garbine ubeda goikoetxea
Durangoko 58. Azoka

Bidaia magikoa

2023ko abenduaren 7a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Hitzordua hurbildu ahala, sentsazio kate berberak uzkurtzen nau urtero.

Banator, jaiegunak kamioiz eta jende presatuz hustu duen bidean barrena, bakardadearen abaroan kantari, patxadaz, eta bake horretan, ahaztua dut ordularia, ahaztuak ditut eguneroko zamak eta ardurak. Ahaztua dut, baita nora helduko naizen ere. Bolanteak baino gehiago, nostalgiari eskaini diodan musikak gidatzen nau, eta ahanzturak; zeharkatzen ditudan paraje iradokorretan integratzen naute biek, naturalki, orain zelai blaituetan ardi, orain teilatu gainetan dabilen txolarre. Aurrea hartzen didaten auto apurrek ere, nik neronek bezala, espazio-denboraren deskuido dirudite.

Putz epel baten bultzadaz doan xaboi burbuilaren antzekoa naiz, hortaz. Hain noa arin, hain solte, hain aereo... Harik eta ordainlekura iritsi, eta alboko biribilgune handi zentrifugoak badatorkidanaren zantzuak erakutsi dizkidan arte. Lasai ederreko aldarte fantastikoak zorabiora egin du bira. Eta Landako begien aurrean agertu ahala, berriz, eldarniora.

Aurten, nire bizitza luzean estreinakoz, Landakoko sabelaren barrendik bizi izan dut azokaren lehen segundotiko inbasioa —lanera datorrenaren abantailetako bat—. Irudia haluzinantea da, Juan Ramon Madariagaren poema liburu berria etorri zait akordura. Hari esker, halako harrotasun pozgarri batek hartu nau bat-batean: Jada ez naiz neguko merkealdiko lehen egunean pagotxaren bila El Corte Inglesen arrapataka eta bultzaka sartuko den oportunista sentitzen. Orain bufaloa naiz, animalia suhar eta bezaezina, alajaina, eta nire habitatetan nago, bizi arnasa ematen digun aldran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.