Ez da gizalegea, ez. Azken finean, heriotzak dakarkizun on bakanetakoa zera da: zu zerraldoan sartu orduko edo errauts bilakatu bezain pronto, egin duzun gauza txar ororekin, erakutsi duzun debilidade osoarekin, izandako hanka sartze denekin ahazten da gizateriaren gehiengoa.
Ez da, ez, oso elegantea. Hildakoek ezin baitute euren burua defendatu (beldurrezko zineman bai, baina ez gara horretaz ari oraingoan). Traizio hutsaltzat ere har daiteke zendu berri den baten kontra gaizki esaka aritzea (ez baldin bada, jakina, sarraskiak agindu, herriak zapaldu, emakumeak bortxatu dituen norbait, jakina...). Are gutxiago kontuan harturik gutako bat zela.
Zergatik gutako bat? Marrazten zuelako? Pelikulak egiten zituelako? Iheslaria zelako? Parisen bizi zelako eta Andaluziako Kordoba hiria maite zuelako? Frantziako Ohorezko Legioa onartu ez zuelako? Ahal den neurrian (sekula nahikoa ez da neurri horretan...) libre jardun zuelako bai amodioan bai eguneroko aferetan? Nik, egiari zor, Marjaneri gutako bat deitzen diot gehienbat 13 urte zituenetik erre egiten zuelako. Badakit zuetako asko, hilezinak bilakatzeko asmo zoropean, ahazturik zaudetela tabakoa libertatearen eta iraultzaren ikurra izan dela (eta dela). Hor konpon. Zeuen hobe beharrez ari zaretela sinisten baduzue, eutsi. Hilerrian elkartuko gara. Zuek sasoian hilik, gu tabakoaren beso deliziosetan eroriak...
Erretzen zuelako maite genuen Marjane ez zuten erretako zigarretek hil, malenkoniak baizik. Horrexegatik ere gutakotzat dugu. Hain behar du ederra izan tristeziak jota hiltzeak! Hain xuabe, hain gozo...
Ez, ez da zuzena. Ados. Baina, neure irudiko, are doilorkeria handiagoa litzateke hil berri den horrek egin duen guztia aparta, bikaina, sekulakoa izan dela idaztea. Egin zuen hori guztia ezagutu barik, errepasatu barik. Izan ere, gaurko gorpu orbangabeek akats zikinak egin zituzten atzo, hezur-haragizko bizidunak zirenean.
Bai, Marjanez ari naiz. Marjane Satrapiz. Heriotza liburu, ohar eta kanta guztietan goraipamen ezin ederragoak jaso izan ditu bere Persepolis lanak. Bai zuri-beltzezko tebeo formatuan, bai animaziozko zinemarenean. Merezitako goraipamenak, kasik inork ukatuko ez dituenak...
Alta, inor gutxik errepasatu ditu bere beste zinema hautuak. Eta ez esan aurkitzeko zailak direnik. Ia denak Filmin eta Premiere Max plataformetan daude, eta falta den hori, Andaluziako Kordoban hamar egun eskasetan filmaturiko La bande des Jotas delakoa, horren ilun, horren sakon, horren tentagarria den Deep/Dark Webean surfean arituz gero, turkieraz mintzatua aurkituko duzue...
Poulet aux prunes Venezian estreinatu zuen. 2011n. Izugarrizkoa zen aktore taldea: Maria de Medeiros, Isabella Rossellini... Baina oraingoan zuzena da oso liburua (komikia) nahiago izan genuela esatea. Sinesgaitza gertatu ere, Marjanek sekula ez zituen ez menderatu, ez etxekotu, ez gailendu zinemaren narrazioaren exijentziak.
Neure irudiko, are doilorkeria handiagoa litzateke hil berri den horrek egin duen guztia aparta, bikaina, sekulakoa izan dela idaztea. Egin zuen hori guztia ezagutu barik, errepasatu barik
Era berean, ezer apartekorik ez du 2020ko Radioactive-k. Marie Curie zientzialarien biografia horretan akats bera oraingoan ere, biopic ia guztien ohiko aje eta flakeziak agertzeaz gain, txarto, trakets kontatua dago dena, eta tontamentean, oso malamentean muntatua. La bande des Jotas zeluloidezko ahoberokeria ergela da. Konplize egiten zaitu Marjanek road movie honetan, baina beti zaude jakinaren gainean, eta, erritmoa izan arren, dorpea da arras.
Hala ere, La bande des Jotas baino okerragorik bada Satrapi maitatuaren filmografian. Justu bere azken filma, 2024ko Paradis Paris delakoa. Frantziako hiriburuari eta bizitzari berari egindako maitasun kanta izan nahi zuen pelikula horretan ere, muntaketa oso-oso-oso oinarrizkoa da, kopiatu-itsatsi, itsatsi-kopiatu bat. Besterik gabe.
Beraz, Persepolis-ez gain, ez al dago ezer salbatzerik? Bai, majoa, ganberroa, guapo-guapoa den Voices hori. Bertan, bere biktimak kasik nahi gabe hiltzen dituen serieko hiltzaileari bere katuak eta bere txakurrak egiten diote berba, bere paranoia, txikitako trauma eta antzeko gaitz ororen aurkako pilulak hartzen ez dituenean. Zeluloide puska horretan, zentzua badu gaizki gobernatua izateak...
Sentitzen dut erretzaile persiar maitatuaren kontra aritu izana, baina kopetaraino naukate boteprontoan botatako hil kantuek. Zer? A, beste emakume bat aipatzen dudala goiburuan eta ez dudala tutik ere esan berari buruz? Kontua da Marjane Satrapirekin akordatzen naizen bakoitzean, A Girl Walks Home Alone at Night film izugarri eta matxinoa egin zuen Ana Lily Amirpour etortzen zaidala burura. Zergatik? Auskalo. Agian bere filmaren afixan Persepolis-en estetikaz baliatu zelako guri erreklamu egiteko.
Marjanek bezala, Iranen ditu sustraiak Ana Lilyk. Marjanek bezala, pelikula on bakarra egin du. Marjane ez bezala, bizirik da. Eta lanean. Pozten naiz. Gustatzen zaizkidalako bakarrik eta gauez etxera bueltatzen diren neskak. Bizirik edo hilik izateak ez digu inporta.
