Ismael Manterola
Begiz

Arte liburuak

2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Neure buruari debekatu diot liburu gehiago erostea. Badakit Durangoko Azoka ate joka dugunean ez dela propagandarik egokiena, baina etxeak ez du gehiagorako ematen. Hala ere, ez daukat hainbesteko arazorik liburu arruntekin edo literaturarekin, nire benetako arazoa arte liburuak dira, horretan nahiko tsundoku naiz. Garai batean, inprimatutako materiala ezinbestekoa zen gure irakasle lana aurrera eramateko. Gaur egun, liburuen garrantzia ukatu gabe, material birtualak ordezkatu ditu irakaskuntzarako erabiltzen genituen baliabideak. Adibidez, lanean hasi nintzenean, ohikoa zen oso garestiak edo lortzeko zailak ziren liburuak fotokopiatzea. Gainera, irudien iturri handiena erakusketa-katalogoak eta liburu espezializatuak ziren. Diapositiben munduaz hitz egiten ari naiz, bai; gazteentzat retroaren xarma duen euskarri berezi eta exotiko hori. Zenbat lan joan den zakarretara azken urteetan garbiketa bakoitzean diapositiba kutxak bota ditugunean! Liburuetako irudiak aukeratu, propio erositako tramankuluetan (besoak deitzen genien) argazki kamera jarri, argazkia atera, errebelatzera eraman eta, azkenik, eskoletarako erabiliko genituen diapositiba erdipurdikoak lortzeko.

Egunotan liburutegiak hutsak dauzkagu. Inork ez du liburuen beharrik artelanak ikusteko, dena (mundu osoa) pantailan azaldu daiteke hatzak egindako ukitu erraz baten bitartez. Esan daiteke artea pantailaren bitartez ezagutzen dugula. Lehen, artelanen argazkiak ikusten genituen arte liburuetan, horrek zituen arazoekin (kolorearen gorabeherak, tamaina imajinatzeko zailtasunak eta abar); orain, artea, baita zuzenean ikusteko aukera dugunean ere, pantaila baten bidez ezagutzen dugu. Artearen esperientzia zeharo aldatu da, edo beharbada, ez dago artearen esperientziarik, dena pantailara mugatzen dugu. Nola sumatu espazioaren sentsazioa pantailaren bidez? Nola jaso artelan batek dituen ñabardura guztiak gure eskuko telefonoan?

Seguru asko, ikusle finak edo sofistikatuak izatetik edozein gauzarekin konformatzen den ikusle izatera pasatu gara, edo halako bihurtu gaitu teknologiak. Ez daukagu astirik ñabarduretan galtzeko, bat-bateko irudien identifikazioarekin nahikoa dugu abaila bizian doazen gure bizitza okupatuetan. Gauza bera gertatu zaigu beste zentzu askorekin ere. Egunerokoan entsalada, pizza edo hanburgesa azkar batekin moldatzen gara, eta bakarrik noizean behin eta asko ordainduta oparitzen diogu geure buruari afari eder bat.

Finean, ez gara konturatzen agian artearen oinarria ñabarduretan dagoela eta horrek aberasten gaituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.