Kosta Urdineko Zinemaldian orain arteko marka guztiak hautsi dira aurten: 52.000 izan gara eskaileretan gora, eskaileretan behera, ilunpez ilunpe, pelikulaz pelikula, terrazaz terraza ibilitakook. 52.000 akreditatu. Ez pentsa, ordea, zifra horiek betiereko direnik. 2027an 80 urte beteko ditu jaialdi honek, eta multibertsoan parekorik izango ez duten ikuskizun, ezbai eta polemikak espero dira.
Dagoeneko ari gara datorren urtekoaz, bai; 2026ko itxiera zeremoniatik egun gutxi batzuk baino pasatu ez diren maiatzaren 28 honetan. Dagoeneko egin dugu, egin ere, gure hoteletan, gure lorategidun txaletetan erreserba. Goizegi? Sekula ez. Ez al dakizue zeinen azkar pasatzen diren gauak eta egunak, zein atezu zorrotzean den beti heriotza, abandonatu ezinezko amorante hori? Berak erabakitzen du noiz etorri, noren bila. Zinemagileen Hamabostaldian izan zen izenburu ezin politagorik zuen pelikula bat, La muerte no tiene dueño (Herioak ez du jaberik). Venezuelako Jorge Thielen Armandek egina, non eta Venezuelan bertan (postprodukzioan ari zela bahitu zuen Trumpek Maduro...), errealismo magikoz, odolez, aspaldiko kondairez, erritual eternalez, natura gaindiezinaz, gizarte mailen arteko gatazkaz, arbasoen eta ondorengoen arteko arrakalaz, kolonialismoaren azken-aurreko aztarnez gainezka egiten duen western-thriller fantasmagoriko eta politikoa da. Izenburua du ederra, nork ukatuko? Erabatekoa, behin betikoa.
Hala izanik, Herioa jaun (eta andre) dugunok, herioaren zerbitzariak garela dakigunok, bere bila jardun dugu Cannesen barrena. Cannesen, bai. Non den-dena bihurtzen den eztabaidagai. Esaterako, Demi Mooreren beso gihartsuak! Bai, gogoeta sakonak eragin dituzte. 62 urte ditu epaimahaikide izandako aktoreak, eta, mehe-mehe badago ere, sasoian antzeman dugu denok. Alta, batzuek adi izateko aholkua pasatu digute; bueltatu ote da hezurrak baino ez diren emakumeen moda, estiloa, inperioa? Era berean, ezinbestekoa ote da beso indartsuak izatea inor ez ohartzeko hirurogeitaka urteko gizaki (emea) zarela?
Gogoeta horretan aritu direnek beste erreferente apartarik izan dute, beste gorpuzkera motarik, gorputz hori bera erabiltzeko bestelako modurik. Bai, asmatu duzue, afixetako Thelma eta Louiserenak. Pentsalari feminista ugarik (bai, horrelako gizakiak ere arrimatzen dira Cannesa) bien haragi-hezurrak hartu izan dituzte ahizpa guztien ahalduntze prozesuaren ispilu. Pozten gara. Nola ez? Baina ezer ez dugu Demi Mooreren adinaren, hezurduraren edo giharren kontra. Kostata irabazi du nahi duen hori bilakatzea. Ez al zuen horrexegatik eta horretarako The Substance hartu?
Ildo xelebre horretatik jarraituz, faltan sumatzen dugu eztabaida funsgabe bezain delizios horietan sekula agertzen ez den gai bat: Cannesko jauregi eta azoka zeluloidezkoa okupatzen duten gizonezkoen modarena, janzkerarena, alegia. Bai pena, Demiren jantzi eta muskulaturari erreparatu zieten guztiei eskapatu zitzaien Diego Cespedes epaimahaikideak erakutsi zuen frak desegituratua. Ikaragarri ausarta zen bere look-a, bai zabaleraz, bai altueraz itxuragabetua zen alkandora zuria jantzi baitzuen. Guk bai, guk erreparatu egin genion. Zergatik? Maite dugulako Diego. Zer dela eta? Donostiako Zinemaldian saria irabazi baitzuen bere El verano del león eléctrico laburrarekin. Eta iaz, ikusleen gorazarrea ere bai, ahaztezina zaigun La misteriosa mirada del flamenco-rekin.
Idatzitako guztiak gure helburutik desbideratzen gaitu. Zein bide da gure xedea? Heriotzaren presentziaren berri ematea, ez ahaztu. Izan ere, agerian izan da sarri inguruetan. Gure aldareetan dauden Pusher, Driver, Only God Forgives nahiz The Neon Demon filmen egilea den Nicolas Widing Fernek aipatu zuen kazetarien aurrean, istant luze batez izan zela behin... hilik. Izan ere, odola kontrako bidetik sartzen eta ateratzen zitzaion bihotzean. Jende askok ez du miresten Nicolas, eta Her Private Hell azken horretaz ez dute hitz polit bat ere esan edo idatzi. Guri bost. Guretzat, thriller neo-noir horren plano luze, pausatu eta hondorik gabe horietan guztietan maite dugun zinema perilosoaren muina dago.
Urrea eskuratu zuen Christian Mugiuk esan zuen moduan, orain eta hemen ezin jakin pelikula saridunen artean zeintzuek iraungo duten gugan eternitatean zehar
Antzeko zerbait gertatzen da (zaigu) Teenage Sex and Death at Camp Miasma izenburukoarekin. Hemen bai, hemen bazegoen herioa gure zain. Izenburuan ere bai. Queer Palma irabazi zuen La Croisetten. Epaileek, arrazoiz eta tentuz, eta La Bola Negra (estilo homoerotiko modaz pasea duen zinema puska hori, alegia) baztertuz, slasher ikaragarri makabro eta umoretsu horren alde egin zuten. Batek Jane Schoenbrunen filma «sikaliptikoa» dela idatzi zuen, seko zoraturik. Bada, bada, bada. Erotikoa, probokatzailea, lizuna (bai hitz adierazgarria!), pikantea.
Beste batek zioen bezala, gerta liteke aurtengo Canneseko filmik onena hori izatea... Ez, ez da eromenik. Azken finean, urrea eskuratu zuen Christian Mugiuk esan zuen moduan, orain eta hemen ezin jakin pelikula saridunen artean zeintzuek iraungo duten gugan eternitatean zehar. Zeintzuk zahartuko diren txarto, zeintzuk entziklopedietan hilko, zeintzuek salbatuko gaituzten, zenbat gordeko ditugun guk... Herioak ez du jaberik. Zinemak ere ez. Ezta Cannesen ere.
