benat sarasola
Lauhazka

Belaunaldi arteko gudak

2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Literatur ikasketekin hasi nintzen garaian, erabat baztergarria zen literatur belaunaldien markoa baliatzea. Alde batetik, aski arbitrarioa baita belaunaldi bat noiz hasten eta noiz bukatzen den zehaztea. Bestetik, bi idazle garai berean jaiotzeak ezaugarri komun funtsezkoak izatera kondenatzen dituen ustea astrologiatik gertuago dago ikerketa literariotik baino. Espainiar historiografian sona berezia izan du belaunaldien markoak 98ko eta 27ko belaunaldien itzalaren ondorioz, baina aspaldi da, tabernako elkarrizketetatik harago, marko hori serioski erabiltzen ez dela.

Horregatik zait hain harrigarria azken urteotan hainbeste arrakasta eduki izana, kultur analista eta komunikabideetako hainbat soziologoren artean, denaren arrazoia belaunaldien arabera esplikatu nahiak. Ni neu ere ez ote nintzen horretan erori Lauhazka honetarako idatzi nuen lehenengo artikuluan, duela bi urte. Izan ere, badirudi edozein eztabaidaren gakoa urliaren zahardadean edo sandiaren gaztetasunean dagoela: bata zaharregia dela ez dakit zer fenomeno berri ulertzeko eta bestea, ordea, gazteegia, bizitzaren laztasunak ezagutu gabea eta, honenbestez, ezjakina.

Analia Plaza kazetariak La vida cañón: La historia de España a través de los boomers liburua argitaratu berri du eta dendetan egon aurretik ere bolo-bolo zebiltzan haren ingurukoak espainiar hedabideetan. Ez dut irakurri baina berehala izan dut belaunaldi arteko guden markoan idatzia izan delako irudipena; hortik izaten ari den arrakasta, hortik boteprontoan eragiten didan galbana. Baina kultur kritikarietatik harago, analista politiko ongi jarriak ere ikusi ditut azken asteetan estatistikak erakusten: boomerrak bateko, millenialak besteko, Z belaunaldia…

Kulturalki inoiz baino homogeneoagoak eta sozialki inoiz baino desparekoagoak garen honetan, nola da posible gu belaunaldiei begira egotea, hori denaren funtsa izango balitz bezala?

Dena belaunaldika sailkatzea beti izan da orokorkeriarako bide errazenetakoa, jende multzo heterogeneo bat ezaugarri aski ausazko eta apetatsu batera murrizten baita, baina gaur egun are zentzugabeagoa begitantzen zait. Ziur aski kulturalki inoizko garai homogeneoenetan bizi gara, algoritmoaren mandatupean denok, gazte zein heldu, erreferentzia bertsuetan igerian: El Conquis, La isla de las tentaciones, Netflix, Prime Video, Joel Dicker, Carmen Mola, Ibai Llanos, Patry Jordan, crossfit, kalistenia, Luis Miguel Tour 2024, Mitoaroa… Ekonomikoki, aldiz, datuek diotenez kapital metaketa inoizko handiena da. Kulturalki inoiz baino homogeneoagoak eta sozialki inoiz baino desparekoagoak garen honetan, nola da posible gu belaunaldiei begira egotea, hori denaren funtsa izango balitz bezala?

Batzuentzat gazteekin ez dago zereginik: mugikorrek abduzituta bizi dira, pantailei pega-pega eginda. Baina ez ote gaude denok igualtsu? Garapen teknologiko deskontrolatuak ez ote gaitu denok, gutxi-asko, bultzatzen itsas hondo beltzera? Urteak dira eskolak 20 urte inguruko ikasleei eta 60 urtetik gorakoei ematen dizkiedala, eta mugikorraren erabilera klasean adin guztietan dago zabaldua, ez soilik gazteengan. Faxismoa ere gazteetan ari omen da hedatzen. Ez al duzue ezagutzen behiala intelektual erreferente ezkerrekoa izan eta egun faxismotik ez oso urruti dabilen (gehienetan, gizon) erretxindurik?

Beste batzuek boomer direlakoak jotzen dituzte gaitz guztien jatorritzat. Diotenez, boomerrek dena izan zuten eskura: lanpostu finko ongi ordaindu bat, bigarren etxebizitza Mediterraneoan edo Jakan, erretiro bikainki ordaindua… Ez al duzue ezagutzen lanpostu finkorik eduki ez duen boomerrik? Bigarren etxebizitza eduki ez duenik? Pentsio minimoa kobratzen duenik? Belaunak hautsi arte lan egin duenik (etxean zein lantokian)? Nahieran bidaiatu izan omen dute kanpora boomerrek, baina turismo masifikatua ez ote da duela hamarkada batzuetatik hona zabaldu den fenomenoa, adin tarte guztietara majo zabaldua gainera?

Gudatxo hauek, mundu digitalak hauspotutako botere-sinbolikoen borroka txepelen aldaera bat izateaz landa, urbaniton kontutxoak ez ote diren, gainera. Xiberoa kantuz loraturik dokumentalean, belaunaldien arteko elkarlan kulturalaz galdeturik, Ihitz Iriartek dio aski kontu naturala dela beretzat hori, txiki-txikitatik egin duela kantuan eta dantzan gazte eta adinduak nahasturik, denak pare-pareko.

Guk belaunaldi arteko gudekin katramilaturik jarraitzen dugun bitartean, multinazional bateko CEO ile urdindua eta kriptomonetetan dirutza irabazi berri duen gazte bizargabea imajinatzen ditut koktel bat edaten jatetxe garesti bateko erreserbatu batean, modan dagoen (eta gu ere harrapatuta gauzkan) Netflixeko azkeneko seriea komentatzen. Garaiaren seme-alabak gara, baiki, baina bizi gaituen garaiarenak batez ere, ez jaio ginenekoarenak.

(ID_17591359223205) Xiberoa kantuz loraturik dokumenal-emanaldia
'Xiberoa kantuz loraturik' dokumental-emanaldiaren irudi bat. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.