Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Bunkerrenea

2026ko maiatzaren 24a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Galder Izagirrek ba omen du musika egiteko behar duen guztia gordetzen duen lokal txiki bat Irunen. Bateria, gitarra, baxua, ordenagailua eta bestelako gailuak eskura ditu bertan, barrura sartu eta ordu luzez musikan gordetzeko. Badakit Koldo Otamendi Kojo-ri kontatu ziolako Musika zuzenean saioan, eta ongi oroitzen dut gela horri jarri zion izenak arreta piztu zidalako: Bunkerrenea.

Galderrek EITB Kultura saioan duela zenbait urte egin zituen kultur proposamenak ere deigarriak iruditu zitzaizkidan. Sumac taldea aipatu izanak harritu ninduen batez ere. Hirukote estatubatuarra atsegin baitut nik ere, baina musika gordina egiten dute, astuna eta bortitza izateaz gain, zaila ere badena; abesti luzeak dira, aldakorrak, esperimentalak, entzuleari kontzesiorik egiten ez diotenak.

Gomendioen hariari jarraikiz, Sumac taldeko gitarra jole eta abeslari den Aaron Turnerrek ere egin zituen bereak aldizkari espezializatu batean. Atsegin handiz irakurri nituen bere iruzkinak. Neurosisen Enemy of The Sun diskoa 16-17 urterekin etzanda eta kaskoetatik entzutean izan omen zituen sentipenen parekoak izan bainituen neuk ere, zer esan ez nekiela utzi ninduten doinu horiek adin bertsuarekin ezagutu nituenean. Zer zen hura? Ezin ordura arteko parametroen barruan kokatu. Musikan murgildu izana eta horrek ekarritako halako transzendentzia sentsazio bat aipatzen du beste zenbait diskorekin ere: Coltraneren Blue Train-ekin, Merzbowen zaratarekin, Earthen minimalismoarekin... Gerora, Hydra Head Records zigilua sortuko zuen Turnerrek, azken hamarkadetako muturreko diskorik esanguratsuenetakoak argitaratu dituena. 

Bunker bat norberarena, ez da igual horren lelo salgarria. Baina musikaren alderdi kolektiboan azpimarra jartzen ari garen garaiotan, barne bulkada indibidualaren indarra gogoratzea ez da zertan izan pertsona isolatuen iruditeria elikatzea, ezpada kulturaren eta desiraren ezinbesteko dimentsio bati muzin egin nahi ez izatea. Besteak beste, plazetatik urrun, itzalpean eta horma lodien abaroan hazi eta hezi diren horiek direlako sarri tematienak, antzeko zomorroekin sareak josten dituztenak, inork espero gabeko egiturak eraikitzeko gai direnak. Halakoetan ezohiko bazka topatzea biziraupen kontu bilakatzen baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA