Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Bulldozerrak 'on fire'

2026ko irailaren 20a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer dute komunean Frankensteinen munstroak eta Urzainkin joan den abuztuan piztu zen suteak? Bingo! Biei eman zien bizitza tximista batek. Oinaztargi batek. Iñaztura zioten garai bateko urzainkiarrek. 

Sutea abuztu erdialdean piztu zen, Gazpar haitzean, arratsaldeko ekaitz batek utzitako tximista baten ondorioz. Arriskurik ez, zioten egunkari eta albistegiek, herriguneetatik urruti mantentzeko arazorik ez zutela izanen. Zer pentsa eman zidan arriskua perimetratzeko zera horrek. Gizakikeriak, pentsatu nuen. Suteak zailtasun bat zuen, ordea; haitzak ziren nagusi inguruan eta bertaratzea zaila zen. Halere, azkar itzali zuten helikopteroen laguntzaz. Baina jainkoak egin bezala, «hirugarren egunean berriz piztu zen». Eta orduan bai, komeriak. Sua, kea, errautsa, suhiltzaileak, boluntarioak: «Kazkabarra eta sua erori ziren lurrera, [...] eta lurraren herena, zuhaitzen herena eta belar heze guztia kiskalirik gelditu ziren».

Normalean udan liburu potoloak irakurtzen ditut, eta agian aurreko erreferentzia biblikoek pentsaraziko dizute aurtengo udako liburu potoloa Biblia izan dela. Baina ez. Aurtengo uda literarioki desberdina izan da, zeren igaro dut denbora anitz suteei buruz irakurtzen. Bideoak ikusten. Suteei buruzko albisteak bilatzen. Horri esker jakin dut sutea itzaltzeko modu eraginkorrenetako bat sua piztea dela (kontrasua), belaunaldika sailkatzen direla suteak, eta gure garaikoak 6. belaunaldikoak direla, orain artekoen artean arriskutsuenak, eta 6. belaunaldiko sute hauek hain arriskutsu direla gizakiok ezin itzal ditzakegulako, eta meteorologiak bakarrik egin dezakeelako. Are, 6. belaunaldiko sute hauek meteorologia alda dezaketela, eta suzko hodeiak sortu: pyrocumulus-ak. 

Halaber, herrian han eta hemen entzunez jakin izan dut helikopteroek 500 litro garraiatzen ahal dituztela urrutitik alabaren piszinaren tamaina duela dirudien edukiontzi horretan; harria harriaren kontra erortzean, hain direnez bero, su hartzen zuela harriak berak; badirela urtxintxa bezala, jauzika aldaxkatik aldaxkara doazen suak (sute guztietan azkarrenak eta gaiztoenak), badirela sugea bezala sigi-saga dabiltzan lurrazaleko suteak, eta badirela sutearen ondorenean pinuaren barrenean itxoiten duten suak ere, motzondoan, erretxinan bildurik. 

Su hartzen duten harriak, lur barrenean itxoiten dakien sua eta suzko hodeiak... Ez dakit zuei, baina badirudi herrialde urrun bateko mito fundazional baten eszenatokia marraztu dela gure inguruetan, edo apokalipsiarena, edo nik zer dakit. Udako narrazioak. 

Su hartzen duten harriak, lur barrenean itxoiten dakien sua eta suzko hodeiak... Ez dakit zuei, baina badirudi herrialde urrun bateko mito fundazional baten eszenatokia marraztu dela gure inguruetan, edo apokalipsiarena, edo nik zer dakit. Udako narrazioak. 

Kontuak kontu, egun horietan egunkarian irakurri genituen ia albiste guztietan hitz egin zen Urzainkin aritu zen bulldozer bati buruz: helikopteroak bai, brigadak ere bai, baina bulldozer makina gau eta egun lanean, bidea irekitzen. Eta bulldozer horrek eraman ninduen Oihan Beltzera zuzen-zuzenean, bai, Europako pagadi zabalenera, gure Irati basoaren ahizpa nagusira, eta are zuzenago Martin Heideggerrengana. Ez Heidegger imajinatzen nuelako pilotu lanetan edo mangera eskuan (hurrengo urteko udako narraziorako abiapuntu originala; nahi duenarentzat). Berak badu liburu bat, Holzwege izenekoa. Gaztelaniaz Caminos de bosque edo Sendas perdidas itzuli izan da. Irakasle baten bitartez jakin nuen liburu horren berri orain urte batzuk, eta berak kontatzen zigun nola, hasiera batean, liburu hori hartu zuenean mendibideak zituela buruan, GRak eta antzerakoak, hau da, mendizalearendako prestaturiko bideak (Holz = egurra, baina basoa ere bai; Wege = bideak). Baina gero jakin zuen ezetz: ez zirela zehazki mendiko-ibil-bideak, baizik eta egurginek mendietako egurra ateratzeko egiten zituzten bideak. Eta horiek badute berezitasunik: helmugarik gabekoak dira, tontorrera eramaten ez gaituztenak, mendiko zuriune batera ez bada. Finean, inora-ere-iristen-ez-diren-bideak. Abereek ere halako bideak egiten dituzte, eta gizakiak sarri tronpatzen gaituzte, eta amorrarazten: galdu egiten gara, edo behintzat, ez gaituzte eramaten guk aurretik pentsatua genuen lekura. Hortxe magia, baina.  

Bulldozerrak ere inora ez doan bidea ireki zuen. Inora ez doan, baina hari esker basoak arnasa hartu duena. Sua itzaltzeko balio izan duena. Eta horixe bera pentsatu dut udara hondar honetan: gure basoek bezainbeste behar ditugula geuk ere halako bulldozerrak; inora-eraman-ez-baina-suak-itzaltzeko-zuriuneak-irekitzeko-arnasteko-hausnartzeko-bizitza-entseatzeko baliatuko ditugunak. 6. belaunaldiko oldarraldiak, hondamendiak, krisialdiak, beroaldiak, apokalipsialdiak datozen honetan (baina noiz ez da izan garai apokaliptikoen aldia?), nola egin bestela?

(ID_17872324704695) Urzainki herrian piztutako sutea.
Suhiltzaile talde bat, Urzainkitik gertu piztutako sutea itzaltzeko lanetan, joan den abuztuan. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA