Marta Garcia

Berriro ere jaialdi eta musika zahar horiek

2025eko abuztuaren 1a
04:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Zaharkitua ikusten dut Hamabostaldia. Kursaalean sartuz gero, zimurtu egiten da giroa: 1672an sortu zuen Jean-Baptiste Lullyk Pariseko Opera Orkestra; Gewandhauseko Orkestra, orkestra zibil zaharrena, 1743an fundatu zen Leipzigeko oihal etxea-n; Espainiako Orkestra Nazionala Errepublikako Gobernuak sortu zuen 1939an, Musika Hamabostaldiaren lehen edizioa izan zen urte berean; Easo Abesbatza urtebete beranduago bildu zen lehenengoz, eta ordurako jarduera bizia zuen jada Donostiako Orfeoiak, 1897tik kantuan. Haien artean, Euskadiko (1982) eta Valentziako Erkidegoko (2006) Orkestrek umetxoak dirudite.

Errepertorioan, noski, aspaldiko izenak, betikoak, XIX. mendeko obrak nagusi: L. V. Beethovenen 2. sinfonia, F. Mendelssohnen 3. eta 5. sinfoniak eta Walpurgiseko lehen gaua, G. Rossiniren Stabat Mater, P. I. Txaikovskiren Pianorako 1. kontzertua, A. Dvoraken Biolin eta orkestrarako kontzertua eta J. Brahmsen Requiem alemaniarra, besteak beste. Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko parada ere izango da Couperinen hilarria, La Valse eta Ezker-eskuarentzako kontzertua bereziekin. Eta eszenarik gabeko bi obra handi emango dira: tamalez, dekoratua eta mugimendua irudikatu behar J. Guridiren Amaya operan eta L. Bernsteinen West Side Story musikalean.

San Telmoko espazio zoragarria profitatzen duen Antzinako Musika Zikloan, zer esanik ez, atzera egingo du publikoak: Rodrigo Diaz de Vivarren testuingurua dakar Entrebescant taldeak, Barroko espainolera garamatza Ars Atlanticak, XVII-XVIII. mendeetako musika eta testuetara La Ritiratak eta Bachen intimotasuna irekiko du Bachcelona Consortek. Espazio berean, bitxiki, D. Xostakovitxek sortutako partitura tamainaz txikiagoez gozatzeko aukera izango da Ganbera Musika Zikloan. Eta, urtero legez, musika aitzakia hartuz, Senperen, Leiren, Araban eta Gipuzkoan barrena bidaiatuko du jaialdiak.

Aurtengo Organo Zikloak, berriz, nazioarteko izar eta tokiko artisten arteko elkarlan berriak pizteko bidean segitzen du, eta zenbait diziplina uztartuko ditu: ahotsa —abesbatzekin eta Miren Urbieta-Vega sopranoarekin—, dantza —Shin-Young Lee organista Verdini dantza taldearekin arituko da—, perkusioa —Paolo Oreni organistak Oreka TX taldearekin batera joko du— eta bertsolaritza —Jon Maiak eta Oihana Iguaranek Juan de la Rubia organista izango dute lagun, eta Ataungo organoa joko du hark, 250 urte baino gehiagoko instrumentua—. Gipuzkoako hoditeria pribilegiatuak hitzordu ugari argituko ditu.

Ez dira hain zaharrak, haatik, Musika Garaikideko Zikloan eskainiko diren obrak eta erabateko estreinaldiak (Silboberrik, Ensemble C Barre eta Kambrass taldeen eskutik), ez eta Haurren Hamabostaldirako sortu den opera berria ere, Iñaki Carcavillaren musika eta neure libretoa batzen dituena: Nizugu. Eta dantza ikuskizunak ere (Tabakalerako sorkuntzak, ballet flamenko eta garaikideak) errepertorioa zabaldu eta berrinterpretatzeko asmotan datozela dirudi.

Gizakia balitz, edadekoa litzateke Donostiako Musika Hamabostaldia. Uxatu baino, erakarri egin beharko gintuzke horrek, musikaren historia luzeaz eta berriarekiko duen begirada garbiaz ikasteko itxaropenaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.