Cannesen estreinatu zen 2023an. Special screenings (hots, emanaldi bereziak) horietako batean. Badira hilabeteak Iparraldeko irakurleek eskura duten Premiere Max plataformako bilduman dagoela. Oraintxe, sanferminak hasi berritan zirela, Hegoaldekook helmenean daukagun Filmin plataforman sartu dute; hamaika gogoeta piztuz, bazterretan alboratu izan ohi diren hainbat gai zakar argitara ateraz, idolotzat, ikurtzat, eredutzat, inspiraziotzat dugun ziento bat idazleren ospea zenbateraino den zikina salatuz. Bai, aitor dezagun, idazle horiek gustuko ditugu azken bizitzaren muturrak ukitu bazituzten. Baliteke, alta, muturreraino joate horren truke pagatu beharreko prezioa euren arimak eta besteen gorputzak zikintzea izatea…
Cannesen estreinatu ondoren gaur gure etxe barruko pantailetara ekar dezakegun filmaren amaieran Janis Joplin entzuten da kantari: «I feel it's time somebody told you, 'cause you got to know/ That all you ever gonna have to count on/ Or gonna wanna lean on/ It's gonna feel just like those raindrops do/ When they're falling down, honey, all around you/ Oh, I know you're unhappy» (Norbaitek esateko ordua iritsi dela uste dut, zuk jakin behar duzulako/ Norengan bilatu nahiko duzun babeslekua/ Euri tanta horiek bezala sentituko da/ Laztana, zure inguruan erortzen ari diren bitartean/ Badakit ez zaudela pozik).
Ez, Janis ez zen balada tristatu hori kantatzen lehena. Aspaldiko kanta dugu, 1931koa. Bada ere errotak baino itzelagoak ziren arerio, mamu eta min frankoren aurka borroka egin zuen Nina Simone musika-frankotiratzaile hark bere estreinako diskoari jarri zion izenburua…
Little Girl Blue-z ari natzaizue, garaiak, unibertsoak, ilunpeak zeharkatu dituen esamoldeaz. Blue neskatoa triste, mindua, ezkutuan dago. Ez du babesik. Inon ez. Inoiz ez. Inorekin ere ez. Ninak bazuen horren berri. Janisek ere bai.
Bazuten sentsazio horren berri familia bereko sekulako hiru emakumek, deabru eta jainko ororen kontra aritu ziren (askotan galtzaile suertatuz): Monique Langek, Carole Achachek eta Mona Achachek. Azken horrek, aurreko bien erretratua egiten digu Filminen eta Premiere Maxen duzuen Little Girl Blue pelikulan. Laguntzaile paregabeak ditu bertan, Marion Cotillard aktorea, esaterako. Konplize bikaina, bai, baina, aldi berean, kontakizunean pisu gehiegi hartzen duen lehiakide zebagaitza. Marionek Monaren ama gorpuzten du pantailan, tour de force ikaragarri batean.
1950eko hamarkadako sanferminetan, ez dakigu zehazki noiz, gizon aldra, samalda, saldo batek bortxatu zuen Monique. Inoiz ez da inon bortxaketa horren berri azaldu, baina zeinen ondo baieztatzen duen notiziak Iruñeko kaleetan Miura zezen dotore horiek baino askoz arriskutsuagoak diren ar talde ez duinak ibili direla beti
Horrek ez du, alta, garrantzi handiegirik. Ikuslea ezustean harrapatzen duena narrazioa bera da. Letrazauritua bazara emozioak, tristeziak, izuak, harridurak jota uzten zaitu, zu masakratzeraino.
Monique Lange idazlea, gidoigilea, aktorea eta editorea izan zen. Roberto Rosselliniren laguntzailea, Claude Lelouchen kidea, Espainiako historia ofiziala, identitate faltsutua, azpikoz gora jarri zuen Juan Goitisoloren emaztea. Miguel Delibes zein Ana Maria Matute nobelagileen lanak Frantzian ezagun egin zituen.
Bilobaren filmean agerian geratzen da 1950eko hamarkadako sanferminetan, ez dakigu zehazki noiz, gizon aldra, samalda, saldo batek bortxatu zuela Monique. Inoiz ez da inon bortxaketa horren berri azaldu, baina zeinen ondo baieztatzen duen notiziak Iruñeko kaleetan Miura zezen dotore horiek baino askoz arriskutsuagoak diren ar talde ez duinak ibili direla beti.
Latza izan da familia horretako emakumeen patua. Moniqueren senarrak abortatzeko gomendatu zion haurdun zegoela jakiterakoan. Moniquek onartu ez eta Carolez erditu zen. Carolek mila eta bat bizitza bizi izan zuen, dena emanda, asko galduz ere. 12 urte zituela amak miresten zuen Jean Geneten abusu sexualak jasan zituen. Moniquek horren estimu handian zuen Pantera Beltzen, Palestinaren eta Baader Meinhofen alde agertu ohi zen idazle perbertso (zentzurik onenean, zentzurik txarrenean, erabilitako hitza da) hark ezer ez salatzeko gomendatu baitzion alabari.
Zineman, argazkigintzan, prostituzioan eta drogetan ibilia, Carolek bere buruaz beste egin zuen 2017an.
Alabak jakin nahi du. Ulertu ere. Alaba, Mona, zinemagilea da eta Marokon du jatorria. Marokon, bai. Pelikulan azalduko du Juan Goitisolok amorante zuen Marrakexeko gizonak bortxatu zuela, Monak 14 urte zituenean. Askok miresmenez irakurri dugun autoreak isilik geratzeko eskatu zion neskatoari. Esan, esan zuen gertatutakoa kulturen arteko diferentziek eraginiko zerbait baino ez zela.
Monak entenditu nahi du. Hiru belaunaldi ezberdineko familia bereko hiru emakumek, patu berdina zergatik izan zuten konprenitu. Zergatik hirurek, nahiz eta kulturalki hain maila altukoak izanik, isiltasunaren legea (omertá, gogoan?) hartu zuten ontzat.
Gogoeta horretarako aukeratutako zinema planteamendua, filmaren eszenaratzea izugarri aproposa, interesgarria da. Little Girl Blue ez da orbanik gabeko pelikula, akats bakoa. Behin baino gehiagotan sumatzen duzu bere buruarekin harroegi.
Ez, baliteke perfektua ez izatea. Ezin, ordea, ezer aurpegiratu Monari. Bazterrak astinduz, lekuko izandako etxe isolatu eta huts horren barrenetan ezkutuko lo batean ziren mamuak dantza makabroan jarri ditu pelikulak.
