benat sarasola
Lauhazka

Baikortasun premia hau

2026ko maiatzaren 3a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken bolada honetan bolo-bolo entzuten dugu etorkizun positiboak imajinatzeko ezinak bizi gaituela. Genero distopikoak ugaritu direlarik, hala literaturan nola ikus-entzunezkoetan, etorkizuna ezin dugu, agidanez, modu katastrofikoan baizik irudikatu: katastrofe klimatikoa, katastrofe politikoa, katastrofe ekonomikoa… Horren harira bada Fredric Jamesonen aipu aski sonatu bat: «Errazagoa da munduaren akabera irudikatzea kapitalismoaren akabera irudikatzea baino». Marka da gero, baina esaldi horrek dirudien baino egia sakonago bat islatzen duelakoan nago: giza bizitzen dominazio kapitalista erraietaraino dugula sartuta, imajinazioa ere kolonizatzeraino.

Ezintasun horren aurrean, ezkerraren hainbat sektoretan baikortasunaren aldarriak entzuten dira maiz, hots, hain justu etorkizun positiboak imajinatzen hasi behar garela berandu baino lehen, literatura optimistagoa idazten, bestelako irudimen bat eraiki behar dugula. Borondate oneko aldarriak duda gabe, baina oxala eraldaketa politikoa gure aldartea indarka aldatuta lortuko balitz! Halaxe ikusten ditut nire inguruko batzuk optimismo behartu gisako batean, uste dutelako pesimismoa sistemari egindako opari bat besterik ez dela. Ez naiz hasiko zerrendatzen zeintzuk izan daitezkeen joera horren keriak, boluntarismo indibidualistatik subjektibismo moraleraino. Beste hainbat eztabaidatan bezala, arazoa ez baita optimismoaren edo katastrofismoaren (apokaliptikoen eta integratuen eztabaidaren remake-a dirudi) artean aukeratu beharra, ezarritako marko hori onartu beharra baizik.

Mundu digitalaren sorrera eta lehenengo garapen espektakularrak bizi izan genituenok adibide ona dugu horretan pentsatzeko. Ikusteko zeinen erraturik ibili ginen gutariko asko. Izugarrizko aukerak ireki zituen Interneten hedapenak, eta dominazio sistema honetan arrakala sakonak sortzeko abagune aparta ikusi genuen. Atzera-bueltarik gabeko prozesua zela esaten genuen, mundu digital zabal eta infinitu baten irekidurak ezinezkoa egingo zuela hura menderatzea: kultur eduki irekiak, enpresa handien nagusitasunaren galera, proiektu autogestionatuen ugaritzea, copyrightaren akabera. Ezinezkoa omen zen ozeanoari konportak jartzea. Uste dut badela garaia zeinen okerturik geunden aitortzen hasteko; nola gutxietsi genuen sistema kapitalistak bizitzak dominatzeko duen gaitasuna. Hasierako shock horren ondotik berehala berrarmatu ziren kultur industria handiak eta halaxe bukatu dugu denok, pare bat hamarkada ondoren, denagatik ordaintzen, gailu bati gakotuta eta plataformetan igerian. Horratx kapitalismoaren historia pixka bat arakatu duen edonorentzat ezaguna den mekanismoa: liberatzailea izatera deitua zegoena hara non bilakatu den dominazio tresna nagusia.

«Horratx kapitalismoaren historia pixka bat arakatu duen edonorentzat ezaguna den mekanismoa: liberatzailea izatera deitua zegoena hara non bilakatu den dominazio tresna nagusia»

Samir Gandesha pentsalari kenyar-kanadarrak hainbat klabe eman dizkigu gaur egungo faxismoa ulertzeko. Horien artean funtsezkotzat jotzen ditu plataformen bidezko kultur industrien hedapena eta «biolentzia algoritmikoa» deitzen duena. Ez da bakarra, jakina, asko dira azken urteotan plataformen kapitalismoaz dihardutenak eta seinalatzen dutenak zeinen menderatzailea den kultur industrien egungo bilbea. Gandeshak, neurri handi batean Teoria kritikotik edaten duenak, auzia ez du ikusten kultur industriak sortzen dituen salgai-obra konkretuetan, baizik eta sistema beraren egituratzean: «Kultur industria digitalizatuak eta algoritmikoki berreraikiak sakontasun handiagoaz moldekatzen du subjektibitatea kapitalismoaren fase berantiar eta neoliberal honetan».

Irakurketa sistemiko horien aldean errealismo politikoa aldarrikatzen dute batzuek: ados, oso ondo daude analisi teoriko horiek baina orain eta hemengo estrategiak behar ditugu mundu digitalean faxismoari aurre egiteko. Joko-zelaiari erreparatzen denbora galdu bainoago, zelaiko lehiak banan-banan disputatu behar omen dira (ikus Gabriel Rufianen diskurtsoa, adibidez). Alderdi politikoen logikan daudenek sarritan esan dizkigute halakoak, haien kezka nagusiak berehalakoak eta presazkoak direlako, arrazoi bistakoengatik. Eta, zoritxarrez, logika horretaz gainezka dugu egun espazio publikatua. Halaxe animatzen gaituzte bazter guztietan borroka egitera, gerra kulturalaren izenean. Baina akaso ez ote da gerra kulturalaren markoa bera desbideratze problematiko bat politika eraldatzaileentzat? Ez ote da gerra kulturala faxismoarentzat joko-zelai perfektua? Ez dut ukatzen streamer fatxa bati ematen zaion zaska ozen partikularrak gozamena eragiten digunik, baina nora garamatza horrek, zinez, istanteko gozamenaz harago? Ez ote gara maiz disputa horietan faxismoaren beraren lokatzean (autoritarismoa, punitibismoa, dogmatismoa) erortzen?

'The Road' filmeko (2009) irudi bat.
The Road filmeko (2009) irudi bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA