Badago Robert Kramerren Milestones filmaren irudietan bizitzaren aldeko pultsu bat: nola kontatzen dituen zuzendariak bizitza zinez gogorrak eduki dituzten pertsonen istorioak —bestalde, bizitza bera—– pertsonaiekiko distantzia berezi horren bidez. Ez dago parekorik.
1970eko hamarkadaren amaieran, AEBetako zinema independenteak garaiko gizartea galdekatzeko premia larria zuen. Mugimendu kontrakulturalek argitutako ametsak higatzen hasiak ziren: Vietnamgo gerraren arrastoa bizirik zegoen oraindik, eta borroka politiko askok ez zuten promestutako etorkizun hura ekarri. Hala, mugimendu iraultzaileek, desilusioak jota, hasiak ziren militantzia politikoaren formak zalantzan jartzen. Testuinguru horretan sortu zen Milestones (1975), Robert Kramer zinegilearen lanik erradikalenetako bat: fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak etengabe zeharkatzen dituen film-bidaia eta belaunaldi baten kontzientzia politikoaren erretratu sakona.
Kramer New American Cinema mugimenduko figura nagusietakoa izan zen, Jonas Mekas bezalako egileekin batera. Mugimendu horrek Hollywooden eredu industrialari aurre egin nahi zion, bai formalki baita ideologikoki ere. Kramerrek argi utzi nahi izan zuen harentzako zinema ez zela objektu estetiko autonomo huts bat: kamerak pentsatzeko eta posizio politiko bat hartzeko balio behar zuen. Zinema ez zen errealitatea irudikatzeko tresna soil bat, alta, errealitate horren baitan esku hartzeko modu bat zen.
Filmak ez ditu pertsonaia horiek epaitzen, ezta idealizatzen ere; haien kontraesanak, noraezak eta desgogoak agerian uzten ditu, eta hor dago, nire ustez, modu inplizitu batean, bizitzaren aldeko hautu erradikala.
Milestones ez da kontakizun egonkor bat —ez dio egitura narratibo agerizko bati jarraitzen—, ez eta protagonisten inguruan eraikitako ohiko istorio bat ere. AEBak zeharkatzen dituzten pertsonaia askotarikoen ibilbideak jarraitzen ditu nolabaiteko giza mosaikoa sortuz: aktibista ohiak, intelektualak, militante politikoak, langileak, komunitate alternatiboetan bizi diren pertsonak. Denak dira, modu batean edo bestean, 1960ko hamarkadako borroken ondorengo desilusioaren lekuko. Filmak ez ditu pertsonaia horiek epaitzen, ezta idealizatzen ere; haien kontraesanak, noraezak eta desgogoak agerian uzten ditu, eta hor dago, nire ustez, modu inplizitu batean, bizitzaren aldeko hautu erradikala. Bizitza ez da inoiz errazkeriaz tratatu daitekeen zerbait.
Eskertzekoa da, horretaz gain, filmak ez duela iraganarekiko nostalgiarik erretratatzen. Ez dago iraultzaren aipu heroikorik, ezta balizko garaipen baten aldeko aldarririk ere. Aitzitik, galdera deserosoak planteatzen ditu: zer geratzen da borroka kolektiboetatik, garaipen argirik lortu ez denean? Zer esan nahi du iraultza hitzak, eguneroko bizitzaren gorabeherek idealak lausotzen dituztenean? Nola bizi konpromiso politikoa familia-harremanetan, lan prekarioetan edota giza isolamenduan?
Era berean, denboraren trataera funtsezkoa da Milestones pelikulan. Erritmo geldoa, eszenen iraupen luzea eta etengabeko desplazamenduak sortutako egitura ez da kasualitate hutsa, baizik eta auzi horien inguruan hausnartzeko modu kontziente bat. Are gehiago, esango nuke erritmo horretan eraikitzen dela garai zehatz horretan zegoen noraez hori bera: ez dago presarik, ez eta klimax dramatikorik ere ez. Hala, denbora historikoak eta denbora pertsonalak gurutzatzen dira etengabe, eta filmak erakusten du nola proiektu kolektiboek arrasto sakona uzten duten gorputzetan zein giza harremanetan.

Esan bezala, Milestones lan askatzailea eta erradikala da. 16 milimetrotan filmaturiko irudi inperfektuek, soinuaren trataerak, kameraren presentzia agerikoak —etengabean mugitzen deneko modu hori— eta edizio zatikatuak ez dira gabezia teknikoak; kontrara, posizio politiko baten adierazpena dira: ikuslearen partetik konpromiso apur bat behar da hori guztia sostengatzeko, alta, arreta, pazientzia eta inplikazio intelektuala eskatzen duen filma da honakoa.
Gaur egun Milestones ikusteak ez du balio historiko hutsa. Gaurko krisi politiko, ekosozial eta ideologikoaren testuinguruan, filmak oraindik eskaintzen ditu, nire ustez, oso beharrezkoak diren galderak: nola mantendu koherentzia politikoa sistema eta biziera kontraesankor batean? Nola bizi desilusio politikoa zinismoan erori gabe? Nola transmititu memoria kolektiboa belaunaldi berriei, dogmatismorik eta nostalgiarik gabe? Kramerrek ez zuen manifestu ageriko bat egiteko asmorik, oraindik orain airean dilindan diren dilementzako espazio bat sortu zuen. Eta horixe da, hain zuzen ere, Milestones-en indar handiena: bizitzak jarrai dezan, bizitzak berak dakarzkien galdera deserosoekin zerbait egiteko saiakera.
'milestones'
Zuzendaria: Robert Kramer
Urtea: 1975
Ikusgai: Youtuben.