Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Arreta

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Egunerokotasuneko inguruko soinuekiko lotura handia sentitu zuen umetatik Pauline Oliverosek (AEB, 1932-2016), eta haien entzuketa kontziente eta arretatsuan oinarritu zuen bai bere soinu sorkuntza, eta baita bizitza bizitzeko bere modua bera ere. Entzute-erretiroak egiten zituen, eta egun osoz aditzen zuen inguruak zekarrena. Adibidez: lantegi urruneko makinen burrunba, gertuko iturriko ur txorrotaren marmar pindartsua, etxera sartzen den haize boladaren txistua, eta hark mugitutako atearen kirrinka eta gortinen zurrumurru leuna... Bere soinu propioak ere sortzen zituen, noski, baina kontzientzia horretatik abiatuta egiten zuen dena, inguruan gertatzen zenaren eta berak sortzen zuenaren arteko elkarrizketa ardatzean jarrita. Askotan aipatu izan zuen bere burua ezagutzen laguntzen ziola praktika horrek, eta oreka eta barne ongizatea ekartzen zizkiola. Deep Listening jarri zion izena egoteko eta egiteko modu horri, eta, momentu batetik aurrera, nahi zuenari transmititzen hasi zen.

Eta ikastekotan, aritu beharra dago, praktika bat delako Deep Listening. Ez dago ulertzerik jardutearen bidez barneratuta ez bada. Horregatik, idatzita utzi zuen nahi zuenak praktikan jarri ahal izateko ariketa sorta bat. Ariketa horiek begiratzen ari nintzela topatu nuen 1980ko hau, Open Field izenburuduna. Halaxe dio: ┬źEguneroko bizitzan; irudi batek, soinu batek, mugimendu batek edo leku batek arreta ematen dizunean, har ezazu momentu hori esperientzia artistiko modura. Bila ezazu haren testigantza uzteko moduren bat, horretarako egoki deritzozun edozein tresna edo baliabide erabiliz. Parteka itzazu esperientzia horiek gainontzeko pertsonekin, eta segurta ezazu edozeinentzat eskuragarri daudela┬╗. Hau da nik interpretatzen dudana: zerbaitek arreta eman badigu, geuretzat baliotsua den zeozer dagoela hor, eta kasu egin behar diogula. Arretari arreta jarri behar diogula, eta gainontzekoekin partekatuz elkarrengandik ikas dezakegula.

Neurri batean, egun sare sozialetan egiten duguna gogoratzen du. Soinuekin ez hainbeste, baina irudiekin barra-barra egiten dugu, batez ere irudietan oinarrituta dagoen eta orain oso boladan dabilen sare horretan. Bertan argitaratzen direnak halakoak izan ohi dira gehienbat: paisaia eta egunsenti ikusgarriak, lagunarteko topaketa zoriontsuak, urrutirako bidaien testigantzak edota tatuaje berri-berriak... Alegia, intentsitate handiko momentuak edo ohiko monotonia apurtzen dutenak. Baina beste batzuetan, egunerokotasunak bere baitan dituen xehetasun txikiak ere argitaratzen ditugu: ohe ondoan botatako galtzerdiek ausaz hartu duten forma, beira zati baten eta ur tanta baten distira, harkaitz baten kolore gorrizta eta inguruko goroldioa, eta abar. Ohiko bilakatu da sare sozialak halako esperientzia artistiko edo estetiko txikien bildumak ere izatea. Huskeriak direla pentsatu ordez, seinalatu egiten dizkiegu geure kontaktu eta jarraitzaileei. Argazki-kamera dakarten sakelako telefonoak existitzen ez zirenean, edo fotografia digitalik oraindik ez zenean, argazkiak atera eta gordetzea gauza handia zen, eta ez genien halakoei hain sarri tiratzen. Ohitura berriak etorri dira orain, eta Oliverosek proposatzen zuenaren antzeko zerbait gertatzen da eskala handian. Sekula baino gehiago jakin dezakegu beste askori zerk ematen dion arreta. Elkarrengandik ikasteko funtzio hori betetzen da, besteen begirada nolakoa den ezagutzen eta ulertzen laguntzen duelako.

Ifrentzua zein den oso argi dago, ordea. Tarte huts bat izan orduko, erraz heltzen diogu eskuko telefonoari, eta horren kontrako norabidea seinalatzen zuen Oliverosek: hutsuneak betetzen ibili ordez, hutsune horiek entzuten ikastea. Hainbeste fotografiatzeko eta zabaltzeko ohitura horrek arreta galarazten digu, zatikatu egiten duelako, eta ezer berezirik espero ez duen lasaitasun batean egon ordez, esperientzien ehizan eta erakusketan ibiltzeko jarrera bultza dezakeelako.

Esan ohi den bezala, baditu denak alde onak eta txarrak, eta orain eskura ditugun tresna eta baliabideek ere bai. Esan ohi den beste zerbait da erabilera arduratsuan dagoela gakoa, baina kontziente izan behar dugu tresnen euren ezaugarriak ere badirela zer, eta eraldatu egiten gaituztela. Lehentxeago esan bezala, praktika da Deep Listening, eta ez dago ulertzerik jardutearen bidez barneratuta ez bada. Praktikan jartzen duguna eraldatzailea da guretzat, eta, argazkiak ateratzen eta zabaltzen ari bagara, moldatzen gaituzten ekintzak dira horiek ere. Eragina izango du inguruari begiratzeko dugun moduan eta geure arreta motan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.