Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Argia

2025eko abenduaren 21a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

2013a zen The Knife taldeak Bartzelonako jaialdi handi batean emandako kontzertuak hautsak harrotu zituenean. Dreijer anai-arrebak Shaking the Habitual disko haluzinagarria aurkeztera zihoazen eta agerikoa zen etxean entzun zitekeen hura zuzenean aurkezteak erronka itzela behar zuela. Horren zen bihurria eta atzemanezina! Oholtza gainean, musikariek baino gehiago, dantzariek hartu zuten protagonismoa eta, instrumentuei heltzen zietenean ere, denak koreografia hutsa zirudien. Zenbaitek adarjotze inprobisatutzat hartu zuen hura. 

Esango nuke gaur egun emanaldi hark ez lukeela halako haserrerik eragingo. Kaliforniako Coachella jaialdi erraldoiko teknika arduradun nagusiak kontatzen du nola festibalaren historian eszenatoki gaineko PA delakoak gehitzen joan ziren, soinu potentzia geroz eta gehiago handituz, azken urteotan alderantzizko joera indartu den arte. Orain, bozgorailu horiek denek estali egiten dituztenez musikariek daramatzaten LED pantaila erraldoiak, goiko zoko batean ezkutatu behar izaten omen dituzte.

Irratia bideoak hil zuela diote, Tiktoken eta Instagramen nagusitasunak idatzizko testua ehortzi duela eta, dirudienez, musika ere akabatuko dute fokuek. Badakigu dena ez dela horren sinplea, dena den. Argi estroboskopikoen aurkako gerra ez da kontu berria. Gorka Urbizuri irakurri genion orriotan ez duela despistatzen duen ezer nahi: ez pantailarik, ez argiteria deigarririk. Utikan parapetoak. Aluk Todolo frantziarrak urrunago doaz eta bonbilla bakar bat eskegitzen dute sabaitik euren zuzenekoetan. Hautu bortitzena egin dutenak elektronikaren munduan kultuzko estatusa duten Autechre ingelesak izan dira, halere. Haien kontzertuen aurretik honako oharra jartzen dute pantailetan: «Autechreren emanaldian argiak itzalita egongo dira. Mesedez, toki berean geldi egoteko planifikatu eta ez mugitu beharrik ezean, kontzertua amaitu eta argiak berriz piztu artean. Mesedez, ez piztu argirik laguntzarik behar ez baduzu behintzat». 

Esperientzia bakan horren laginak Youtuben dituzue ikusgai, gezurra dirudien arren. Pantaila beltz bati laguntzeko bada ere, nahi ala ez, musika oro baita soinu banda irudiaren garaiotan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.