Gorka Azkarate.

Bi anai

2025eko azaroaren 30a
06:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joanes eta Xabat, Xabat eta Joanes. Aurtengo Nafarroakoa illarregitarren txapelketa izan zitekeela igartzeko ez zen puntako igarlea izan beharrik. Dagoeneko finaletan ohiko partaide izanik, koxka bat gora egin zezaketela espero zen, eta halaxe egin zuten. Saioa hasi orduko, zortziko nagusian elkarrekin aritzea egokitu zitzaien, billabesen konpainiako gidarien grebaren harira zerbitzu minimoak betetzea tokatu zaien langileen rolean kantatuz. Bereziki deigarria izan zen haserako bertsoaldia zer-nolako patxadarekin ondu zuten, milaka zaleren aurrean bainoago, etxeko egongelan bertsotan ariko balira bezala, batak besteari hitza kentzen ia, bukaeretan ez ezik betelanean ere perlak oparituz entzuleei. Buruz burukora elkarren parean iritsi ziren biak, nahiz eta inpresioa eman zuen Xabat goitik ote zegoen, bakarkakoan egin zuen irristada gorabehera. Azken txanpan, historiara pasatuko den buruz buruko gogoangarria oparitu ziguten bi anaiek: San Saturninoren eta San Ferminen rolean puntukako txinpartatsua osatu lehenik, eta Nafarroako ondorengo ustelkeria kasua prestatzen ari diren politikariena eginez plaza piztu segidan. «Beste tunelik ez al da egin / behar Nafarroan», «pixkat handitu beharra dago / Navarra Arena», «igual kartzelan egin beharko da / hurrengo tunela». Ganbarakoan helduleku sinesgarriak biek, irristada Xabatek bigarren bertsoan, artean lehenengo bertso gogoangarriak utzitako oihartzuna itzali gabe zegoela, eta apalago Joanes, mundutarrago. Azkenean, kasik berdinketa teknikoa, baina anaia gazteena nagusi. Bejondeizuela.  

Bereziki deigarria izan zen haserako bertsoaldia zer-nolako patxadarekin ondu zuten, milaka zaleren aurrean bainoago, etxeko egongelan bertsotan ariko balira bezala

Nafarroako txapela janztea zer den badakiten bi, Saioa Alkaiza eta Julio Soto, hirugarren eta laugarren atzo. Barrutik kantatu zuen betiko moduan Alkaizak, bertsoaldi bakoitza azkena izango balitz bezala, eta goia jo zuen bakarkakoan, txikitan egurra eman zion irakaslearen eskela egunkarian irakurri eta poztu denaren larrutik. Irudiak sortuz film labur gogoangarria eraiki zuen hiru bertsotan. Ofizio batzuetako zenbait bertsotan zehaztasun apur bat falta izan zitzaion agian buruz burukoan kantatzeko txartela lortzeko. Laugarren Soto, baina aspaldiko Soto itzaliena ikusi genuen atzo oholtza gainean. Maila goreneko bertsolaria dela kontuan hartuz, saiotik kanpo egonda ere, bertso onak kantatu eta puntuak pilatzeko gai da, edozein kasutan. Bakarkako hunkigarria egin zuen, baina ofiziotan oso gorabeheratsu ibili. Egun guztiak ez dira berdinak, ezta txapelketa guztiak ere.

Eneko Lazkoz bosgarren atzo; gozakaitz sumatu genuen sakandarra saio osoan, gauza asko esan nahiak akats teknikoak egitera kondenatuta zenbaitetan, eta bertsoaldiaren arrastoa galduta tarteka, bakarkakoan kasurako. Buruz burukoan protagonista izan da aurreko aldietan, baina atzo urrun ibili zen aukera horretatik. Sarai Roblesek bakarkako hunkigarria ondu zuen ganbaran bideo zinta zaharrak aurkitu dituenaren larrutik; lehenengo bertsoan gaia kokatu, eta entzuleoi oilo ipurdia eragin ziguten beste bi ale, ondoren. Aipagarria Xabatekin batera soldaduska berreskuratu dezaketela-eta osatu zuen bertsoaldia ere. Eta atzo debuta egin zutenak, Ekhiñe Zapiain eta Eki Mateorena, zazpigarren eta zortzigarren, hurrenez hurren. Halako plaza handiak ez zituen kikildu eta ausart aritu ziren kantuan, neurria hobeto hartu bazioten ere bakarkakoari ofiziotako lanari baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.