Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Begirada altxa

2026ko ekainaren 14a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbat iluntzea da, eta gaur, gutxitan gertatzen den bezala, etxean geratu naiz. Telebista jarri dut, plataformetan film baten bila hasteko ganorarik ez dudanez. Canal 24h katean Leon XIV.aren bisitaldia ari dira zuzenean ematen; bitan pentsatu gabe ahoratu dut pizza zati bat, eta aleluia, aita santuak gidatutako gaubeilaren hasierara iritsi naiz. Hori da, hain zuzen ere, gaurkoan aipatuko dudan filma. Gaurko zutabean ez dago gomendio zuzenik; bai, ordea, larunbat gauean telebista kate hartan ikusitako irudi-jarioak nigan utzitako arrastoa.

Madrilgo Prado museoan gordetzen diren bost margolanen irudi erraldoiek gobernatzen dute aita santuak okupatutako eszenatoki erraldoia. Inpresioa eragin dit artelan haien poderioa zeruaren pare antzemateak. Gerora irakurriko dudanez, Arrosarioaren Misterio Argitsuen pasarteen narrazioa irudikatzen duten bost momentu dira: Jesusen Bataioa, Kanako Ezteiak, Jesusen Predikazioa, Jesusen Antzaldatzea eta Azken Afaria, hain zuzen ere. «Pelikula bat, narratiba boteretsu bat, gidoi eder bat», pentsatu dut.  

(ID_16158825) ESPAÑA PAPA
Leon XIV.ak gidatutako gaubeila, joan den astean, Madrilen. J.J. GUILLEN / EFE

Telebista publikoak onduriko errealizazioak ere ez du huts egiten: gazte andana bat ageri da bertan bildurik —nondik aterako da hainbeste gazte sinestun?—. Haien aurpegien lehen planoak erakusten dituzte etengabe: argiztatuta, irribarretsu, goitik beherako begirada batean harrapatuta. Komunioan dirudite, bare, meditazioaren atseginean murgilduta. Begirada altxa izan da Leon XIV.aren bidaiarako aukeratutako leloa; «agian komeni da serio hartzea», pentsatu dut.

Bruno Latour filosofo eta antropologoak idatzi zuen erlijioaren egitekoa ez dela mundu ikusezin bati buruzko informazio gehiago ematea, baizik eta pertzepzioaren eraldaketa bat eragitea. Haren esanetan, erlijioak hauspotzen duen errebelazioa ez litzateke izango «zer dago ikusten den horretatik haratago?» galderari erantzutea; aitzitik, bestelako galdera bat proposatzen du: «Gai al zara zure aurrean dagoena ikusteko?». Galdera puskaz potenteagoa.

Latourren arabera, erlijioaren hizkuntzak —diskurtso zientifikoaren aldean— ez du datu berririk ematen, ezta ebidentzia zientifikorik ere; eskaintzen duena arreta modu bat da, munduari begiratzeko modu jakin bat. Horregatik, aita santuaren diskurtsoan dena doktrina dela esateko tentazioaren aurrean —doktrinarioa ere bada, jakina, baina ez hori bakarrik—, esango nuke bost irudi erraldoi haiek begirada hezteko pedagogia gisa funtzionatzen dutela. Izan ere, irudiek operazio bera proposatzen dute: mundua bera, bestelako sakontasun batez, berriz agerraraztea. Horregatik iruditzen zait galdera bakarra egiten dutela: gai al zara aurrean daukazuna beste modu batera ikusteko?

Eliza katolikoaren liturgiak duen sedukzio-ahalmenaren aurrean egiteko gutxi dagoela pentsatu dut. Hain da urria ezkerreko kulturak misterioari begiratzeko duen ohitura. Diagnostikoak, estatistikak, bidezko kausak eta argudio ideologiko sendoak eskaintzen badaki, baina, egiari zor, gutxitan lortzen du antzeko esperientziarik sortzea, norberaren barruko eraldaketa eragin dezakeen desira izpi horri forma ematea.

Eliza katolikoaren liturgiak duen sedukzio-ahalmenaren aurrean egiteko gutxi dagoela pentsatu dut. Hain da urria ezkerreko kulturak misterioari begiratzeko duen ohitura.

Baliteke horregatik areagotu izana azkenaldian lengoaia erlijioso jakin batzuen presentzia ustekabeko eremuetan. Ez dut uste gizartea bat-batean kontserbadore bihurtu delako denik. Gehiago da, nire ustez, gaur egungo gramatika politikoek nekez ase dezaketen esanahi-gose bat dagoela. Hala, katolizismotik oso urrun dauden ingurune filosofiko edo mediatikoetatik datozen zenbait pertsona ere interesatzen hasi dira honen inguruan —barkatu galdera: Ernesto Castro konbertitu al da?—. Ez nahitaez bere dogmengatik, baizik eta neurri batean duen indar sinbolikoagatik izan liteke. Izan ere, beste batzuek iritzia eskaintzen duten lekuan, erlijioak mundu bat eskaintzen jarraitzen du.

Esan gabe doa horrek ez duela katolizismoa alternatiba politiko bihurtzen, ezta haren oinarri ideologikoei egin dakizkiekeen kritikak baliogabetzen ere. Baina akaso behartzen gaitu deserosoa izan daitekeen ebidentzia bat aitortzera: gizarteak ez dira argudioez soilik elikatzen. Irudiez, sentikortasun partekatuez eta, azken batean, pertzepzioa berrantolatzeko gai diren esperientzia konplexuez ere eraikitzen dira.

Agian hori da Prado museoak gordetzen dituen koadroen irudi argiztatu horien proiekzioek utzi didaten ustekabeko irakaspena: kultur-gatazka erabakigarriena ez dela soilik fededunen eta fedegabeen artekoa. Aitzitik, oraindik begirada eraldatzeko gai direnen eta diskurtsoak administratzera mugatzen direnen artekoa ere badela. Eta Madrilgo gau hartan, bederen, lehenengoek abantaila zutela iruditu zitzaidan; ez argudio hobeak zituztelako, milaka lagunengan begirada altxatzeko gai izan zirelako baizik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE