Azurzak kritika moduko bat idatzi zuen: «Nahiz eta askok irrifar desitxarotsuaz hartu izan urte ziztrin hau, bertatik emakumearen onerako zerbait ateratzea gerta daiteke». Eta bai, ez asko, baina zertxobait atera zuten. Arestik proposatuta, gerra-aurreko hiru emakumezko idazle ohorezko euskaltzain izendatzea onartu zuten Euskaltzaindiko gizonek. Zehazki honako hiru emakumeoi egin zieten proposamena: Julene Azpeitia zumaiarrari, Madalena Jauregiberri aloztarrari, eta nire Tene Mujika maiteari. Omenaldi eguneko kronikak penagarriak dira, garai hartako matxismoaren laginak; baina, aldiz, hiru emakume hauek emandako hitzaldiak zoragarriak dira. Tene Mujika —laurogeita zazpi urte zituen, orduan— paperik gabe aritu zen, buruz eta horrela hasi zen: «Ez naiz ikaste nagusiak egindako emakumea» eta, gero, «hala ere» luze batekin jarraitu zuen, bere ibilbidearen berri emanez. Bere bizitza ezagutzeko ezinbesteko bihurtu zen hitzaldi hori, nolanahi ere, Gabriel Arestiri esker.

Gabriel Arestik 1975eko urtarrilaren 27an erabaki zuen Euskaltzaindiaren bilera batean gogoraraztea euskal emakume idazleei aitortza egitea beharrezkoa zela. Handik sei hilabetera hil zen Aresti, eta, agian, hori izan zen bere azken kultur ekintza. Dudarik gabe begirada zabala eta argia erakutsi zuen, oso modu intuitiboan, konturatu baitzen etorkizunak emakumeokin zuen zorraz; eta, era berean, arrazoi osoa izan zuen gogorarazterakoan iraganarekiko begirune eta aitortzarik gabe ezin dela etorkizunik duinik eraiki. Hori guztia, behintzat, aitortu behar zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.