1977 aipatu, eta rock alorreko edozein musikazaleri burura etorriko zaion lehen tximista «punkaren iraultzarena» izango da, ziurrenik (baldin eta artearen alorrean iraultzak gerta daitezkeela sinesten jarraitzen badu, behintzat). Eta egia izango da, noski: betiere aurrekariak bilatu badaitezke ere (agerikoena, Ramones taldearen lehen albuma, 1976koa), urte hartan argitaratu ziren, Britainia Handian, azpigenero berriaren disko fundazionalak (The Damned-en Damned Damned Damned, Sex Pistols-en Never Mind The Bollocks, The Clash-en homonimoa...), eta, batez ere, urte hartan bihurtu zen «fenomeno» soziokultural bat. Baina, eztanda hori guztia gertatzen ari zen bitartean, isilago, beste iraultza sotilago bat mamitzen ari zen, zeinaren oihartzunak, irudipena daukat, sakonagoak eta iraunkorragoak izan baitira: punkaren ostean etorriko zen amalgama horren guztiaren sorburuan egongo diren zenbait album, lehenago edo beranduago afterpunk delakora (garai hartan inguruotan deitzen genion bezala) edo postpunk-era (egungo sormarka ohikoena erabiltzearren) eramango zutenak, synthpop eta ambient alorreko deribatu ia guztietara bezala. Punka, dakigun bezala, laster agortu zelako, musika azpigenero gisa (aipatu ditugun aita fundazional horien guztien berehalako ibilbidea gogora ekarri baino ez dugu egin behar), eta eboluzionatzeko erregaia, batik bat, 77ko beste «iraultzatxo» honetatik atera zutelako askok. Zerrenda honetan 1977ko beste zenbait disko aipa nitzakeen (Iggy Pop-ek bere «berpizkunderako» grabatu zituen The Idiot eta Lust for Life, jakina, baina baita horren ebidenteak ez diren beste batzuk ere, hala nola Peter Gabriel-en bakarkako lehenengoa, Peter Hammill-en Over iluna, Kraftwerk-en Trans Europa Express, Talking Heads-en ‘77, Television-en Marquee Moon…), baina nik, koherentzia agian bizarro batez, beste hiru hauen alde egingo dut.

david bowie
Nekez aurkituko da, 70etan, Bowierenek osatzen dutena baino eragin handiagoko disko-sorta zabala. Eta glam-rock-a zedarritu, soinu afroamerikarrekin ederki jolastu eta bidean garatutako zenbait adikziotatik libratu ondoren, ibilbide oparo hori gerora Berlingo trilogia izendatuko dutenarekin biribildu zuen. Eta hasiera Low hau izan zen, Iggy Popen itzulera arrakastatsua erdizka konposatu ondoren, Frantzia eta Berlin artean ondu zuena, Brian Eno-ren laguntza erabakigarriarekin. Testuinguru horretan eragin handia izan zuen Berlinen egin zuen «erresidentzia» luzeak, Hansa grabazio-estudioen giroak eta krautrock delakoaren aurkikuntzak, Can, Kraftwerk, Neu! eta, batez ere, Harmonia eta La Düsseldorf taldeen diskoen bitartez. Emaitza soinu hotz eta zorrotzago bat da, batzuetan atmosferikoagoa, eta, batez ere, oso ezberdina une horretan rock alorrean nagusi zenarekin alderatuta. Hasierako instrumentala, Speed of Life, abisu ezin argiagoa da, eta ondoren kanta «konbentzionalago» batzuek jarraitzen badiote ere (What in the World, edo Sound and Vision eta Be My Wife singleak), LParen bigarren aldeak beste mundu batekoa dirudi, Warszawa monumentaletik hasita (Joy Division taldeak, esanguratsuki, hortik hartu zuen lehenengo izena, Warsaw) amaierako Subterraneans instrumental enigmatikoraino. Xabier Montoiak ederki ohartarazi zigun disko honen (eta Bowieren etapa honen) erabakigarritasunaz bere lehen liburuko lehen poematik: «Batzuentzat/ Jesukristo gurutzera/ (lapurren artean)/ igo zenean,/ hasten da historia./ Beste batzuentzat, aldiz,/ Leninek —txapela kenduz—/ 'Botere osoa sovieterako'/ deiadar egin zuenean,/ Finlandiako geltokian./ Niretzat/ David Bowiek ilea moztu zuen/ egunean». Honetan, hain zuzen.

DONNA SUMMER
Donna Summerren karrera haize alde zihoan 70etako bigarren erdian. Bostonen jaiotako dohain handiko kantaria Munich aldean zegoen kokatuta urte batzuk lehenagotik, eta bertan gurutzatu zen Giorgio Moroder eta Pete Bellotte konpositore eta produktoreekin, disco musikaren «asmatzaileetako» batzuk: kolaborazio horretatik hit sorta luze bat sortu zen, dantza-aretoetarako musika menderatu zuena urte luzez. Elepe hau, dena den, berezia da bere ibilbidean. Alde batetik, lan kontzeptuala delako, eta ikuspegi nolabait historizista bat barneratzen duelako: pop musikaren azkeneko lau hamarkadak bildu nahi zituen, hurrenez hurren, I Remember Yesterday homonimotik hasita (40ko hamarraldiko swing aroa ekartzen zuena gogora), Love's Unkind-ekin (50etako oihartzun spectortarrarekin) eta Back In Love Again-ekin jarraituz (azken horren erreferentzia 60etako Motown soinua zen), B aldean 70en hasierako funk-soulera hurbiltzen zen bitartean (Black Lady) eta, ondoren, «bere» aroko bi kanta gehitzen zituelarik (Take Me erabat discoa, eta Can't We Just Sit Down (And Talk It Over) baladoia). Nostalgia musikalak zeharkatutako gure garaian halako ariketa batek ez digu harridura berezirik sortzen, baina LPa argitaratu zen urtean, hori ezin da ukatu, bitxitasun ia abangoardista bat zen. Baina hori ez da dena: «iragana» eta «oraina» errepasatu ondoren, musikaren etorkizuna nolakoa izango zen irudikatu nahi izan zuten Summerrek eta konpainiak, eta (ADI!) historiako kanta inportanteenetako bat sortu zuten, I Feel Love, berehala iritsi zena zerrenda britainiarretako lehen postura, eta ondorengo dantzarako musika elektroniko ia guztiaren sorburu bihurtu zena. Ez gehiago, ez gutxiago. Izan ere, gaur egun ipinita, garaikidea ez ezik, futuristikoa ematen jarraitzen du.

BRIAN ENO
Izan ere, legendak dio Brian Eno I Feel Love-ren singlearekin iritsi zela berak eta David Bowiek Berlinen konpartitzen zuten pisura (Low-ri jarraituko zion Heroes prestatzen ari zirenean), «etorkizuna entzun diat!» deiadarka, eta, hortik abiatuta, aipatu bezala, ondorengo postpunk eta musika elektroniko guztian. Eno karrera musikal sendoa eraikitzen ari zen: Roxy Music taldeko teklista gisa abiatu zuen (Bryan Ferry-k, egiten zion itzalaz ohartuta, bota zuen arte), eta berehala hasiko zen produktore bezala nabarmentzen (Talking Heads, U2 eta Coldplay-rentzat, besteak beste, jakina den bezala). Baina bitartean, kolaborazioen bidez eta hau bezalako bakarkako albumetan, pop musikaren posibilitateak hedatu zituen. Eta azken horien artean, hau da agian esanguratsuena, bere askotarikoena delako: hemen new wave petoa dago (XTCrena ere izan zitekeen King’s Lead Hat, Talking Headsen anagrama dena berez), pop esperimentazioa (No One Receiving, David Byrne-rekin egingo duen kolaborazioaren aurrekaria, edo Kurt’s Rejoinder), glam aroko oihartzun velvetarrak (Backwater), eta, batez ere, ambient musikaren abiapuntu izango ziren zenbait pieza (albumaren B aldean batez ere). Eno bazebilen hori esploratzen lehenagotik ere (1975ko Discreet Music eta Robert Fripp-ekin batera grabatu zuen Evening Star LPetatik, eta 1977ko bertako Cluster & Eno-n), baina hemen egituratuago eta, hein batean, publiko zabalagorako aurkeztuta ageri dira. Ez da harritzekoa nola hurrengo urteetan azpigeneroa definitu (eta izendatuko) duten diskoak etorriko diren, Enoren beraren eskutik: Music for Films (1978) eta Ambient 1: Music for Airports (1979). Gainera, Enok inoiz grabatu duen abesti triste eta ederrenetariko bat dago hemen, Here He Comes ebokatzailea. Must bat.