Cira Crespo.

Atzegoardiak

2025eko ekainaren 8a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Badira hor bi ipuin nire gogoan, nolabait ere, lotuta datozenak. Lehenengoa Raymon Carverrena da, eta uste dut Robert Altmanen Short Cuts izeneko filmean agertzen dela. Istorioa honako hau da, gutxi gorabehera: gozogile bakarti batek urtebetetze pastel bat egin du enkarguz. Eta zain geratzen da, enkargugilea jasotzera noiz etorriko. Baina pastela egiten ari zen bitartean, urtebetetzea izan zuen ume horrek istripua izan, eta hil egiten da. Normala den bezala, inor ez da gogoratzen gozogileari abisu emateaz, eta han dago bera, bere pastelarekin, zain. Orduan, gozogileak umearen gurasoei deitzen die, baina ez diote hartzen, eskegi egiten dute telefonoa, isil dadin. Eta gozogilea geroz eta haserreago dago, geroz eta dei gehiago egiten ditu; mespretxuaren aurrean, bere onetik aterata dago. Baina telefonoz bestaldean, pastelaz gogoratzen ez diren gurasoak ere bere onetik aterata daude, tristura ikaragarri batek itota eta oso haserre, burutik nahastutako gozogile bat telefono joka jazartzen ari zaiela une ezin gogorrago horietan. Azkenean, etxetik irten eta gozogilearen bila abiatzen dira, gozotegira. Sutan, kontuak eskatzera, astindu bat ematera. Behin han, ez dut oso ondo gogoratzen nola den kontua, baina azkenean guztiak konturatzen dira gertatu denaz. Gozogileak barkamena eskatzen die, obradoreko mahaian esertzeko eskatzen die, eta kafea eta pastel batzuk eskaintzen dizkie, eta mahai inguruan eserita hizketan egiten dute, elkarri babesa ematen diote.

Aitortu behar dut nire senarrak kontatu didalako ezagutzen dudala istorio hau. Ez dut irakurri, gogorregia egiten zaidalako. Horregatik, akaso, zehaztugabetasun batzuk izango ditu arestikoak, baina, gutxi gorabehera, hau da ipuinaren ideia orokorra.

Robert Altmanen 'Short cuts' filmeko irudi bat —Raymond Carverren 'A Small, Good Thing' ipuinean oinarritutako pasartekoa da—.
Robert Altmanen 'Short Cuts' filma —Raymond Carverren 'A Small, Good Thing' ipuinean oinarritutako pasartekoa da—.

Beste ipuina Margaret Drabblek idatzi zuen. Esan dezakegu garai batean amatasunaren gaian espezializatu nintzela, eta asko irakurri nuen horren inguruan. Bueno, ba, garai hartan Margaret Drabbleen The Millstone (La piedra de moler, Alba, 2013) eleberria irakurri nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Amatasunari buruz irakurri dudan eleberri interesgarriarena da niretzat, amatasuna ikusteko nire moduarekin bat egiten duena. Egileari buruz gehiago jakiteko asmoz, bere ipuin bilduma irakurri nuen gero: A Day in the Life of a Smiling Woman (Un día en la vida de una mujer sonriente, Impedimenta, 2017). Han dago nirekin beti daramadan ipuina.

Emakume batekin hasten da eszena. Ez duzu asko behar konturatzeko bere bizitza gizon jazartzaile batekin partekatzen duela, eta seme txiki bat daukatela. Bada, emakume lotsati horrek, edo hobeto esanda, emakume birrindu horrek, bere semearen urtebetetzerako opari on bat erosi nahi du. Denda baten erakusleihoan ikusitako gerra hegazkin eder eta erraldoi bat erosteko dirua biltzea lortu du. Beldur guztiak gaindituz, etxetik ateratzen da eta hiriren erdialdera joaten da. Aspaldi-aspaldiko partez, pozik dago, bere buruarekin pozik.

Dendaren sarreran auzi antibelizistarekin oso konprometitutako gazte militanteen bikote bat deskribatzen du idazleak. Pankarta bati eusten diote, denda horretan gerrako jostailuak saltzen dituztela salatzen duena. Orduan, emakumea dendara hurbiltzen denean —ez dut ondo gogoratzen zein zen, neska edo mutila— emakumeari kontuak eskatzera doa, modu txarrean galdetuz zergatik erosi behar duen jostailu kaltegarria. Emakumea oso minduta dago egoerarekin, erdi beldurtuta, ez baitaki nola aurre egin, zer erantzun, eta uste dut dendatik korrika ateratzen dela. «Beste porrot bat zure bizitzan», pentsatuko zuen.

Testuinguruari erreparatzen diogu? Ez ditugu gehiegitan atriletik irakurtzen etxetik idatzita daramatzagun diskurtso politikoak, aurrean zein dagoen kontuan hartu gabe, agian?

Zergatik dauden bi ipuin horiek nire buruan lotuta? Ez dakit oso ondo azaltzen, egia esan. Esango nuke, alde batetik, dela pentsatzen dudalako ez dugula ahaztu behar gizartean bizi garela, ez gaudela bakarrik, eta kontuan hartu behar dugula beti ez dakigula zein zama daraman bakoitzak bere gainean. Hori hasteko. Baina, gero, batez ere bigarren ipuinak pentsarazten dit nola egiten ditugun gaur egungo diskurtso politiko batzuk. Testuinguruari erreparatzen diogu? Ez ditugu gehiegitan atriletik irakurtzen etxetik idatzita daramatzagun diskurtso politikoak, aurrean zein dagoen kontuan hartu gabe, agian? Abangoardia hitzarekin ez zaigu ahoa gehiegitxo betetzen, atzegoardia hitza erabili behar genuenean? Agian, ona litzateke galdetzea norbere kautan zein diren bakoitzaren minak eta arazoak, eta gero hortik abiatuta egitea politika eta diskurtsoak? «Galdetuz ibiltzea» esaten zuten duela asko zapatistek Chiapasen... eta «obedituz agintzea», hori ere esaten omen zuten, baina agian hori beste gai bat da.

Bukatzeko, pixka bat transzendente jarriko naiz agian, baina niretzat argi asko izan beharreko gaiak dira. Plinio idazle erromatarrak idatzi omen zuen: «Deus est mortali iuvare mortalem». Hilkorrak hilkorrari laguntza ematea, hori da Jainkoa. Niretzat ideia hori elkarbizitzaren eta pentsamenduaren printzipio ezin besterenduzkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.