begona del teso
Iritzia

Berlingo zerua, beltza; Berlingo lurra, zuria

2026ko otsailaren 25a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Non? Berlinen, non bestela? Hartuko al lukete milaka belek munduko beste hiririk aterpe eta abiapuntu? Ariko al zuen mantso-mantso elurra zutik geratzen diren Harresiaren hainbat zatiren gainean? Beste nongo kultura edo politika erakundek izango luke debeku, legezko debeku, genozidio hitza erabiltzea —egia esatearren, Nazio Batuak ere ez dira ausartzen, garbiketa etnikoa baino ez dute erabiltzen salaketa moduan—.

Zein beste zinema jaialdi izan zen sortua banatuak ziren bi mundu desberdinen arteko zubiarena egiteko?

Zein izan da, hamarkadetan zehar, zinema jaialdirik politikoena, politizatuena?

Trakets esandako eta gaizki hartutako Wim Wendersen hitz dorpe batzuk eskandalubide bihurtu ziren Berlinale 2026koaren atari. Esan omen zuen hiriaren beraren ikurra den Der Himmel über Berlin filmaren egileak zinemak ez zuela inoiz mundua aldatuko. Ez zuela halako ahalmenik, indar nahikorik. Ulertu zuten askok Alice in den Städten lanaren autoreak apolitiko gisa jokatzen zuela, uko egiten ziola zinemak gizakiekiko, munduarekiko, unibertsoarekiko aspaldian sinatu zuen konpromisoari.

Segun eta nolakoak zure desirak eta intentzioak, gaizki konprenitu nahi duzuna gaizki entenditzea erraza da oso, eta egia esatearren, Wendersek ez zuen asmatu, ez, bere mezua helarazten. Esan nahi omen zuena zera zen: zinemak ez du indar nahikorik genozidak, diktadoreak eta antzekoak geldiarazteko. Bai, ordea, gure barrenak astintzeko eta horien kontrako jarrera negoziaezinak hartzeko.

Hitzak hitz, eskandaluak besarkatu zuen Berlinale. Egiari zor, edonolako eskandaluz elikatzen diren horiek eta eskandalua elikatuz gozatzen duten besteak ez dira sarri aretoetan ikusten. Ez dute zeluloidea dastatzen. Nahiago dute, ez izan dudarik, haizeak harrotu, bazterrak nahasi.

Besteoi, axola gutxi zinema onena aspaldi zaharrean egin zuen 80 urteko maisu batek bristi-brasta botatako hitz hutsak. Guk zineman aurkitzen ditugu arrapostuak. Eta Berlingo aretoetan (Urania, Delphi, Filmtheater am Friedrichshain…), non eztabaidak eta hausnarketak biziak, sendoak, sakonak, sentsualak ere badiren, pelikulek aldarrikatu dute egia: zinema hor da mundua beldur ez dadin, ezkuta ez dadin, munduak jakin beharrekoa jakin dezan, mundu horren, horien, kontra jarduten dutenak salatzeko. Jakin dezaten zinema —baita ikusleak ere— atezuan, zelatan dagoela.

Besteoi, axola gutxi zinema onena aspaldi zaharrean egin zuen 80 urteko maisu batek bristi-brasta botatako hitz hutsak. Guk zineman aurkitzen ditugu arrapostuak

Aipatu saloi horietan —baita Zoo Palasten, Berliner Palasten, Hause del Berliner Festspielen edo Uber Musik Hallen ere— ikusitako zeluloide puskak ez dira inoren aurrean makurtu. Are gehiago, Iván y Hadoum-ekin Teddy saria eskuratu zuen Ian de la Rosaren hitzetan, izuaren aurka —mota guztietako ikararen, beldurraren, sarraskien eta terrorearen kontra, alegia— maitasunik basatiena eta erradikalena aldarrikatu behar eta ahal du zinemak arma, tresna, bandera gisa.

Eskandalua paperetan zegoen soil-soilik; aretoetan, berriz, muturreko proposamenak barra-barra: Everybody Digs Bill Evans, Die Blutgräfin, Chronicles from the Siege, Cesarean Weekend, Gelbe Briefe, Kurtulus, Good Luck, Have Fun, Don´t Die, River Dreams, Les âmes de Fouta…

Berlinale
Grant Geek Wim Wendersen eskutik jaso zuen Zilarrezko Hartza Everybody Digs Bill Evans filmagatik. CLEMENS BILAN / EFE

Ez izan ardura. Film horietan guztietan kemena, adorea, borrokarako grina agerian zen. Fartsa moduan zein serio. Erdialdeko Asian filmatuak ziren batzuk —horra hor zinemaldiaren azken aurkikuntza, Kazakhstanen edo Uzbekistanen sortutako zinema; gehienbat emakumezkoek eraikia…—. Afrikatik zetozen xuabe baina fier eta balent beste hainbat.

Gazteek eginak ziren hamaika eta bat. Sasoi betean dagoen 83 urteko Ulrike Ottinger bezalako andre txit gorenek landuak zirenak ere bilatu genituen Berlinen. Hain zuzen ere, maiatzaren 1ean Rosaliak kantatuko duen estadio erraldoian.

Eskandalua, Alemaniak sekula uxatuko ez dituen fantasmak esnarazi zituen eskandalua, kanpoan zen. Mantso-mantso estali zuen elurrak. Zinema jauregiko oholtzan ikusi genituen herri sakrifikatuen banderak eta pelikulak pantailetan. Bat egin zuten oihuek eta kamerek, zinemak ederki daki-eta zenbaterainokoa den bere indarra. Fartsa moduan. Serio. Debekupean. Libre. Bitartean. Zuri-beltzean. Hortxe beste erreibindikazio Berlingoa: gora zeluloide zuri-beltza!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA